Gregory Porter eta Regina Carter izango dira Gasteizko Jazzaldian

Erabiltzailearen aurpegia Mikel Lizarralde 2019ko mar. 10a, 04:29

Uztailaren 18an ariko da Porter. / G. Porter

Musika jaialdiari bide berriak emateko asmoa azaldu du zuzendaritza talde berriak. Uztailaren 16tik 20ra egingo da 43. jazzaldia

Gasteizko Jazzaldiak bere burua berrasmatzeko eta orain arte jorratu gabeko bideak zapaltzeko asmoa dauka. Hala azaldu dute Alberto Ibarrondo zuzendariak eta Iñigo Zarate presidenteak. Iazko jaialdiaren ostean, Iñaki Añua urteetan jazzaldiaren zuzendaria izan denak erretiroa hartu zuen, eta haren lekua hartu du Ibarrondok zuzentzen duen taldeak.

Norabide aldaketa horren lekuko dira aurtengo ekitaldirako zuzendaritza taldeak iragarri dituen lehen izenak, horietako asko orain arte Gasteizko Jazzaldian inoiz aritu gabeak. Horien artean Gregory Porter (Sacramento, AEB, 1971) kantariaren izena nabarmentzen da. Estatubatuar croonerra behin baino gehiagotan izan da Donostiako Jazzaldian, baina aurreneko aldia izango du Gasteizen. Ibarrondok azaldu duenez, Nat King Coleren kantutegian oinarritutako kontzertua egingo du Porterrek, baina urrian kaleratzekoa den disko berriko piezak ere interpretatuko ditu. Bi Grammy sari ere irabaziak ditu Porterrek, eta jazz munduan gehien laudatuetariko abeslari bilakatu da denbora laburrean.

Porter uztailaren 18an ariko da Mendizorrotzan, eta haren aurretik Regina Carter biolinistak (Detroit, AEB, 1966) joko du leku berean. Carterrek hainbat musikarekin egin du lan bere ibilbidean (Cassandra Wilson, Joe Jackson, Kenny Barron), baina, batik bat, bakarlari gisa egin duen ibilbideagatik nabarmendu da. Haren azkeneko diskoa Ella: Accentuate the Positive (2017) da, zeinean Ella Fitzgerald jazz kantariak landu zuen kantutegia landu zuen Carterrek.

Jazzaldia uztailaren 16an hasiko da ohiko gospel kontzertuarekin, eta, aurten, genero horretako talderik esanguratsuenetakoa izango da Mendizorrotzan: Golden Gate Quartet. Hurrengo egunean, berriz, eta Gasteizko Jazzaldiak berak bultzatuta, Marco Mezquida pianista kataluniarraren inguruan sortutako MAP hirukotea eta Gasteizko Udal Banda elkarrekin ariko dira. Kontzertuaren bigarren partean, berriz, Danilo Perezek, Avishai Cohenek, Larry Grenadierrek, Chris Potterrek eta Jonathan Blakek osatutako boskoteak joko du.

Jazza, antzokian

Mendizorrotza izango da aurten ere jazzaldiaren epizentroa, baina Principal antzokian ere egingo dituzte kontzertuak. Benny Golson saxofoi jotzaile beteranoari (Filadelfia, AEB, 1929) egokituko zaio programazioa hastea, eta jarraian oholtza berean ariko dira, uztailaren 20ra bitartean, Marco Mezquida, Nubya Garcia, Marta Sanchez Quintet, Iñigo Ruiz de Gordejuela eta Ambrose Akinmusire & Kool A.D.

Bestalde, Gasteizko 43. Jazzaldiaren kartela Helena Pallaresek egin du.

Albiste hau Berriak argitaratu du eta Creative Commons by-sa lizentziari esker ekarri dugu ALEAra. Jatorrizko albistea eta informazio osatuagoa hemen duzu ikusgai.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago