Memoria kolektiboa, osatuago

Erabiltzailearen aurpegia Edurne Begiristain 2018ko aza. 24a, 12:02

Argazkia: HalaBedi

1976ko martxoaren 3an Gasteizko emakumeek bete zuten rola aztertu dute liburu batean. «Isildutako» ahotsak bildu dituzte

1976ko martxoaren 3an Gasteizen izandako borroketan emakumeek bete zuten rola ezinbestekoa izan zen. Enpresa ezberdinetako emakume langileena, etxean geratu zirenena, seme-alaba langileak zituztenena, zaurituak artatu zituztenena, aktibista feministena,... Haien bizipenak, ordea, «isilduta» egon dira urteetan. Orain arte. Gasteizko gizarteak emakumeekin duen zor historikoetako bat kitatu dute Zuriñe Rodriguez, Itziar Mujika eta Nora Miralles kazetari eta ikerlariek 3M: Memoria. Las mujeres de Gasteiz en la matanza del 3 de marzo de 1976 liburuan (Gasteizko emakumeak 1976ko martxoaren 3ko sarraskian). Emakumeen memoria berreskuratu dute, tragedia hura bizi izan zuten 21 andrazkoen lekukotzak liburu batean bilduta.

Intxorta 1937 kultur elkartearen eskutik argitaratu dute lana, Martxoak 3 elkartearekin elkarlanean. Egileek kontatu dutenez, liburuan bildutakoak baino lekukotza askoz gehiago jaso dituzte, eta horiei ere lekua egiteko asmoa dute aurreratzean. Paperezkoarekin batera, audioliburua ere prestatu dute, edukia herritar guztientzat «eskuragarri» egon dadin. Aktibista feministek eta emakumezko kazetariek parte hartu dute audioan, eta Hala Bedi irratiko webgunean entzungai dago jada. Gainera, unitate didaktiko bat ere martxan jarriko dute aurki ikastetxeetan.

Erreparazioa da

Kontaketa kronologikoa du hiru ataleko liburuak. Martxoaren 3ko egunaren lekukotzak ez ezik, aurreko hilabeteetako greben testuinguruan eta sarraskiaren osteko gertaeretan izandakoak ere jaso dituzte. Askotariko emakumeen bizipenak bildu dituzte: etxekoandreenak, sindikalistenak, protestetan parte hartu zutenenak, grebara joan zirenenak... Orain arte «oso ezkutuan» egondako istorioak direla nabarmendu du Rodriguezek. «Emakumeek ez dute inoiz bere istorioa kontatu, ez diegulako galdetu».

Inork egin ez duen lan hori euren gain hartu dute hiru ikerlariek. Isildutako errealitate horri ahotsa emateko ahalegina egin dute, eta andrazkoen lekukotzekin lortu dute martxoaren 3ko gertakarien inguruan «gizonezkoek osatu duten imajinarioa haustea». Martxoaren 3ko gertakarietan egon ziren emakumeentzat «erreparazio» moduko bat ere bada lana, Rodriguezek azaldu duenez. Bizitakoa kanporatzeak zauria «osatzen» lagundu die, eta, bidenabar, egindako lanaren «aitortza» jaso dute.

Julia Monge Intxorta 1937 elkarteko ordezkariaren ustez, bestalde, emakumeek Gasteizko gertakarietan izan zuten rola «ikusarazten» lagunduko du liburuak, memoria kolektiboa osatzeko. «Urteetan sinetsarazi nahi izan digute emakumeon bizipenak ez zirela garrantzitsuak. Baina garaia da fokua eta perspektiba aldatzeko».

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago