Espainiako Poliziak 36 urteko gizon bat atxilotu du Gasteizen, Ariznabarra auzoan. Polizia iturriek jakinarazi dutenez, jihadismoarekin lotura izatea leporatzen diote atxilotuari. Zehazki, "erakunde terroristako kide" izatea eta kide berriak lortzeko lanean aritzea egotzi diote. Goizean goizetik aritu dira poliziak atxilotuaren etxea miatzen, eta hainbat furgoneta eta auto dituzte inguruetan.
Abuztuan, ustezko beste jihadista bat atxilotu zuten Gasteizen, eta espetxeratu egin zuen Espainiako Auzitegi Nazionaleko Santiago Pedraz epaileak. Maiatzean, Donostian egin zuen Ertzaintzak beste atxiloketa bat, eta Andoainen ere atxilotu zuen gazte bat Guardia Zibilak, apirilean, ustez, EI Estatu Islamikoaren propaganda zabaltzeagatik.
Albiste hau BERRIAk argitaratu du eta Creative Commons by-sa lizentziari esker ekarri dugu ALEAra. Jatorrizko albistea eta informazio osatuagoa hemen duzu ikusgai.