Laura Pardo: "Berezia da guretzat Kopa Gasteizen jokatzea; irrikaz gaude, baina lasai"

Erabiltzailearen aurpegia Ainara Arratibel 2019ko ots. 28a, 06:00

Laura Pardo RPK Araskiko kapitaina. / Argazkia: Araski

Gasteiztarra eta harrobiko jokalaria izanda, Espainiako Kopa berezia izango Laura Pardo RPK Araskiko jokalariarentzat (Gasteiz, 1989). Gaur jokatuko du Arabako taldeak final-laurdenetako partida, Cadi la Seuren aurka.

"Aspalditik buruan genuen eguna iritsi da. Azken egunetan tximeletak sumatu ditugu tripan, baina orain lasai eta gogoz gaude. Bigarren Mailan lehiatzen ari ginenean hau pentsaezina zen. Gauza handia da klubarentzat". Presiorik gabe jokatuko dutela berretsi du: "Zaleei gozarazteko asmoarekin irtengo gara, eta ondo lehiatzera. Disfrutatu egin nahi dugu, ezeri uko egin gabe".

Pardok uste du taldea "garai aproposean" iritsi dela Kopara. "Sasoi osoan oso ondo egin dugu lan, baina hainbat partidatan gorabeherak izan ditugu. Dena den, hilabete hauetan egin dugun lana emaitzak ekartzen hasi da sasoiko garairik erabakigarrienetako batean". Beren "nortasun ikurrak" berreskuratu dituztela uste du: gogor defendatzea eta kontraerasoan bizkor jokatzea: "Gernikaren eta Gironaren aurkako partidetan ikusi zen".

Zerrendaburuen artean azkena izan zen Cadi La Seu. Baina ez du uste horrek esan nahi duenik kontrario samurrena dela. "Sekulako denboraldia egiten ari da. Oso talde erregularra da, eta Gironari irabazteko gai izan den talde bakarra da. Hori bada zerbait". Araskiri, gainera, 55-69 irabazi zion Ligako partidan, Mendizorrotzan. "Ez da batere partida erraza izango". Haien indargunea talde jokoa dela gogorarazi du. "Ez dute puntu asko sartzen dituen jokalari bat, baina edozein nabarmendu daiteke arlo horretan".

Batez beste puntu asko sartzen dituen taldea da: 68,6 partidako, batez beste. "Baloia oso ondo eta bizkor mugitzen dute geldikako erasoan, eta, hori dela eta, jaurtitzeko aukera errazak topatzen dituzte. Gainera, bigarren aukerak ere oso ondo baliatzen dituzte, saskiratze errazak lortzeko. Beraz, defentsan baloi mugimendu bizkor hori oztopatu, eta errebotea oso ondo itxi beharko dugu". Partida "zoroa eta bizkorra" komeni zaie: "Haiek oso talde ordenatua dira, batez ere defentsan. Beraz, ezustean harrapatzen ahalegindu beharko dugu".

Oreka handia espero du Kopan: "Partida guztiak txikikeriengatik erabakiko dira, eta guretzat etxean jokatzea oso lagungarria izango da, zaleen bultzada erabakigarria izan daitekeelako". Titulua irabazteko hautagai bat aipatu du: Perfumerias Avenida. "Ligan Girona dago lider, baina Perfumerias Avenidak oso ondo indartu du taldea azken asteetan".

 

Albiste hau Berriak argitaratu du eta Creative Commons by-sa lizentziari esker ekarri dugu ALEAra. Jatorrizko albistea eta informazio osatuagoa hemen duzu ikusgai.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago