Azkeneko hamabost urteetan hainbat aldiz azaleratu den arazoa izan da eskola segregazioa, alegia, gure hezkuntza sisteman nagusiki jatorriarekin eta klase sozialarekin lotutako eskolatze desoreka (erlijioarekin eta ideologiarekin batera). Hainbat ikastetxek, irakaslek, zuzendaritzak, gurasok, erakundek, eragilek… salatu dituzte egoera eta bere ondorioak behin eta berriro: hezkuntza administrazioan, Arartekoan, komunikabideetan... Ondorio gutxirekin, esan behar da, arazoa areagotzen joan baita nabarmenki. Gasteizko Eskola Publikoaren Aldeko Plataformaren jarduerak ekarri du, baina, alfonbraren azpian gehiago ezin gordetzea.
Administrazioaren agendan sartuko da gaia azkenik? Joan den astean Hezkuntza Sailak dokumentu bat plazaratu zuen: Atzerritar jatorriko eskolatzea EAEko eskola-sisteman. Diagnostikoa eta esku hartzeko neurri berriak. Bertan agertzen diren zenbakiek argi uzten dute arazoaren tamaina, "publiko/kontzertatu" bitartasuna dela arrakalaren ardatz nagusia, eta sareen barruko eskolen artean ere desberdintasunak gertatzen direla. Baina dokumentuak gorabehera, agenda politikoak emaitzen arabera neurtzen dira. Orain arte, txostenak eta planak ez dira falta izan, zenbakien desoreka etengabe handitu den bitartean. Datorren ikasturteko eta hurrengo urteetako zenbakiekin gertatuko dena izango da, beraz, balorazioak egiteko tresna.
Gure hezkuntza sisteman etorkinen eta errenta baxuko familien seme-alabekin egiten ari garenak ez du ondo hitz egiten gure gizarteaz. Badakigu auzo gizarteetan ere antzera gertatzen dela, baina orain gureaz ari gara, zein herri eraiki nahi dugun eta nola, eta zein albo kalte onartzeko prest gauden.
Gertatzen ari denak erakusten du funtzionatzeko zenbait modu naturalizatuta dauzkagula. Ikastetxe askotan kuotak kobratzea ohiko eta naturaltzat jotzen dugu (kopuru desberdina ikastetxearen arabera, bestalde); baina hori hala izan behar da ala derrigorrezko hezkuntza dohainik izan behar da denentzat, legeak dioen bezala? Ordainketa hori da, hain zuzen, eskola batzuek familiak hautatzeko eta nor bere klase sozialekoekin ikastetxeetan elkartzeko bide nagusia. Hezkuntza dohainik izango balitz, familia guztiek hautatzeko benetako askatasuna izango lukete batzuek horrenbeste aldarrikatzen dutena-, orain arte ez bezala. Baina badirudi sukaldean dagoen elefantea dela. Beste alde batera begiratzen dugu ikusiko ez bagenu bezala, gure mugimendu guztiak baldintzatzen dituen bitartean. Izan ere, aurkeztu berri den goiko dokumentuan ez da argi aipatzen behin ere.
Legeak, halaber, ezartzen du eskola plaza kopuru bat —matrikularen %10— bete gabe utzi behar dela, urtean zehar etortzen diren ikasleak jaso ahal izateko, baina naturalizatuta daukagu matrikulazio garaian ikastetxea betetzea eta plazarik ez gordetzea, posible den kasuetan. Eta baita ere ikastetxe batzuetan baremazioari begira puntuazioa ematea familien alderdi batzuk saritzeko, ikastetxean aniztasun soziala jasotzea oztopatzen dutenak. Eta naturala iruditzen zaigu, halaber, ikastetxe erlijioso batzuk —diru publikoarekin finantzatuak— kristauak ez diren familientzat erosoak ez izatea. Besteak beste. Faktore garrantzitsu horiek ere, bidez batez, ez dira agertzen Hezkuntza Saileko dokumentuan.
Klase ertaineko feminista zurioi aspaldidanik gogorarazten digute beste feminista batzuek geure burua berraztertzeko eta gure pribilegioetatik jaisteko garaia heldu dela. Eskaera hori mingarria gertatzen zaigu batzuetan, eta defentsiban jartzera eraman ahal gaitu, baina erronka geroraezina bihurtu behar da guretzat. Klase ertaineko zurien kontzentrazio eskolarretan ere, noraino gaude prest gure pribilegioak errebisatzeko? Bitartean ikastetxe segregatu ugari itota daude, besteak beste aniztasuna kudeatzeko baliabide faltagatik eta estigmaren zamarengatik. Bai, gure gizartean lehentasunezkoak diren erronka sozialari, kulturalari eta linguistikoari erantzuna ematen dieten ikastetxeak estigmatizatuta daude, ikastetxe okerragoak balira bezala, egiten duten ekarpenarengatik esker ona jaso beharrean. Hori ere naturalizatu egin dugu, zoritxarrez.
Hezkuntza lege berri bat datorrela iragarri da. Ez dakigu zer gertatuko den gai honekin. Duela aste gutxi, Legebiltzarrean EAJ, PP eta PSOEk, elkartuta, atzera bota zuten Zubiak Eraikiz elkarteak aurkeztutako Herri Ekinbide Legegile bat, segregazioaren kontrako neurri jakin batzuk eztabaidara ekartzeko helburua zuena. Kezkagarria oso. Lege berrian gaiari helduko ziotela esan zuten debateari bidea moztu ziotenek. Aniztasun soziala dela eta, bidegurutze batean gaude, hezkuntza sisteman eta gizartean…