Auzitegi Nazionala Lopez de Abetxukoren harrera ekitaldia ikertzen ari da

Erabiltzailearen aurpegia Gorka Berasategi Erostarbe 2019ko mar. 11a, 17:42

Jose Ramon Lopez de Abetxuko 2018ko uztailean askatu zuten. ETXERAT

Madrilgo epaitegi batek deklaratzera deitu ditu ETAren bi biktima, kaltetu gisa. Coviteren salaketa baten harira abiatu du ikerketa Auzitegi Nazionalak. Ustezko terrorismoaren goratzea eta biktimen umiliazioa ari da ikertzen.

Ramon Lopez de Abetxukoren harrera ekitaldia ikertzen ari da Auzitegi Nazionaleko Maria Tardon epailea. 2018ko uztailaren 5ean, espetxean 31 urte egin ondoren, Gasteizen egin zioten harreraren harira, Madrilgo 3. instrukzio epaitegiak deklaratzera deitu ditu Ana Velasco eta Eduardo Lazaro ETAren biktimak, kaltetu gisa deklara dezaten. Bihar dira deklaratzekoak.

Lopez de Abetxukoren harreran ustez terrorismoa goratzea eta biktimak umiliatzea ikertzen ari da Auzitegi Nazionala. Bi delitu horiengatik salatu zuen Covite biktima elkarteak ekitaldia. Covitek jakinarazi duenez, lehenengo aldia da epaile batek ustezko delitu horiek erasandako biktimak deklaratzera deitzen dituela.

Horrez gain, epaitegiak ekitaldiari buruz eta elkarte antolatzaileari buruz duten dokumentazioa eskatu die erakundeei. Lopez de Abetxuko espetxera kondenatu zuten epaiak ere aztertuko ditu, eta Ana Velascori eta Eduardo Lazarori prozeduraren parte izateko aukera eskaini die.

Lopez de Abetxuko iazko uztailaren 5ean irten zen Villabonako espetxetik (Asturias, Espainia), 68 urterekin. 31 urteko zigorra bete du osorik, nahiz eta kartzelan larriki gaixo egon den.

Albiste hau Berriak argitaratu du eta Creative Commons by-sa lizentziari esker ekarri dugu ALEAra. Jatorrizko albistea hemen duzu ikusgai.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago