Mundu zabala, gertukoaren neurrira

Erabiltzailearen aurpegia Andoni Imaz 2019ko api. 5a, 12:04

'Mundutik mundua' liburua aurkeztu du Edu Zelaietak. / Pamiela

Arabatik eta Arabaz idatzi du Edu Zelaietak 'Mundutik mundua. Arabako hitzontzi baten kronikak' liburua. 50 kronika labur jaso ditu.

Dualtasunek eta bikoiztasunek badute lekua Edu Zelaietaren (Gasteiz, 1973) liburu berrian. Poeta baten saiakera liburua da, izenburu bikoitzekoa: Mundutik mundua. Arabako hitzontzi baten kronikak. Nafar izatearekin arabar izatearekin baino gehiago lotzen duten idazle baten kontakizun hibridoak, Arabatik eta Arabaz idatziak. Eroso sentitzen da dagoeneko «obsesio» ere bilakatu zaion «anfibiotasunean», natural. Atzo aurkeztu zuen liburua, Pamiela argitaletxeko Upaingoa sailak argitaratua, Jose Angel Irigarai editorea lagun.

Egileak azaldu zuen Bortzirietan (Nafarroa) beratarrek dutela hitzontziak izengoitia. Hark, ordea, bere buruari deitu dio horrela: «Isuri ditudan esanek ez didate mihia lehortu, eta hitzontziok ohi dugun temakeriaz, eta belarriak nekatzeko arriskua bazter utzita, begietatik sartzen ahalegindu naiz». Inguruan bizi eta ikusitakoetatik abiatu da liburua idazteko. Hala «literatur kutsuko» gogoeta osatu du idazleak, Irigarairen hitzetan. Idazleak esan du «kazeta girotik» datozela testuak, «baina hobe literatur kodean irakurriak badira».

Hiru ataletan banatu du liburua Zelaietak: hitzaurrea, ondorengo bilduma landuari azalpena emateko; hitzatzea, edo epilogoa, Karmele Jaiok egindako «kronikaren kronika»; eta, tartean, idazleak hitzontzia deitu ziona: kronikak, hausnarketa laburrak. 50 kronika dira guztira, eta alfabetikoki ordenatu ditu guztiak. Simetriaren bila, bi orrialde hartzen ditu bakoitzak; «Hor sartzen da literaturaren artifizioa».

Testu gehienek Arabako Hitza gehigarrian Zelaietak idatzitako Hitzontzia izeneko zutabeetan dute jatorria. Dena den, beste zenbait hedabidetan Arabaren inguruan idatzitako testu batzuetatik ere abiatu da beste gogoeta batzuk ontzeko. Euskaldunon Egunkaria-n eta Argia eta Geu aldizkarietan, hain zuzen.

Albiste hau Berriak argitaratu du eta Creative Commons by-sa lizentziari esker ekarri dugu ALEAra. Albistea osorik hemen duzu ikusgai.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago