Afizioak ez du inoiz erretirorik hartzen, Jaime Otxoa de Aldaren esanetan (Antoñana, Araba, 1943). Ofizioz harakina izan da bizitza guztian; aspaldi utzi zion, ordea, lan hori egiteari. Pilota izan du pasio beste ororen gainetik, eta epaile lanetan jardun da ia berrogei urtez. Askok nahi izaten ez dituzten ardurak bere gain hartu ditu Otxoa de Aldak pilota afizio hutsa izateko; hark, baina,«gustu handiz» egin dituela azpimarratu du. Arabako Pilota Epaileen Elkarteko lehendakaria izan da azken hogei urteetan. Kargua utzi berri du, eta beste batek hartu ditu haren ardurak. Pilotarako duen zaletasuna, ordea, ez du ordezkatuko ez ezerk, ez inork.
Hogeita hamar urte baino gehiago eman dituzu pilotako epaile moduan, baina noiztik daukazu pilotarako afizioa?
Txikitatik dut pilotarekiko pasioa; beti gustatu izan zait. Primeran jokatzen zuten lehengusu batzuk nituen Bernedon [Araba], eta sarritan jokatzen nuen haiekin. Nire haurtzaro garaian, gainera, ez genuen telebistarik etxean, eta kalera ateratzen ginen jolastera. Sei anaietatik gazteena naiz, eta haiek siesta egiten zuten unean pilotan jolastera ateratzen nintzen ni. Ez naiz sekula jokalari ona izan, hala ere; hori ere aitortu behar dut. Baina pilotaren har hori txikitatik dut barruan.
Hori izan zen epaile lanetara pasatzeko arrazoia?
Agian bai. Dena den, urte batzuk geroago hartu nuen epaile izateko erabakia. Emaztea Maeztukoa [Araba] dut, eta hango klubean laguntza behar zutela-eta sartu nintzen buru-belarri pilota munduan. Afizionatu moduan hasi nintzen epaile gisara jarduten; gaztetxoen partidetan aurrena, eta helduenetan ondoren. Hamar bat urte eman nituen epaile moduan, afizioz. Jardun hori ezagun egiten hasi zen Arabako pilotaren munduan, eta epaile beharra zegoela esaten zidaten behin eta berriz federazioko lagunek. Titulu ofiziala ateratzera animatu nintzen orduan.
Elkarrizketa hau Berriak argitaratu du eta Creative Commons by-sa lizentziari esker ekarri dugu ALEAra. Elkarrizketa osoa hemen duzu ikusgai.