Pasio baten bilduma liburua

Erabiltzailearen aurpegia Aitor Biain 2018ko uzt. 6a, 11:50

Liburuaren aurkezpenean, asteazkenean, Gasteizko Oihaneder Etxean. /Berria

Liburu bakar batean bildu dituzte Patxi Salaberri filologo eta euskal literatura klasikoko adituak Axularrez eta haren 'Gero' liburuaz idatzitako testu guztiak. Orotara 32 artikulu dira, 1997 eta 2017 artean idatzitakoak.

Urte luzez, Patxi Salaberri filologo eta euskal literatura klasikoan adituak pasio izan du Axular (Pedro Ugarte, 1556-1644). Sakon eta alde guztietatik aztertu ditu idazle nafarraren erretorika eta prosa, haren Gero liburuaren bitartez; filologo arabarrak testu "perfektutzat" ere jo izan du. Zaletasun horren ondorioz, filologoak hainbat ikerlan ondu ditu, eta hamaika euskarri eta aldizkaritan argitaratu ditu azterlan guztiak; funtsezkoak denak ere Axularren liburuaren gorabeherak hobeto ezagutzeko. Horiek guztiak euskarri bakarrean bildu eta argitaratu dituzte orain: Axular eta Gero, Patxi Salaberriren Pasio liburuan, hain zuzen ere. EHUk kaleratu du.

Salaberriren erretiroa hartu dute aitzakiatzat Gotzon Aurrekoetxeak, Jesus Mari Makazagak eta Jose Luis Ormaetxea Txipi-k bilduma argitaratzeko. "Patxi Salaberri ez da lehena izan Axular eta Gero aztertzen. Aurretik hainbat autorek heldu diote gaiari. Baina zerrenda hori gaurkotu eta urrezko letrez idatzi behar dugu Patxiren izena. Izan ere, bera dugu arlo honetan ikertzaile handiena, zidorrena, aberatsena", zehaztu zuen Ormaetxeak herenegun, Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxean egindako liburuaren aurkezpen ekitaldian. Omenaldi gisara argitaratu dute bilduma haren lankide ohiak izandakoek.

Filologoak azken hogei urte hauetan euskal literaturako liburu nagusietakoa denari egindako ekarpenak dira guztiak: 1997 eta 2017 artean eginiko 32 artikulu, zehazki. EGAN, Euskera, Anuario del Seminario de Filologia Vasca 'Julio de Urquijo', Sancho el Sabio, Euskonews, Karmel, Lapurdum, Enseiukarrean edota Fontes Linguae Vasconum aldizkarietan argitaratu zituen idazkiok; mamitsuak denak ere, 900 orrialdetik gorako liburua osatu baitute. Zenbait zuzenketa ere egin dizkiote, lexikoari dagokionez batik bat. Salaberrik pozik jaso zuen «oparia» , eta liburua osatzeko hatutako lana eskertu zuen: "Erokeria hutsa da, baina opari ederra niretzat".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago