Martxoaren 3ko biktimek Espainiaren memoria politikak aztertzeko eskatuko diote Europako Parlamentuari

Erabiltzailearen aurpegia Berria 2018ko uzt. 10a, 09:28

Martxoak 3ko manifestazioa. ALEA

Elkarte memorialistak hitza hartuko du Europako Parlamentuko Eskari Batzordean, asteazkenean. Espainiaren politikak nazioarteko gomendioekin alderatzea galdegingo du.

Martxoak 3 elkartea Europako Parlamentuan izango da asteazkenean. Elkarteko ordezkari Andoni Txaskok eta Nerea Martinezek Eskarien Batzordeari eskatuko diote dei dezatela Espainia 1976ko martxoaren 3an Gasteizen izandako gertakarien egia, justizia eta ordaina bermatzera. Horrez gain, hura berriz ez gertatzeko bermeak ere galdegingo dituzte. Gasteizko gertakari haietan, Espainiako Polizia tiroz oldartu zitzaion langile batzar bati, eta bost langile hil eta 150 baino gehiago zauritu zituen.

Horrez gain, elkarte memorialistak parlamentuari eskatuko dio Espainiaren memoria politikak azter ditzala eta aldera ditzala neurri horiek Memoria Aktibo Bat egitasmo europarrarekin eta Europako Kontseiluaren eta NBEren gomendioekin.

Elkarteko kideek parlamentua deituko dute Espainia bultzatzera, hark bere memoria politikak nazioarteko irizpideetara egokitu ditzan.

Bruselara joango den Martxoak 3ko ordezkaritza itxaropentsu agertu da, "zigorgabetasunaren eta ahanzturaren kontrako aurrerapausoa" izango dela iritzita. Salatu dute Espainiak zigorgabetasuna amaitzeko "ate guztiak itxi" dituela. Egoera horretan, uste dute nazioartera jotzea dela erreminta eraginkorra, baina nahiko luketena baino geldoagoa.

Elkarte memorialistak 2015eko martxoaren 3an aurkeztu zuen Europako Parlamentuan agerraldia egiteko eskaria. Urte hartako uztailean, Izaskun Bilbao (EAJ) eta Josu Juaristi (EH Bildko) europarlamentarien babesa jaso zuten. Eskaria 2015eko abenduan onartu zuen parlamentuak.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago