Ikus-entzunezkoetako ikasleen, zaleen eta sektoreko profesionalen arteko Zineleku topaketa egiten ari dira egunotan Gasteizen. Hirugarren aldia du aurten egitasmoak, eta, abuztuaren 3a bitarte, zinemaren eta sorkuntzaren bueltako hamaika ikastaro, hitzaldi eta ekitaldi izango dira. Parte hartzaileak bete-betean murgilduta dabiltza ikus-entzunezkoen sormenean: 18 eta 30 urte bitarteko 22 gazte, hain zuzen ere. Egitasmoaren bigarren eguna izan zuten atzo: Super 8 mm-ko sorkuntza eta errebelazioa landu zituzten, besteak beste, Zazpi t'erdi eta Sra. Polaroiska kolektiboetako kideen laguntzarekin.
Goizeko hamarretan hasi zuten jarduna, Oihaneder Euskararen Etxeko hirugarren solairuan. Sormena eta talde dinamikak lantzeko ariketak egin zituzten goizean. Pello Gutierrez, David Aguilar eta Alaitz Arenaza izan zituzten gidari. Ikasleek etxetik eramandako objektu bana izan zuten lanerako tresnatzat, eta istorio bat sortu behar izan zuten horren inguruan lehenik. Istorioei irudiak erantsi zizkieten ondoren, taldean elkartuta; baita istorioa inguratzen duten atmosfera, espazioa, pertsonaiak, soinuak eta gainerako elementuak ere. Emankorra izan zen goiza, Lander Varona parte hartzailearen hitzetan: "Buruari bueltak ematera eta etengabeko sormenera bultzatu gaituzte". Varonak ikus-entzunezko komunikazioa ikasi zuen, eta zinemari lotutako hainbat ikasketa egin ditu horren ostean ere. «Norberak buruan izan ditzakeen mugak hautsi, eta ohiko bidetik ateratzen lagundu digute; ezberdin pentsatzeko moduak badirela erakutsi digute, finean».
Hori zen, hain zuzen ere, lantegiko irakasleen asmoa: ateak zabaltzea sormenerako bide berriei. Hala adierazi zuen Pello Gutierrez Zazpi t'erdi ekoiztetxeko kideak: "Ikuspegi narratibo klasikotik aldentzen saiatzen ari gara. Jendeak baditu dagoeneko irudiak buruan, eta horietan oinarritzen dira istorio bat sortzean; bada, oso narratiboak eta esplizituak izaten dira gehienetan". Bide horietatik alde egin, eta sormen prozesua "iradokitzaileagoa" izateko xedearekin ari dira ikasleak laguntzen, batez ere, Gutierrezen arabera. "Finean, ikus-entzuleei ez diegu istorioa osorik kontatu behar, dena zehatz-mehatz esan beharrik ez dago beti; nahiko genuke haien interpretazioek ere istorioa osatzen laguntzea, behinik behin".
Goizean sortutako istorioak filmatu zituzten bazkalostean, hiriko hainbat txoko baliatuta. Halere, parte hartzaileek bi baldintza zituzten grabaketetarako: Super 8 mm-ko kamerak erabili behar zituzten, alde batetik, eta istorio bakoitzak minutu bateko iraupena izan behar zuen, bestetik. Hiru ordu baino ez zituzten izan talde bakoitzak zazpi edo zortzi film labur grabatzeko. Irudi guztiak jasotakoan, errebelatzeko lanei ekin zieten, iluntzean.
Hiru eguneko prozesuko lehen jardunaldia izan zuten atzo. Irudia lantzen jardun zuten, batez ere, ikasleek, Zazpi t'erdi eta Sra. Polaroiskako kideekin batera. Gaur eta bihar, ostera, soinu banda jarriko diete atzo grabatutako irudiei, Maite Arroitajauregi Mursego, eta Xabi Erkizia eta Luca Rullo Audio-Lab elkarteko kideen laguntzarekin. Esperimentazioaren bitartez, soinuak baliabide artistiko eta esperimental gisa ikus-entzunezkoetan duen garrantzia landuko dute datozen bi egunetan.
Hala, denen irudi eta soinuak elkartu, eta pieza kolektibo bat osatuko dute, eta bihar iluntzean erakutsiko dute jendaurrean: "Ez dakigu oraindik zer forma izango duen, baina performance baten itxurako zerbait izango da: irudiak eta soinuak zuzenean uztartuko ditugu", zehaztu zuen Gutierrezek. Baratza aretoan izango da emanaldia, 22:00etan.
Zinema bizitzeko erak
Guztiek aitortu zuten esperientzia "emankorra" izaten ari dela. Zineleku topaketa egin den hiru urteetan parte hartu du Varonak, esate baterako, eta «urteroko hitzordua» bilakatu da harentzat dagoeneko: "Aurreko urteetako ikasleekin elkartzeko eta lagun berriak egiteko aukera paregabea da niretzat, betiere zinema ardatz hartuta. Zinema bizitzeko eta ikusteko beste perspektiba batzuk badirela erakusten digute hemen".
Ikasleentzat ez ezik, irakasleentzat ere aberasgarria da egonaldia, Gutierrezen ustez: "Irakasle lanetan aritzen gara hemen, baina ez gara irakasleak, sektoreko profesionalak baizik. Guretzat ere aberasgarria da topaketa; esperientzia berri bat da egiteko modu berriak ikasteko, esperimentatzeko, jolasteko". Zazpi t'erdi ekoiztetxekoek bigarren aldia dute aurten Zinelekun. Iaz, goiz batean izan ziren soilik, tartetxo batez; aurten, aldiz, hiruzpalau egunetan jardungo dira. Guretzako ere oso bestelakoa da horrela. Garapena ikusten dugu parte hartzaileengan, eta polita da hori». Gutierrezek adierazi du "ilusio berezia" ikusten duela ikasleengan: "Gauza ezberdinak probatzeko gogotsu ikusten ditugu, baita gure proposamen martzianoei aurre egiteko ere".