"Zerbait handia egiteko aukera dut"

Erabiltzailearen aurpegia Imanol Magro 2018ko uzt. 5a, 18:01

Argazkia: MOVISTAR TEAM

Frantziako Tourra etzi hasiko da, eta Landa baikor abiatu da. Iaz podiumetik segundo batera gelditu izanak konfiantza handia eman zion. Irabazteko hautagai zerrenda luzea dela dio, eta bere burua sartu du hor. Hori bai, Chris Froome dauka faboritotzat.

Inoiz baino goizago abiatu da Mikel Landa Tourrera. Asteartean hartu zuten hegaldia, lehen asteko etapak eta asteleheneko taldekako erlojupeko ahalik eta hobekien ezagutzeko asmoz. Etzi hasiko da lasterketa, eta irrikan dago.

Oso argal zaude. Nola joan da prestaketa?

Pisuz-eta ondo nago, eta sasoiz ere bai. Urte osoan Tourra izan dugu helburu, eta bilakaera ona mantendu dut. Gauzak behar bezala joan dira, eta oso-oso ondo iritsiko naiz irteerara.

Urduri al zaude?

Bai eta ez. Urduritasun ona da. Motibazio handiarekin nago, zerbait handia egiteko aukera ikusten dut. Horrek hasteko gogoa areagotzen du.

Urte osoa Tourrera begira egin duzu. Talde aldaketan ere gakoetako bat izan zen. 

Egiaren ordua da. Iaz podiumetik oso hurbil gelditu nintzen, eta aurten aukera berri bat dut podiumean egoten saiatzeko.

Iaz podiumetik segundo batera gelditu zinen; mina pasatu al da?

Ez nuen min handirik izan, Tour osoan ez nuelako neure burua podiumean ikusi. Gero bai, gero pena handia izan zen, baina alde ona ere ikusi behar da, goian egon naitekeela erakutsi zidan.

Podiuma eskura duzula ikusi zenuen iaz. 

Bai, konfiantza handia eman zidan. Batez ere aurreko bi Italiako Giroetan helburuetatik urrun ibili nintzelako, batez ere zori txarrarengatik, eta berriz ere neure burua podiumetik gertu ikustean konfiantza berreskuratu nuen.

Aurten zainduagoa egongo zarela uste al duzu? Aurkariak ere ohartu dira Tour oso bati eusteko gai zarela. 

Agian bai. Askok jarri naute hautagaien zerrendan, eta normala da. Azken urteetan erakutsi dut gai naizela hor egoteko.

Zerrenda hori luzea da aurten. 

Bai, hori ere egia da, inoiz baino parekatuago dago aurten.



Eta zuk? Zeure burua sartzen al duzu hautagaien zerrendan?

Bai, zergatik ez? Iaz laugarren izan nintzen, lan egiten jarraitu dut... Orduan, zergatik ez?

Tourra irabazteko gai ikusten al duzu zeure burua?

Oraingoz bai. Chris Froomek 34 urte dauzka; 1989-1990ean jaiotakoak gogor iritsi gara atzetik. Baina badakit oso zaila dela, eta bakarrak irabazten duela. Nik neuk ere oso zail ikusten dut, baina, zergatik ez?


Zuk aipatu duzu Froome irteeran egongo dela, errugabetzat jo baitute. Azkenean bakea?

Bai, hala da. Argitu dute, ez bakarrik Tourrean egongo den ala ez, baizik eta ez dela erruduna. Eta ona da, nahiz eta berandu izan, ez da albiste txarra. Ongi etorria da.

Hamar hilabete epe luzeegia da ebazpen bat hartzeko. 

Oso luzea izan da. Ez dakit Froome delako izan den, edo Skyrengatik, baina bai, oso luze jo du.

Hura al da faborito nagusia?

Bai, niretzat bai: palmaresarengatik, Giroaren amaieran emaniko mailarengatik... bera da hautagai nagusia.

Tom Dumoulin, Vincenzo Nibali, Rigoberto Uran... 

Beste hautagaiak nahiko parekatuta ikusten ditut. Nibali arriskutsua da; Porte ere ez da inoiz sartu handi bateko podiumean, baina beti dabil aurrean, Bardet bera ere azken urteetan podiumean egon da... Oso irekia dago.

Froomeren erabakiarekin giroa gaiztotzearen beldur zara? Zaleen aldetik diot. 

Niri ez dit beldurrik ematen, baina baliteke gertatzea. Ez da normala, txirrindularitzan ez gaude ohituta ikusleak txirrindulari bat iraintzen ikustera.

Ibilbidea aski ezaguna da, nolakoa da zure iritziz?

Oso osoa da, denetarik dago. Lehen bederatzi egunetan zailtasun asko daude ni bezalako igotzaileentzat: haizea, mendate motzak, eta batez ere etapa harbidedun hori. Errespetu handia ematen dit etapa horrek. Zuk zure eskuetan dagoen guztia egin dezakezu, baina beste zailtasun batzuk ager daitezke: erorikoak, zulatuak... Errespetu handia ematen dit. Gero mendiko etapa ugari daude, oso Alpe gogorrekin, Pirinioak ere bai. Eta erlojupeko kilometro gutxi. Tour aproposa da niretzat.

Asteleheneko taldekako erlojupekoari beldurrik? 35 kilometro dira.

