Josu Izagirre eta Manuel Pedreira fiskalek De Miguel auziko behin betiko ondorioen txostena argitara atera dute gaur goizean. Deklarazioen txandaren ondoren, fiskalek frogatutzat jo dute Alfredo De Miguel Arabako EAJko bigarren arduradun nagusi ohiak "enpresa sare" bat sortu zuela, Koldo Otxandiano eta Aitor Telleria EAJko arduradun ohiekin batera, legez kanpoko komisioak kobratzeko, kontratu publikoak esleitzearen truke. Horretarako, De Miguelek "harreman politiko edota administratiboak" erabili zituela adierazi du.
Fiskaltzak 29 urte eta bederatzi hilabeteko espetxe zigorra eskatu du auziko akusatu nagusiarentzat, hainbat ustelkeria delitu leporatuta. Horien artean, eroskeria, prebarikazioa, derrigortzea eta diru publikoa bidegabe erabiltzea. Horrez gain, 1.185.306 euroko isuna ere eskatu du.
Otxandiano eta Telleria ustezko enpresa sare ustelaren beste bi arduradunen kasuan, 13 urteko espetxe zigorra eskatu du fiskaltzak. Aldiz, 5 urteko kartzelaldia galdegin du De Miguelen, Otxandianoren eta Telleriaren emazteentzat.
Albiste hau Berriak argitaratu du eta Creative Commons by-sa lizentziari esker ekarri dugu ALEAra. Jatorrizko albistea eta informazio osatuagoa hemen duzu ikusgai.