Euskara batua: kezka zenbait

Erabiltzailearen aurpegia Lourdes Oñederra 2018ko urr. 3a, 14:00

"Euskaldun berriek hizkuntza bereganatzeko egiten duten ahaleginaren zati bat bederen guk ere egin behar genuke, geure ohitura erosoetatik ateratzeko".

Batuaren abiatzeak gutxieneko sendotasuna hartu zuenetik berrogeita hamar urte igaro diren honetan, beldur naiz ez ote garen asko mugitu euskara on/txar, egoki/desegoki binomioetatik.

Ulertzekoa da erabat hasiera hartan hizkera-maila edo erregistroen arazoari garrantzirik ez ematea. Euskara batua idatzirako jaio zen, nahiz hasieratik beretik esparru hori gainditua izan nabarmenki; hor bukatzen ziren hizkera-mailari buruzkoak. Bide batez, ahoskeraz ere ez zen urte luzeetan ezer esan. Hasiera hartatik, ordea, pasa da mende erdi bat, eta oraindik ere ez dugu eztabaida fundamentuzkorik izan. Hori ez da hain ulertzekoa.

Kezkatzen nau maiz gertatzen denak, nola badiren aukeren bi muturretako batean dabiltzan hiztunak: batetik, batua kalean, tabernan eta umeekin ere egiten dutenak eta, bestetik, lan akademiko baten aurkezpen formalean ere euskalkira jotzen dutenak. Bereziki arduratzen naute etxetik euskara jakin dugunon alferkeriak eta erosokeriak, zenbaiti lanpostuak edo karguak erraztu dizkion hizkuntza ez lantzea, ez zabaltzea, ez aberastea, azken batean pribilegioa merezimenduarekin berdintzea erabat. Euskaldun berriek hizkuntza bereganatzeko egiten duten ahaleginaren zati bat bederen guk ere egin behar genuke, geure ohitura erosoetatik ateratzeko, egoki denean hizkera estandar zainduago bat erabiltzeko. Ez da nahikoa hiztun berriei zein ongi ari diren esan eta sorbaldan kolpetxoa ematea, gero ahoskera zenbat kostatzen den irribarrez onartzeko, gure suertea kasta-abantailatzat emanez. Ez da egoki eta ez dio euskararen osasun linguistikoari batere mesede egiten, adibidez, ekitaldi ofizial batean, euskalki ezberdinetako euskaradunen aurrean bizkaieraz edo gipuzkeraz egiten duen politikariak.

Badirudi batzuk Obelix edabe indartzailearen lapikoan bezala sartu ginela txikitan hizkuntzaren funtsetan eta arauak besterentzat uzten ditugula. Batua, idatzirako eta azterketetarako: etxe egokian jaiotzeko suertea izan genuenok ez dugu ahalegin berezirik egin behar. Uste dut egokitu zaigun euskararen momentu historikoarekiko erantzukizunik eza dela hori eta kalte egiten diola euskararen unibertso osoa egituratzeko helburuari.

Ikasleei eskatzen zaien arauen betetze maila bezain inportante (inportanteago, nire ustez) izan behar luke garbi izatea zertan ari garen eta hizkera estandar bat izatearen helburua zein den: denon artean, hiztun mota guztien artean, hizkuntz erabilerarako egokiera desberdinen arabera hizkuntza normala eraikitzea, osoa alegia.

Espainolarena (Hegoaldekook eskuraen dugun hizkuntza osoa) ez dugu eredu onena, ez baita Espainian gehiegi zaintzen hizkera mailen erabilera eta oso hedaturik baitago lagunarteko erregistroa. Errazago ikas daiteke frantsesaren mailaketatik euskara batuaren lekua zein litzatekeen soziologikoki, pragmatikoki. Ez dago muga gurutzatzea bezalakorik desberdintasuna ikusteko, frantsesezko solas zainduak entzuteko, ohartzeko hizkera formalak nola ikasten diren oso gaztetatik eta bereizten kaleko hizkera arduragabeetatik.

Erregistro lagunartekoen hedatze hori Espainiatik kanpo ere indartzen ari omen da; nabarmena da, hizkerak bezala, janzkera informalen esparruak hedatuz doazela... bere alde on eta txarrekin. Hizkerak murriztea behintzat txarra da dudarik gabe, hizkuntzari aldagarritasun iturriak mugatzen zaizkiolako eta baita (adi) batasunaren euskarriak ere.

Ez dirudi Euskaltzaindiak berak kontu handiegirik jartzen duenik hizkera mailen aniztasun ordenatuan. Batua noiz, non, nork, euskalkiak non, nork, zertarako... ez da luzaroan aipatu ere egin. Agertzen da han-hemenka, adibidez hiztegi sarreretan, toki ezkutuetan nolabait, ez da inola ere mezuaren atal nagusia... eta ulertzekoa ere bada. Batua zaintzeagatik bide da, batuaren geroa ziurtatzeagatik. Egia esan, ardura hori ez da nolanahikoa.

Hartara, ez dezala inork ikusi lerro lasterrotan, batuaren erabilerak zedarritzeko dei honetan batuaren aurkako eta euskalkien aldeko proposamenik. Ez dut uste oraindik batuaren egoera ziurra denik, etorkizuna eta, beraz, euskararen etorkizuna aski sendoak direnik. Guztiz beharrezkoa da batua zaintzea, batua garatzea eta sendotzea. Haatik, eta paradoxikoa lirudikeen arren, euskara batua sendotzeko modua da argi izatea euskalkien lekua non dagoen, batuarena non bukatzen den. Ez da gauza erraza, oso konplexua baizik. Ez dago bi eremuen artean muga itxi eta iragangaitzik. Alderantziz, kodeak elkar ukitzen duten esparruez ari gara, hartueman korapilatuak daude batuaren eta euskalkien artean: euskalkiek kolorez margotzen dute batua gradualki erabilera maila lasaiagotu ahala; batuak erabilera zainduetarako doitzen ditu euskalkiak, baldin eta oraindik batasuna lehenesten bada. Bestela, noski, egin dezala bakoitzak berea, erosoago ibiliko da... baina nork esan du garai erosoak egokitu zaizkigula?

Azken kezka, labur-labur baina bihotzaren erditik eta buruaren muinetik: Koldo Mitxelenaren pisua nola ari den handik eta hemendik, era batera zein bestera urtzen batuaren eta Euskaltzaindiaren historiaren azken urteotako narrazioan.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago