Asteon hartu du erretiroa "ofizialki" Iñaki Añuak (Gasteiz, 1943). Asteartean jaso zuen Gizarte Segurantzaren mezua sakelakoan, aitortu duenez. 75 urte ditu, eta bizitzaren erdia baino gehiago Gasteizko Jazzaldiaren zuzendari gisa eman du: 40 urte orotara. "Pena izugarria ematen dit, baina albo batera egiteko eta erretiroa hartzeko garaia da, ala?".
1970eko hamarkadaren amaieran hartu zuen jaialdiaren zuzendaritza, behin eta berriz eskatu baitzioten orduko antolatzaileek Vital Fundazioa eta Arabako Foru Aldundiko Kultura Saila—. Jazz zalea zen ordurako Añua, eta ez zitzaizkion gustatu aurreneko bi edizioetako egitarauak. Kargu hartu zien antolatzaileei: "Tristea baino tristeagoa zen talde haien musika, eta jazza musika alaia da. Esan nien jaialdiak zuen aurrekontuarekin gai nintzela talde hobeagoak ekartzeko". Esan eta egin. Kontzertu bat antolatu zuen Printzipal antzokian, eta leporaino bete zen. Handik egun batzuetara, berarekin harremanetan jarri ziren arduradunak, eta jaialdiaren ardura hartzeko eskatu zioten. "'Iñaki, zuk egiten ez baduzu, jaialdia desagertu egingo da', esan zidaten. Eskaintza hura onartu beste aukerarik ez nuen izan. Eta hala, gaur arte".
Gasteizko Jazzaldiaren 42. edizioa amaitu zela bi aste igaro dira. Tarte hori pasatuta, zer balorazio egiten duzu?
Edizioa berezia zen, nire agurra ere tartean zegoelako, eta musika aldetik ere hainbat berezitasun zituelako. Aurtengoa jaialdi desberdina zen, beraz. Baina balorazio oso baikorra egiten dut. Maila handiko musikariak izan ditugu aurten, eta arrakasta handiko emanaldiak ikusteko aukera izan dugu. Sarrera aldetik ere, nahiko txukun joan da, eta Mendizorrotzako pabiloia behin baino gehiagotan bete da. Ni neu, behintzat, pozik eta gustura nago aurtengo edizioko emanaldiekin.
Zein emanaldi azpimarratuko zenituzke?
Hudson taldearen emanaldia liluragarria izan zen; oso ikuskizun ederra eman zuten, eta ikaragarri gustatu zitzaidan. Kool & The Gang taldearena ere benetan ederra izan zen, Mendizorrotza nola zegoen ikusi besterik ez dago: goraino beteta eta dantza betean. Carla Bruniren emanaldia ere zoragarria izan zen, nahiz eta aurretik asko hitz egin zen hari buruz. Beste jazz jaialdi askotan izan da Bruni, eta inork ez du ezer esan inoiz. Abeslari aparta da, eta bertaratu zirenek egiaztatu zuten hori. Horrez gain, The Mingus Big Band, edota Al Mackys ere bikain aritu ziren. Gasteizko Ganbara Orkestrarena ere azpimarratzekoa dela uste dut. Bat baino gehiago aho zabalik utzi zutelakoan nago, eta musikari gehienak gasteiztarrak dira. Gehien gustatu zitzaidan ikuskizunetako bat izan zen, eta harro diot hori.
Jaialdiaren aurretik, asko hitz egin da aurten funk doinuei buruz.
Bai, baina ez dira jabetzen funk musikak jazzarekin lotura estua duela; funka jazza ere bada. Brooklyn Funk Essentialsen emanaldian, bat baino gehiago aho zabalik geratu zen; ikuslea harritu zuen kontzertuetako bat izan zen; asko oso pozik atera ziren. Oso gustuko izan zuten.
Izan al zen espero izatekoa zen mailarik eman ez zuenik?
Bai, noski, eta ez dut gezurrik esango. Jaialdia urtero gospel kontzertu batekin hasten da, eta, egia da, aurtengoan ez zuela eman espero zen mailarik. Nekatuta zegoen abeslaria bera ere. Baina, oro har, emanaldiak onak izan direla uste dut.
Azken egunean, publikoaren txalo zaparrada jaso zenuen agur gisara. Hunkitu zintuen?
Bai, asko hunkitu ninduen. Bi aldiz altxatu behar izan nuen geratzeko eskatuz. Ez nuen negarrik egin, halere, nahiz eta horretarako gogoa nuen. Nire emazteak eta alabak egin zuten, baina nik eutsi egin nion.
Bideo labur bat ere jarri zenuen agur gisara.
