Baliabide eskasiagatik, gero eta zailagoa da landako herri txikietan bizitzea. Ondorio hori atera dute AKE Arabako Kontzeju Elkarteak, Arabako Foru Aldundiak eta EH Bilduk, Arabako landa despopulazioaren inguruan egindako lanean. Atzo aurkeztu zuten emaitza, Arabako Batzar Nagusietan. Azaldu dute etorkizuneko estrategia garrantzitsuenak landa eremuetan enplegua sortzea eta etxebizitzak eskuragarri jartzea direla. «Enplegua giltzarria da herrietako biztanleria finkatzeko». Horretarako, enpresen elkarlana proposatu dute, gertuko herrietako langileak kontrata ditzaten.
Bestalde, hirigintza diseinua landara egokitzeko beharra nabarmendu dute, «hirietakoa baino malguagoa» izan dadin. Gaur egun, eraikin asko hutsik daude landa eremuan, eraberritzeko beharrarekin, baina oso garestia dela ohartarazi dute. Proposatu dute landagunera zabaltzea Eusko Jaurlaritzaren Alokabide etxebizitza babestuen proiektua, bereziki gazteei begira. Halere, argitu dute eraikinak landa eremura egokitu beharko liratekeela.
Despopulazioaren inguruko ikerketa hiru fasetan egin dute. Lehenengo eta bigarren faseetan demografia datuak analizatu dituzte; hirugarren fasean, landaguneko zenbait herritan eztabaida taldeak antolatu dituzte, biztanleen iritziak biltzeko. Azterketak egiaztatu du Arabako herrietan heriotza tasa handiagoa dela jaiotza tasa baino, 2001. eta 2016. urteen arteko datuei erreparatuz; bereziki nabarmena da biztanleriaren jaitsiera 2012tik aurrerako datuetan. Arabako Mendialdeak galdu du jende gehien (246), biztanleen %8, hain zuzen. Arabako Errioxa ageri da ondoren, populazioaren %2 galduta (216). Bi faktore aipatu dituzte: herritik hirira joateko joera, eta haurren falta, biztanleria zahartzearen ondorioz.
Landa eremuko herritarrek duten kezka nagusietako bat da landagunearen eta hirigunearen arteko deskonexioa. Autoa behar dute eguneroko zeregin gehienetarako. Arabako herriak eta hiriak lotuko dituen garraio publikoko sistema bat eskatu dute; eta hezkuntza zentroetara joateko garraioaren beharra ere azpimarratu dute. Etorkizuneko estrategietan, prebentziozko politiken alde egingo dute, politika zuzentzaileen aurrean.
Landako bizimodua sustatu
Publizitate kanpainak egitea adostu dute, landaguneko bizimodua sustatzeko. «Herrian bizitzeak beste abantaila batzuk ditu, eta publizitate kanpainekin helarazi behar da hori». Izan ere, azaldu dute «hiriko zerbitzu berberak» espero dituztela landara bizitzera joaten direnek, eta, hala ez dela ikusita, bizpahiru urteren ostean alde egiten dutela.
Hori ez gertatzeko, ohartu dira eguneroko bizimodua herrietan bertan ahalbidetu behar dela. Beraz, etorkizuneko estrategiak gauzatzeko, herriek protagonismoa izango dute. Biztanle horien kezka eta proposamenak erdigunean jarri behar direla azpimarratu dute: «Neurriak behetik gora hartu behar dira».
Bizilagunek jarduera soziokulturalen falta nabaritu dute astelehenetik ostiralera, landan tarte horretan soilik bizi den jendearentzat batez ere. Lehen sektorean jarduten dutenen lana baloratzea ere nahi dute, gero eta gutxiago direlako. Batzuk denbora librean aritzen dira, eta beste batzuentzat lanbidea da. Beraz, laguntza ekonomiko eta administratiboak beharko dira.