"Argi izan behar dugu zer den boterea, eta zer inpunitate daukan!"

Erabiltzailearen aurpegia Miel A. Elustondo 2018ko uzt. 30a, 09:32

Bego Oleaga Erdoiza. ZALDIEROA

Bego Oleaga Erdoiza (Durango, 1945), militantea, ekintzailea, aktibista… gizarteko injustizien kontrako borroka da Begorena. Gazterik, Bilboko klandestinitate gordean zaildu zen borrokan, eta ez dio bide horri utzi. Fabriketako lanean Bizkaian, Bermeoko kontserba lantegietan; Gipuzkoan, Hernaniko industrian; Araban, Gasteizko Martxoaren 3koaren aurreko hilabeteetan… Lanean, "iraultzaren subjektuak kontzientziarazten".

Horra militante bat, militante hitza gero baino gero gutxiagotan ibiltzen den sasoian. Aktibista dira orain, edo ekintzaile, edo zernahi, garaian garaiko solasean. Bego Oleaga militante izan zen, aktibista eta ekintzailea beti, zuzengabekeriaren kontra tematsu borrokan, Bertold Brechten legean: "Badira egun batez borrokatu eta on direnak. Badira urtebetez borrokatzen direnak, eta horiek hobeak dira. Baina badira bizitza osoan zehar borrokatzen direnak; horiek ezinbestekoak dira".

Etxerat ezin joan ilundu artean,

egoten ohi dira zozoen elean

Jean Martin Hiribarren

Kezka ematen dizu jendaurrean agertzeak…

Hedabideetan agertzeak, bai. Ni pertsona arrunta naiz... Pudorea izango da.

Eman dezagun militantea pertsona arrunta dela. Politikaria ez da pertsona arrunta?

Politikariak «behi sakratuak» dira!

Zein izan zenuen lehenengo militantzia?

Lehenengoa, hogeiren bat urte nituela, Durangon, orduko gazte mugimenduan. Gazteria Independente Katolikoa zela uste dut. Ekintza Katolikoko adarra. Emakume bat etorri zitzaidan, hara biltzeko. Gurutze Arregi zen, pertsona berezia Durangon, oso zen aurrerakoia. Behin, Bilbora joan ginen, Maiatzaren Leheneko manifara. Ordu arte, behin ere ez nuen manifestazio bat ikusi. Bilbora joan, eta gris bat [polizia armatua] emakume bat jotzen! Eta berarengana joan nintzen: «Zergatik ari zara emakume hori jotzen? Ez dizu ezer egin eta!». Kar, kar... Hartu ninduen, eta furgonetara. Indautxuko polizia etxean pasatu nuen gaua. Huraxe lehenengo esperientzia.

Indautxuko polizia etxea beti. Jende asko torturatu dute han.

Ez da nire kasua. Ni hurrengo egunean irten nintzen. Polizia famatuak ziren tartean. Criado eta Escobar. Galdezka hasi zitzaizkidan, ezagutzen nuen jendeari buruz. Apaizak, batez ere. Apaiz euskaldunak eta borrokalariak Iurretan eta inguruan: Julen Kaltzada, Alberto Gabika [Gabikagojeaskoa], Periko Berrio [Berrioategortua]... «Bego, hau ez da txantxetakoa!», pentsatu nuen. «Ez dut apaizik ezagutzen, utzi nion mezatara joateari!», esan nien. Libre irten nintzen.

Elkarrizketa osorik irakurtzeko (Berria): Bego Oleaga elkarrizketa

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago