Baskoniak galdu egin du hirugarren partida (78-83)

Erabiltzailearen aurpegia Berria 2018ko eka. 18a, 09:52

ACB Photo/A.Arrizabalaga

Real Madridek aurrea hartu du finalean; 2-1 jarri da, partida bakarra behar du txapela irabazteko. Baskoniak, aldiz, hurrengo biak irabazi beharko ditu.

Kirolbet Baskonia jakitun zen hiugarren partidaren garrantziaz. Zaleak ere bai, 15.000 baino gehiago bildu dira. Madrilen lehendabizikoa irabazita, etxekoak irabaztea zen txapela lortzeko biderik motzena. Real Madridek ere bazekien gaur asko zegoela jokoan. Bi taldeak hasi dira indartsu, kontzentratuta, intentsitate handiz, baina Baskonia aurretik joan da denborarik gehienean, eta atsedenera ere hala iritsi da, 42-40.

Hirugarren laurdenean hautsi zuten aurreko partida madrildarrek, eta gasteiztarrek asmo bera zutela zirudien gaur. Hirugarren laurdena kolpeka hasi dute, abaila bizian hartu dute aldea, eta egokiera bikaina ematen zuen irabazteko bidean jartzeko. Baina Real Madrilek ez du etsitzen, eta berehala hurbildu dira markagailuan. Halaxe joan da partida ia amaiera arte. Azken minutuetan, ordea, madrildarrak jarri dira aurretik, Kirolbet Baskonia ezinean aritu da, urduri ere jarri da, eta azkenean garaipen baliotsua madrildarrentzat.

Finala ez da bukatu, hala ere. Bi partida falta dira oraindik. Hurrengoa irabazi behar du Baskoniak bizirik jarraitzeko. Asteartean izango da, 21:00etan Buesa Arenan.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago