Eliza eta aberria. Konpromisoaren sinonimo ditu biak, eta biengatik atxilotu zuten. Hamalau aldiz, eta behin, torturatuta: Manzanasen eskuetan egon zenean. "Hitzik egiten ez nuelako, nazka-nazka eginda, bere onetik atera eta burdinazko erreminta batekin jo ninduen buruan. Umorea ez nuen galdu, baina entzumena ia bai", dio Andoni Perez Cuadradok (Gasteiz, 1925). Tortura saio horiek garai hartako beste hamaika konturekin harilkatzen ditu. Izan ere, 1956tik 1961era EAJk Araban izan zuen militante bakarrenetakoa izan zen; klandestinitateko EBBko kide izan zen, eta Jaurlaritzaren ordezkaria Araban. "Askotan" deitu zuten polizia etxera. "Eguneroko ogia genuen hori".
Manzanasen esku egon zenean, baina, poliziek ez zekiten ezer bere militantziaz. Arabako Gazteria Katolikoaren lehendakariordea ere bazen, eta horri buruz galdetu zioten bereziki. "Manzanasek obsesioa zuen gerra garaiko apaiz abertzaleekin, eta susmoa zuen haiekin ez zutela amaitu, haiek kontrolatzen ez zuten Elizaren barnean ari zela berrantolatzen abertzaletasuna; ez zuen arrazoirik falta".
Baina, polizien oihuen artean, sigla batzuk entzun zituen, ordura arte ezezagunak zirenak beretzat: ETA. Aste batzuk lehenago —1961eko uztailaren 18an—, tren bat bidetik ateratzen saiatu ziren sortu berria zen erakunde hartako kide batzuk. Horrekin loturiko sarekadetan ehun bat lagun atxilotu zituzten, tartean bera. "Eta Maddalen Iriarteren [EH Bilduko legebiltzarkidearen] aita ere bai", gogoratu du. Gasteizen atxiki zuten bera, eta handik Donostiara eraman zuten.
Bi izen errepikatzen ditu atxiloaldiaz mintzo: Manzanas eta Eymar koronela. Honela gogoratzen du lehenena: "Pertsona txarrenetan txarrena zen. Bi gauzari zien gorrotoa: Elizari eta demokraziari. Besterik ez zuen ahotan: apaizak abertzaleon emakumeekin oheratzen zirela gu politikara bultzatzen gintuzten bitartean, eta AEBetako orduko presidente Kennedy komunista bat zela, Europa kaka zaharra zela, eta ahazteko Europarekin...".
Polizia oso gaztez osatutako talde baten burua zen Manzanas. Haietako batzuk, Perez Cuadradoren arabera, trantsizio garaiko gerra zikinean egin ziren ezagun. "Halakoak behar zituen, baina bera beste maila batean zegoen". Eta Manzanasen "gainetik", Eymar: "Halakorik ez dut inoiz ikusi! Bere betaurreko ilunak beti jantzita, eta hitz egiteko modu eta ahots beldurgarri hura... Hari buruz gutxi idatzi da, baina 30 heriotza zigor sinatu zituen. Madrildik etortzen zen. Inork ez zekien zehatz non bizi zen; astero aldatzen zen etxez. Hil zenean ere oso gutxi jakin zen. Oso tipo iluna zen".
Irakurtzen jarraitzeko: Elkarrizketa Andoni Perez Cuadrado.