Ikusgarri hasi da

Erabiltzailearen aurpegia Julen Etxeberria 2018ko eka. 5a, 10:46

Argazkia: ACBphoto/I.Martín

Baskoniak astindu galanta eman dio Bartzelonari Buesa Arenan, ACB ligako finalerdietako lehenbiziko partidan

Kirolbet Baskonia. Marcelinho (7), Janning (5), Timma (13), Voigtmann (9), Poirier (4) —hasierako bostekoa—; Vildoza (5), Xengelia (13), Beaubois (11), Garino (13), Diop, Granger (4) eta Malmanis (2).

Bartzelona. Heurtel (7), Koponen (12), Sanders, Claver (3), Tomic (7) —hasierako bostekoa—; Hanga (7), Reynolds (7), Moerman (8) eta Navarro (6).

Markagailua. 20-15, 47-28 (atsedenaldian); 67-40 eta 86-61.

Epaileak. Hierrezuelo, Jimenez eta Calatrava. Ez zuten inor kanporatu.

Bestelakoak. 9.764 ikusle Buesa Arenan.

Lehen kolpea ematen duenak asko izan ohi du irabazia, are gehiago kolpea gogorra baldin bada. Hori hala bada, Kirolbet Baskoniak gertuago du zortzi urte geroago ACB ligako finala jokatzea. Astindua eman zion atzo Bartzelonari Buesa Arenan (86-61), finalerdietako lehen partidan, eta 1-0 jarri da kanporaketan. Bihar jokatuko dute bigarren norgehiagoka, eta etxean ariko da berriro Baskonia. Argia da helburua: bigarrenez irabaztea eta sailkapena bideratzea. Estatistikei erreparatuta, itxaropentsu egoteko arrazoiak badaude. Izan ere, hamabost aldiz irabazi du lehen partida Arabako taldeak kanporaketetan, eta hamahirutan egin du aurrera.

Asmo horretan indar handia emango dio atzo lortutako garaipen handiak. Oraindik eta gehiago, gasteiztarrak konfiantza handiarekin ari baitira denboraldiaren azken txanpa honetan. Sasoiko unerik onenetako batean daude, eta daramaten bolada bikaina da horren erakusle: irabazi egin dituzte azkeneko zortzi partidak.

Final-laurdenetan, hankapean ibili zuen Baskoniak Unicaja, eta atzo hankapean ibili zuen Bartzelona. Kataluniako taldeak ez zuen aukera txikiena ere izan. Kontrakarrean aritu zen une oro, etxekoen erritmoari eutsi ezinik. Fresko-fresko aritu ziren Pedro Martinezek entrenatutakoak, bost atseden egun eduki izana baliatuta. Aldiz, bi besterik ez dituzte izan Svetislav Pesicek zuzendutakoek, eta alde hori igarri egin zen. Edozein xehetasun erabakigarri izan daiteke Baskonia eta Bartzelona bezalako bi talde ahaltsu aurrez aurre direnean. Eta atzo baten eta bestearen sasoian egon zen aldea.

Garinok hautsi du partida

Lehen hiru minutu eta erdietan ez beste (3-4), beti egon zen aurretik Baskonia. Ez zuen askoren beharrik izan lehen laurdena amaitu aurretik kantxan nabari zen nagusitasuna markagailuan islatzeko (17-9). Pesicen hutsarte batek, ordea, esnatu egin zuen Bartzelona, (21-19).

Neurketak parekatuen zirudienean, ordea, Garinok hartu zuen erantzukizuna lehia desorekatzeko. Argentinarrak 11 puntu sartu zituen lau minutuan, hiru hiruko tartean, eta hankaz gora jarri zuen neurketa (39-27). Garinoren jardun bikainak taldekideak hauspotu zituen. Marcelinho, Timma, Beaubois, Voigtmann... guztiak hasi ziren Bartzelonaren saskia zigortzen, eta aldeak ziztu bizian egin zuen gora. Atsedenaldian ia erabakita zegoen partida, hemeretzi puntu baitzen aurretik Baskonia (47-28).

Soberan egon zen bigarren zatia. Nahieran aritu ziren etxekoak, eta 30 punturen aldea lortu (86-56). Azkenean, garaipen handia Baskoniarentzat, eta kolpe latza Bartzelonarentzat. Nekez has zezaketen gasteiztarrek hobeto kanporaketa. Itxura oso ona du.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago