Jose Ramon Lopez de Abetxuko kalean da 31 urteko espetxealdiaren ondoren. Gasteizko presoa gaur goizean irten da Villabonako kartzelatik, eta atarian harrera egin diote lagun eta senideek.
Lopez de Abetxuko larriki gaixo dagoen presoetako bat da. Hala ere, osorik bete du zigorra espetxean. 68 urterekin gelditu da aske.
Larriki gaixo egonagatik, Lopez de Abetxukok ez du zigor aringarririk izan. Horrez gain, Espainiak ez dizkio ezarritako zigorretik murriztu Frantziako espetxeetan egin zituen hiru urteak.
Hainbat izan dira Lopez de Abetxukoren egoera salatzeko Gasteizen egin dituzten ekimenak. Horien artean, hura libre uztearen aldeko mobilizazioak, 2.500 sinadura baino gehiago bildu zituen kanpaina, eta haren askatasuna eskatzeko Arabako Batzar Nagusiek onartutako mozioa —EAJ, Bildu eta EBren aldeko botoekin—.