Ibilbidea 17:00ak aldera amaitzea espero dute antolatzaileek. Zaballara iritsi aurretik, baina, bizikleta martxak geldialdia egingo du Gasteizen. Harrera egingo diete hiriaren sarreran, Salburuan, eta handik erdigunera joango dira. Andre Mari Zuriaren plazan, ekitaldia egingo dute, eta, ondoren, plazan bertan bazkalduko dute.
Sarek eta Bagoazek antolatutako martxak euskal presoen Euskal Herriratzea aldarrikatzea du helburu. Horrez gain, gaixotasun larriak dituzten presoak aske uzteko galdegin diete Frantziako eta Espainiako gobernuei, baita graduen progresioa ahalbidetzea ere. Orain Presoak dinamikak adierazi du ez dela ari legeditik kanpo dagoen ezer.
Martxaren hasieran, Ipar Euskal Herriko gizarte aktibazioak lortutako emaitzak nabarmendu zituzten antolatzaileek, nahiz eta helburua lortzeko oraindik urratsak falta direla ohartarazi zuten. Hegoaldean ere antzeko presio soziala sortzera dei egin dute, eta Frantziako Gobernuaren bidea segitzea eskatu diote Madrili.
Bizikleta martxa ostiralean irten zen Mont de Marsan espetxetik (Landak, Okzitania). 50 txirrindulari inguruk hasi zuten bidea eta Baionan amaitu zuten lehen etapa. Larunbatean, Baiona eta Donostia arteko bidea egin zuten, eta, atzo, Donostiatik Altsasura joan ziren.