Arabako Aldundiak gogor kritikatu du beste behin oposizioak Batzar Nagusietan onartutako diru laguntza sorta. Jose Luis Cimiano Ogasun diputatuak ohartarazi du, EH Bilduk, Orain Arabak eta PPk onartutako neurrien ondorioz, 65 urtetik gorako 19.000 lagunek orain arte jasotzen zituzten zerga kenkariak galduko dituztela, eta ez dutela inolako diru laguntzarik izateko eskubiderik izango aurrerantzean. Halaber, diputatuak adierazi du, hileroko diru sarrera gordina 1.314 euro baino handiagoa duten adinekoek 340 edota 622 euro gehiago ordaindu beharko dutela datorren urteko errenta aitorpenean. "Kolektibo garrantzitsua da, eta asko kezkatzen gaitu".
Iragan astean onartu zituzten neurriak oposizioko hiru alderdiek Batzar Nagusietan. Onartu zuten, besteak beste, 2 milioi euroko saila bideratzea 65 urtetik gorakoei laguntzeko. Hots, zerga kenkariak erabili ordez, zuzeneko diru laguntzak ematea urtean 20.000 euro baino gutxiago irabazten duten adinekoei. EAJk eta PSEk osatzen duten foru gobernuak prest zuen errenta zergaren tasak inflazioaren arabera egokitzeko plana, baina erretiratu egin zuen bi neurriak bateragarriak ez direla iritzita. Izan ere, adinekoen laguntzez gain, haur jaioberriak dituzten familiei ere 250 eta 1.000 euro arteko diru laguntzak ematea adostu zuten. Bada, aldundiaren kalkuluen arabera, guzti horrek bost milioi euroko kostua ekarriko dio ogasunari.
Cimianok adierazi du oraindik xehetasun asko argitzeke daudela, nahiz eta esan neurriak ahal bezain azkar martxan jarriko direla. Horiek hala, familiek hilabeteko epea izango dute, gutxi gorabehera, haurra izateagatik jasotzeko laguntzak eskatzeko. Aldiz, 65 urtetik gorakoek datorren urteko urtarrilera arte itxaron beharko dute, arauaren arabera, eskaera egiten duten guztien artean banatu beharko baita bi milioiko saila.
"Gezurretan ari dira"
Oposizioak gezurretan aritzea egotzi dio aldundiari, eta aurreikuspenekin zuhurra ez izatea. EH Bilduren iritziz, "dimentsio handiegia" hartu du eztabaidak. Iñaki Ullibarri batzarkideak nabarmendu du, ez dela egia neurri berriek herritar batzuei soilik eragingo dietela: "Neurriak, batez ere, diru sarrera txikiak dituztenen aldekoak dira. 1.300 euroko pentsio ertaina jasotzen du adinekoen kopuru handi batek Araban. Baina horiek guztiak ez dira iristen 20.000 euroko langara. Gezurretan ari dira".
Albiste hau Berriak argitaratu du eta Creative Commons by-sa lizentziari esker ekarri dugu ALEAra. Jatorrizko albistea eta informazio osatuagoa hemen duzu ikusgai.