Zerbait polita baina xumea egin nahi nuen, handikeriarik gabe, eta asmatu nuela uste dut.
Amestutako agurreko egitaraua izan zen zuretzat?
Agurrerako Jamie Cullum ekarri nahi nuen, musikari aparta izateaz gain laguna ere badudalako. Baina ezin zuen, eta pena hori dut. Baita Wynton Marsalisekin ere, baina ezpaineko arazoekin dabil —tronpeta jotzaile ororen gaixotasuna da—. Eta hark badaki Gasteizko ikusleria oso jantzia dela. Hamar alditan egon da Gasteizen. Lagun handia dut hura ere. Nik eman nion Paco de Lucia hil zenaren albistea; ez dut une hura inoiz ahaztuko. Baina, tira, pozik nago agurreko edizioarekin, bai.
Onartu duzu dagoeneko kargua utzi duzula?
Ez, eta kostako zaidala uste dut.
40 urte egin dituzu jaialdiaren zuzendari gisa. Zer balantze egiten duzu urte horien guztien inguruan?
Maila handiko musikariak izan dira Gasteizen, eta gauza handia da hori: Miles Davis, Ella Fitzgerald, Eric Clapton, Wynton Marsalis, Paco de Lucia, Jaco Pastorius, Bebo eta Chucho Valdes, Jamie Cullum... Badakizu zer den hori? Izugarrizko poza da niretzat. Baina, horrez gain, hasiberriak zirenak eta gerora izar bilakatu direnak ere izan dira. Hau da, urte batean Printzipal antzokian jo eta ondorengoan Mendizorrotzako agertokira igo direnak: Noa edota Cecile McLorin, esate baterako. Hemengo musikariak eskaini dizkidatenean ere, beti esan diet baietz; ez dut zalantzarik izan horretan, inoiz ez.
Horren guztiaren gainetik, baina, lorpen txikiak bezain handiak ere badaude. Asko dira jaialdiari esker jazzaren zale bilakatu diren herritarrak, adibidez, eta Gasteizko musika eskolan ere jazza irakasten dute. Hori zoragarria da. Poz handiko une asko bizi izan ditut 40 urte hauetan: lagun asko egin ditut, errekonozimendu asko jaso... horiekin guztiekin geratzen naiz.
Zein une duzu bereziki gogoangarri?
Miles Davisena hautatuko nuke. Nire musikaririk gustukoena izan da betidanik. Musikari bati ezin zaio kontzertu aurretik ezer esan, ostean agurtu behar da. Gasteizera etorri zenean, haren kamerinora sartu nintzen, eta diban batean etzanda zegoen, alkandora zabal-zabalik zuela. Belauniko jarri behar izan nuen begietara begiratu eta harekin hitz egiteko. Hizketan hasi ginen orduan. Jazzari buruz, noski. Ia ordubetez egon ginen. Amaitzean, hala esan zidan: «Iñaki, bigarren aldirik balego eta berriz etorriko banintz, kontzertu aurretik ere hitz egiteko aukera izango genuke. Zoragarria da zurekin jazzari buruz hizketan aritzea, asko dakizu». Ez ditut behinola ahaztuko haren hitzak.
Baduzu jaialdian izatea nahi izan eta ekartzea lortu gabeko musikaririk?
[Galdera amaitu aurretik erantzun du] Aretha Franklin. Hitzartuta genuen urte batean etorriko zela; kontratu bat ere sinatu genuen, baina ezeztatu egin zuen. Hegan egiteko beldurra zuen, eta ez nuen Europara ekartzerik lortu. Hainbat modutan ahalegindu nintzen; itsasoz zeharkatzea ere eskaini genion, baina zera erantzun zidan: «Hitz egin al dizute inoiz Titanic-i buruz?». Ezinezkoa da hura AEBetatik ateratzea. Nik haraino joan behar izan nuen ikustera.
Ezezko asko jaso dituzu gainerako urteetan?
Ez; eta Arethaz gaindi, ez dit inork kontraturik ezeztatu. Zortea izan dut horretan.
Zer egoeratan utzi duzu jaialdia, zure ustez?
Zer nahi duzu esatea... Primeran pasatu dut 40 urte hauetan. Oroitzapen ederrak ditut. Ordu asko eman ditut lanean, baina zale amorratua izan naiz, eta horrek lan eskerga guztia gozatzen du. Dena den, uste dut jaialdia ikaragarri hazi dela urte hauetan. Nazioartean sona handia ere hartu du: IJFO Nazioarteko Jazz Jaialdien Elkarteko kide ere bada. Munduko jazz jaialdi entzutetsuenek osatzen dute.
