1976ko martxoaren 3an Gasteizen izandako hilketen inguruko informazioa eskatu du Maria Servini Argentinako epaileak; zehazki, Arabako Probintzia Auzitegiak aintzat hartu ez zituen testigantzak eta dokumentazioa dira Servinik eskatutakoak.
Egun horretan, bost manifestari hil zituen Espainiako Polizia Armatuak, eta, aurkeztutako kereilan, hilketak gizateriaren aurkako krimena izan daitezkeela argudiatu zuten Arabako Batzar Nagusiek eta aldundiak.
Servinik Gasteizko Instrukzio Auzitegiari eskatu dio hogei bat lagunen testigantzak jasotzeko: "Arabako erakundeek beren kereilan zehaztutako horienak". Halaber, Espainiako Barne Ministerioari eta Espainiako Gobernuaren Arabako ordezkaritzari galdegin dio bidaltzeko 1976ko martxoaren 3ko gertakarietan lanean zeuden polizien eta buruzagien zerrenda.
Horrekin batera, Servinik nahi du Espainiako Poliziaren zuzendaritzak txosten bat egitea, azalduz liskarren aurkako zein material erabili zen egun horretan. Azkenik, Coruñako Instrukzio Auzitegiari (Galizia) eskatu dio auzitegi militar bati eskatzeko martxoaren 3an hildakoen eta zauritutakoen inguruko sumarioak.
Frankismo garaiko eta ondorengo urteetako krimenak ikertzen ari da azken urteetan Servini epailea, bide laburra izan baitute auziok Espainiako eta Euskal Herriko auzitegietan. 2017ko urtarrilean, Gasteizko 3. Instrukzio Auzitegiak ez zuen kontuan hartu Arabako Batzar Nagusiek Martxoaren 3aren harira aurkeztutako kereila, eta, ondoren, auzia artxibatu zuen Arabako Probintzia Auzitegiak. Espainiako Auzitegi Konstituzionalak helegitea baztertuta, Martxoak 3 elkarteak asmoa adierazi zuen Giza Eskubideen Europako Auzitegira jotzeko.