Beldurra? Ez, talde aproposa daramagu faborito gehienei abantaila txikiak ateratzeko. Bardet edo Urani denbora sar diezaiekegu, eta Mitcheltonekin ez dugu asko galduko. Agian BMC edo Skyrekiko denbora galduko dugu, baina uste dut beste hautagaien aurretik ibiliko garela.

Horiekiko zenbat gal dezakezuen kalkulatu al duzu?

Nik ez, baina ziur nago zuzendariak kalkulatu duela, eta hurrengo egunetan esango digula.

Iaz ondo aritu zinen erlojupekoetan. Aurten, aldiz, ez zabiltza oso fin. Zer gertatu da?

Taldea aldatzean, bizikleta ere aldatu dut. Ordu asko sartu behar dira bizikleta berrira egokitzeko. Agian, iazko sentipen onen ondoren, pixka bat erlaxatu egin nintzen arlo horretan, eta ez dut egin behar bezalako lanik, eta emaitzak ez dira izan iazkoak bezalakoak. Lanean gabiltza. Dena den, Tourreko azken erlojupekoan, Lapurdikoan, ez dut uste aerodinamika hain garrantzitsua izango denik. Ikusi dut ibilbidea, eta gustatu zait. Ez da oso luzea, eta gorabehera asko ditu, eta 20. etapan egotea ere nabarituko da. Iruditzen zait espezialistek ezingo dutela denbora asko atera.

Mendiko etapak nolakoak dira?

Alpeetakoak oso gogorrak jarri dituzte. Bi etapa aldapa gora bukatuko dira, eta Pirinioak azken astean daude. Ez dira Alpeak bezain gogorrak, baina azken astean egote horrek gogortasuna erantsiko dio ibilbideari.

Etapa bitxiak ere badaude, 65 kilometroko bat tartean.

Tourra ikuskizun bila dabil, eta etapa horrek oso motza dirudi, baina denboran luzea izango da. Hiru mendate luze dira, eta denbora asko egongo gara bizikletaren gainean.

Movistarren taldea ikusita, eta taldekako erlojupekoan Skyren atzetik bukatzea aurreikus daitekeenez, erasora jo beharko duzuela dirudi. 

Ziur. Hiru liderrak nahiko igotzaile onak gara, batez ere Quintana eta biok. Gure izaera ere horrelakoa da, eta ziur izan erasora joko dugula.



Hiru lider zaudete Movistarren: Alejandro Valverde, Nairo Quintana eta zu. Nola kudeatzen da egoera hori?

Ez da normala, arraroa da; hori onartu behar dugu. Baina, nire ustez, abantaila garrantzitsua izan daiteke azken astean. Lehen astea onik igarotzen badugu, gure egitura oso garrantzitsua izango da gure aukerak ondo erabiltzeko. Ikuskizuna emango dugu.

Alde onak edo txarrak ditu gehiago?

Oraingoz onak gehiago. Min handia egin dezakegu aldapa gora. Beste taldeek lan handia izango dute gu ondo zaintzen.

Gehiegi hitz egin al da gaiaren inguruan? Nahi baduzu bota errua kazetarioi. 

Normala da. Guk ez genuen hitz egin, hitz egiteko ezer ez zegoelako, eta hedabideek zerbait saldu behar zuten. Normala da espekulatu izana.

Talde barruko hierarkia errepideak ezarriko du?

Bai, seguru baietz. Hiru asteko itzuliak luzeak dira, eta ziur asko bat besteak baino indartsuago ibiliko da. Baina tira, ez gara indartsuaren bila ibiliko. Abantaila hori bilatuko dugu, eta ikusiko dugu zer gertatzen den.

Zein rol joka dezake Valverdek?

Berak esperientzia handia dauka, txirrindulari ona izateaz gain, eta badaki zer den beste lider batzuen alboan lehiatzea. Uste dut dena lasaitzen lagunduko digula.

Azken urteetan Skyrekin joan zara Tourrera. Alde handia dago handik Movistarrera?

Bai, Sky talde oso handia da. Baliabide asko ditu, jende asko... Oso handia da dena orokorrean. Movistarren, aldiz, dena gertuagokoa da, familia moduko bat da. Txikiagoa da, baina helburua bera da, errepidean ez dago sekreturik.

Tourra Euskal Herrian sartuko da. Erlojupeko osoa jokatuko da Lapurdin, eta mundua espero da bide bazterrean.

Bai, albiste ona da. Jakina da euskal zaleek Tourrean garrantzi handia dutela, eta albiste ona da. Euskal zaleak beti egon dira Pirinioetan errepide bazterrak betetzen, eta badirudi Tourrak interesa duelako etortzeko.

Euskadi fundazioko presidenteak zer dio? Denboraldi erdia pasatu da jadanik.

Talde gaztea dugu, esperientziarik gabekoa, baina oso ondo ari dira. Etorkizunean gure txirrindulari asko ikusiko ditugu lasterketa handietan.

Badu etorkizunik egitasmoak? 

Gure asmoa daukaguna mantentzea da gutxienez. Eta horretan gaude. Ez da gutxi, azkenean dirua lortzea ez da erraza, eta lan asko egin behar da, baina aldi berean pozgarria da, eta itxaropena badugu.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago