Bihar da eguna. Bihar, giza katea. 100.000 pertsona eskutik oratuta erabakitze eskubidearen alde, duintasuna lagun eta errespetua ardatz. Aurten esperientzia barrutik bizitzea egokitu zait. Ikaragarria, benetan. Aste honetan bertigoa zer den jakin dut. Euskaltzaindiak zorabio hobesten du. Bere hirugarren aldaeran honela definitzen du zorabio: sentipen bizi edo ugariek eragindako gogo-egoera nahasia. Ongi islatzen du aste honetan urdailean antzeman dudana. Ez dakit tximeletak edo inurriak diren, baina zerbait bada hor barruan, kilimak eragiten dituen har arraroren bat edo. Bezperako hotzikarak izango dira.
Kanpotik nekez irudika liteke horrelako ekimen bat antolatzeak ekartzen duen lana, logistikoki esan nahi duen erronka. Gure kasuan, Gasteizi bederatzi kilometro egokitu zaizkio, Etxabarri Ibiñatik Legebiltzarreraino. Katearen azken kilometroak dira. Albistegi guztietan aterako diren irudi garrantzitsu horien ardura gure esku egongo da. Bederatzi kilometro atontzeak esan nahi du, gutxienik, 4.500 pertsonaren izen-abizenak, bizitokia, telefonoa eta helbide elektronikoa bildu behar izan direla banan-banan eta GEDek ezarritako tokietan eta pertsonen bitartez. Parte hartzaile horientzako informazio guneak egokitu, autobusak antolatu eta beste hainbat zeregin kudeatu behar izan dira: kilometro arduradunak topatu, laguntzaileak bilatu, finantzak zorroztu, datuak babestu, trafiko eta segurtasun kontuak lotu... Bihar, osotara, 5.000 boluntario ariko dira giza katea atontzen.
Guztira 201,9 kilometro osatuko dira. 2014an 123 izan ziren Durango eta Iruñea artean. Pentsa nolako erronka izango zen 2013an Katalunia iparretik hegoaldera lotu zituen 400 kilometroko haiek antolatzea edo, are gehiago, 1989an Baltikoko herrialdeak lotu zituen 600 kilometroko beste giza kate historiko hura, Estonia, Letonia eta Lituaniaren independentzia nazioarteko agendan kokatu zuena.
Hala ere, beti dago norbait galdera deseroso bezain zilegi den hau egiteko prest: eta hau guztia zertarako? Zer lortzen dugu horrekin? Begira zer pasatu den Kataluniarekin, dispertsioarekin edota Altsasuko gazteekin! Denok sentitu dugu ikara boterearen aurrean, inpotentzia bidegabekerien aitzinean. Eszeptizismoa, etsipena, ohikoak egin zaizkigu. Eman diezaiogun buelta. Etsipenak zer konpontzen du? Zer? Zuloan gero eta barrurago sentitzea. Etsipena ez da hautu inteligentea. Altsasuko gazteen senideek, berriz, emandako lezioa benetan txundigarria izan da. Juan Krutz Lakastak herenegun orriotan aipatzen zuen bezala, haiena inteligentzia politiko eta emozionalaren erakustaldi zoragarria izan da. Mina indarra bilakatu dute. Amorrazioak eta saminak bide eman diete elkartasun eta duintasunari. Espiritu horrekin eraiki da giza katea, herriz herri, auzoz auzo, pertsonaz pertsona, sareak ehunduz, konplizitateak lotuz. Altsasuko gazteei emandako zartako mingotsak agerian utzi du justizia propioaren beharra.
Altsasuko gizon eta emakume, zahar eta gazte, giza katean ere izango dira, non eta 193. Kilometroan, hain zuzen ere. Gasteiztik oso gertu, Etxabarri Ibiña herrian alegia. Haien kemen eta samurtasuna ongi etorriak izango dira.
Bizi dugun abagunea benetan aldakor eta arraroa da. Duela aste pare bat EAJk PPren aurrekontuei emandako babes miserablea kritikatzen genuen hemen. Handik astebetera, M. Rajoy historia da EAJren botoei esker. Aitor Estebanek honela justifikatu zuen jarrera aldaketa: «Euskal gizartearen gehiengoarekin bat egiten dugu». GEDek horixe nahi du, euskal gizartean erabakitze eskubidearen alde dagoen gehiengo hori artikulatu, aktibatu, eragile eraginkor bihurtu, hain zuzen ere. Biharko giza katea funtsezkoa da gehiengo hori ikusarazteko.
Bezperan gaude. Bezperako hotzikarak normalak direla esaten didate. Bezperako lanak soilik ez du balio, ordea. Azken sei hilabeteetan lan eskerga egin da, eta ongi, gainera. Esaera txinatar batek dio: «Bezperako ongia, biharko zoria». Izango al da?