Mikel Sainz de Buruaga kazetariak ez du ordaindu beharko Ertzaintzak ezarritako 602 euroko isuna. Hala erabaki du Cristina Ruiz Oteiza epaileak. Haren iritziz, epaiketan ez da frogatu isunak zigortutako ekintzarik: hots, ez da egiaztatu Hala Bediko kazetariak polizien agindu bat ez zuela bete nahi izan. «Zigortu nahi den arau-haustearen erruduntasun froga falta da», ondorioztatu du Ruiz Oteiza epaileak. Beraz, absolbitu egin du Saenz de Buruaga, eta Eusko Jaurlaritza zigortu du auzibideak eragindako kostuak ordaintzera. Epaia behin betikoa da, eta ezin zaio helegiterik jarri.
2017ko maiatzean jazotako gertakariengatik jarri zion isuna Ertzaintzak Saenz de Buruagari, mozal legea baliatuta. Kazetaria Hala Bedirako ari zen lanean, Gasteizko Errekaleor auzoko argindarra moztu zuten eguneko operazioaren berri ematen. Hainbat hilabete geroago, Ertzaintzak isuna bidali zion, ertzainen aginduen aurka polizia hesia apurtzeagatik. Hala Bedik erantzun zuen ez zuela isuna ordainduko, eta, areago, «amaierara arte» heltzeko asmoa agertu zuen. Hedabidearen esanetan, izan ere, Segurtasun Sailak jarritako salaketa argudio «faltsuetan» oinarrituta zegoen.
Albiste hau Berriak argitaratu du eta Creative Commons by-sa lizentziari esker ekarri dugu ALEAra. Jatorrizko albistea eta informazio osatuagoa hemen duzu ikusgai.