"Adingabeei arreta emateko Arabako foru zerbitzuen sareak kudeaketa arazo larriak ditu". Nuria Vallejos Barroso ELAko zerbitzu soziosanitarioetako arduradunak Bideberria eta Sansoheta zentroetako egoera salatu du. Areago, auzitan jarri du horren ondorioz zentroek eman dezaketen zerbitzua. "Ezin da ziurtatu zerbitzuek izan behar duten izaera hezitzailea, adingabeen erabateko gizarteratzera begira". Are gehiago, Arabako Foru Aldundiak azpikontratatutako zerbitzu horien kudeaketa arazoak egoera "onartezina" eragiten ari direla gaineratu du. "Administrazioak dira zentro horien arduradunak, zuzenean edo zeharka, baina ez dituzte betetzen dagozkien eginbeharrak".
Zentro horietako egoerak "hilabeteetan" mantendu direla nabarmendu du Vallejosek. "Agerikoa da administrazioaren kontrol falta". Egoitza horietako langileek gabeziak xehatu dituzte: instalazioak ez dira egokiak, banakako arreta emateko beharrizanak ezin dira bete, ez da bermatzen ez tratu berdintasuna ez aukera berdintasuna... Egoera horrek adingabeei eskainitako zerbitzuan zuzenean eragin duela salatu dute, baita langileen lan baldintzetan ere.
Sansohetako langileek jakinarazi dute hango "giro gatazkatsua" areagotu egin dela azken urtean. Jokabide arazoak dituzten adingabeak hartzen ditu zentroak, eta, gaur egun, "askotariko ezaugarri eta adinetako adingabeak" daude han. "Batzuek zentro espezializatuagoetan egon beharko lukete", zehaztu du Vallejosek. Erabiltzaileen ezaugarrien arteko alde horiek esku hartzea zailtzen duela gaineratu du, sortu den giroan ezin delako loturarik sortu adingabeekin. "Etxeko giro bat sortu beharrean, halako testuinguruekin lortzen dena da gazteek indarkeriazko jokabideak ikastea".
Giro horrek indarkeriazko jokabideak areagotu dituela berretsi dute langileek, bai adingabeen artean, bai langileen kontra ere. Zentroetako profesionalek gaineratu dute aldundia ez dela "ondo" jokatzen ari egoera "gatazkatsu" horri aurre egiteko orduan. Adingabeak zentro espezializatuetara bidali beharrean, hezitzaileei "adingabeak fisikoki eusteko" teknikak irakatsi dizkietela azaldu du Vallejosek. "Sansohetan egon behar duten gazteei emozionalki eutsi behar zaie, eta lan hori egiteko prestatutako hezitzaile profesionalak dira". Horrek lantaldean antsietate egoerak sortu dituela gaineratu dute langileek.
Azpiegiturarekin ere kezka adierazi dute, azkenaldian zentroa bera asko hondatu delakoan: «Instalazioak ez dira bertan bizitzeko modukoak».
Albiste hau Berriak argitaratu du eta Creative Commons by-sa lizentziari esker ekarri dugu ALEAra. Elkarrizketa osoa hemen duzu ikusgai.