Gasteizen bi gizon atxilotu ditu Guardia Zibilak, bi adingaberi sexu abusuak egin izana leporatuta. Hedabide batzuek polizia iturriak aipatuz zabaldu dutenez, opariak eskaintzen zizkieten adingabeei, eta abusuak egiten zizkieten. Neskak dira abusuak jasandako biak, eta gaur egun 16 eta 17 urte dauzkate.
Arabako Foru Aldundiaren ardurapean egonak dira biak, nahiz eta gaur egun ez dauden diputazioaren zentroetan. Aldundiak azaldu du urtarril amaieran gazteen justiziako hezitzaileekin egindako bilera batean izan zuela kasuen berri: "zantzuak" zeudela "eskubide urraketak" gertatzen ari zirelako adingabe horien aurka. Biharamunean salaketa jarri zuten epaitegian.
Guardia Zibilak atxilotu ditu bi gizonak —abusuak Trebiñun gertatu izanaren zantzuak dituztelako—, eta epailearen esku geratu dira.