Horrez gainera, izen handiko musikariak izan ditugu, eta gazteak ere bai. Siglo XXI atala loak hartu ezin nuen gau batean bururatu zitzaidan. Aukera eman nahi nien artista ezezagunei eta gazteei, eta urtetik urtera haziz joan da bigarren agertoki hori. Gauerdiko emanaldiak ere abian jarri genituen, New Yorkeko tabernetako gaueko emanaldiak oinarritzat hartuta .
Jaialdiak «eguneratzeko» eta «birsortzeko» aukera duela azpimarratu du Estibaliz Cantok, Gasteizko Udaleko kultura zinegotziak berriki. Bat zatoz?
Ez ditut ulertzen adierazpen horiek, egia esan. Baina ideiaren bat badu, mahai gainean jar dezala. Mendizorrotzako kirolgunea egokia ote den ala ez eztabaidatu nahi dute askok, baina ez dira ohartzen kokapena bezain garrantzitsua dela akustika musika jaialdi batean. Eta Mendizorrotzak izugarri ona du, harrigarria bada ere. Carla Brunik berak ere hala aitortu zidan; mikrofonoa eskuan zuela esan zuen entseguan. Beti egongo dira ideia berriak, eta ona da horiek ere aztertzea, baina nik neuk ez dut uste jaialdia eguneratu behar denik.
Ikusle kopurua urterik urte beherantz doala ere azpimarratu du askok. Zure ustez, zein izan daiteke horren arrazoia?
Europako jaialdirik garrantzitsuenek ere beherakada hori izan dute, ez gara bakarrak izan. Jaitsieraren arrazoiak asko dira, ez dago bat bakarra. Esan beharra dago, halere, aurten ere Mendizorrotza bete egin dela behin baino gehiagotan; eta aurreko edizioetan, zer esanik ez. Zergatik utzi dion jendeak jazz kontzertuetara joateari galdetzen dutenei, berriz, zera erantzungo nieke: «Zenbat alditan bete du jazz kontzertu batek milaka pertsona sartzen diren kirolgune bat?». Jazz jaialdi bat da, ez dugu ahaztu behar. Edonola ere, gaur egun dagoen eskaintza oso handia da. Jaialdi eta kontzertu asko daude, eta gero eta zailagoa da publikoa erakartzea.
Egitaraua ez dela arrazoi bakarra, alegia.
Argi dago egitaraua ez dela arrazoi bakarra. Aurten, esaterako, egitarau komertziala genuen oso, artista oso ezagunak ziren gehienak, baina, hala eta guztiz ere, ez dugu erakarri ohi baino ikusle gehiago. Eskaintza handia da, oro har, eta zaila da gainerakoetatik bereiztea. Donostian, hondartzako doako kontzertuak dituzte, eta oso ongi dago hori. Baina Donostia Donostia da, eta Gasteiz Gasteiz. Ezinezkoa iruditzen zait guk halako zerbait egitea. Eta klima da horren desabantailetako bat.
Uste duzu Gasteizko Jazzaldia gainerako jaialdietatik bereizi behar litzatekeela?
Gasteizko Jazzaldia desberdina da orain ere, eta hala izan da beti. Eta zerrendatu ditut aurrez ere bereizgarri egiten duten hainbat kontu: Siglo XXI bigarren agertokia, gauerdiko kontzertuak, Armentiako piknika zena... Ikusle izan nahiko nukeen jaialdia egiten ahalegindu naiz beti. Agian gehiegi pertsonalizatu dut, ados, baina jaialdia iritsi den tokira iritsi da 40 urte hauetan.
Musika estilo berrietara ireki behar da jaialdia? Izan daiteke publiko berria eta bereziki gazteak erakartzeko aukera bat?
Izan daiteke, baina uste dut ongi hausnartu beharko litzatekeela. Ez dut gaizki ikusten, baina gutxieneko ibilbide bat duten taldeek izan beharko lukete jaialdian, nire ustetan. Aurrez ere aipatu dugu: aurten, asko hitz egin da funkaren inguruan. Baina funka jazza da. Flamenkoa ere izan dugu beste urte batzuetan, eta inork ez zuen ezer esan orduan. Bost alditan izan zen Paco de Lucia Gasteizen, adibidez. Musika estilo horiek jazzarekin uztartu daitezke gainera. Hala egin zuten Paco de Luciak eta Wynton Marsalisek; kontzertu hura historikoa izan zen.
Zuzendari izateari utzi diozu, baina esan zenuen bazenuela ideiarik hurrengo urteko egitaraua osatzeko. Asmo horiei eusten diezu oraindik?
Hitzeko pertsona naiz, eta gustatuko litzaidake. Baina ez dago nire esku. Beti egongo naiz laguntzeko prest, halere.