"Jo ez duzun gitarra bat erostea ezezagun batekin ezkontzea bezala da"

Erabiltzailearen aurpegia Jon Rejado 2018ko aza. 19a, 11:06

Mari Carmen Carroquino Salto. JAIZKI FONTANEDA /FOKU

Cosme Carrionek 1880. urtean ireki zuen Carrion musika denda, Gasteizen. Mari Carmen Carroquinok, haren herenilobak, azaroaren 30ean itxiko ditu ateak, behin betiko.

Gitarra elektrikoa asmatu zenerako, 1930eko hamarkadarako, Gasteizko Carrion musika dendak mende erdia zuen. 1880. urtean ireki zituen lehenengoz Cosme Carrionek dendako ateak, eta, 138 urte geroago, haren hereniloba Mari Carmen Carroquinok (Gasteiz, 1956) itxiko ditu, behin betiko. Manuel Iradier kaleko dendako txoko guztietan ikus daitezke eskaintza bereziak: 1.750 euro balio zuen balbula anplifikatzaile bat 700 euroan dago salgai; AEBetako baketak, 10 euroan; bateriarako platerak; musika liburuak; gitarra eta biolin sokak...  

Bost belaunaldi iraun du dendak. 138 urte. Sorreraren zergatiaren arrastorik geratzen al da?

Susmo batzuk baditugu. Cosme Carrion Toledoko [Espainia] herrixka batean jaio zen. Ate baten aurrean utzi omen zuten, eta haren guraso biologikoak ez ziren laborari batzuek hartu zuten semetzat. Madrilera mugitu zen gero, eta, azkenik, Gasteizera.

Zergatik aukeratu zuen Gasteiz halako proiektu bat hasteko?

Uste dugu Gasteizera etorri zela militar asko zeudelako. Armada zen bezero handienetako bat garai horretan, musika instrumentuen salerosketan. Eta militarrei saltzen hasi zen, ez bakarrik Gasteizen zeudenei, baizik eta Espainiakoei, eta kanpokoei ere bai.

Penintsulatik kanpokoei?

Weyler jeneralari ere instrumentuak saldu zizkion, Kubako gerran zegoenean. Amak gordeak ditu orduko gutunak. Horietako batean Weylerrek idatzi zion herenaitonari esanez gerra txarto zihoala, eta ez zekiela nola ordaindu behar zion erositakoa.

Elkarrizketa hau Berriak argitaratu du eta Creative Commons by-sa lizentziari esker ekarri dugu ALEAra. Jatorrizko albistea eta informazio osatuagoa hemen duzu ikusgai.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago