'Iruña-Veleia auzian' zazpi urte eta erdira arteko zigorrak eskatu dituzte

Erabiltzailearen aurpegia Ainhoa Sarasola. Mikel Lizarralde 2018ko mai. 9a, 10:12

Arabako Foru Aldundiak eta fiskaltzak akusazio idatziak aurkeztu dituzte Eliseo Gil, Oscar Escribano eta Ruben Manuel Cerdanen aurka. Ondarearen aurkako kalteak eta iruzurra leporatzen dizkiete

Epaiketa egunik ez du oraindik, baina Iruña-Veleia auziak beste urrats bat egin du aurrera auzitegietan. BERRIAk jakin ahal izan duenez, Arabako Foru Aldundiak eta Arabako Fiskaltzak akusazio idatziak aurkeztu dituzte orain gutxi Arabako I. Instrukzio Epaitegian. Horietan, ahozko epaiketa egitea eskatzearekin batera, akusazioek hiru auzipetuentzat galdegin dituzten zigorrak jasotzen dira. Eliseo Gil aztarnategiko zuzendari izandakoaren aurkako eskaerak dira handienak: ondarearen aurkako delitua eta iruzur delitua leporatuta, zazpi urte eta erdiko espetxe zigorra eskatzen du aldundiak haren aurka, eta bost urte eta erdikoa, aldiz, fiskaltzak. Ia 300.000 euro arteko isun ekonomikoak ere galdegin dituzte auzipetuen aurka akusazioek.

Bai aldundiak bai fiskaltzak tesi berari eusten diote hiru auzipetuen aurka, baina denei ez dizkiete delitu berak egozten, ez eta zigor berak eskatzen ere. Aldundiaren zein fiskaltzaren arabera, Eliseo Gil eta Oscar Escribano arkeologoak lirateke Arabako aztarnategian aurkitu zituzten piezak ustez faltsutu zituztenak, eta haiek egin zituzten ostraketako idazkiak, «prestigio profesionala lortzearren». Ruben Manuel Cerdan fisikari nuklearrari, berriz, pieza horien egiazkotasunaz idatzi zituen hiru txostenen harira, iruzurra egin izana egozten diote. 

Gilen aurka, esan bezala, akusazioen eskariak ez dira berdinak, baina bat datoz leporatzen dizkioten delituetan. Escribanoren aurka, berriz, hiru urte eta bederatzi hilabeteko espetxe zigorra eskatzen du aldundiak, ondarearen aurkako kalteen delitua egotzita; fiskaltzak, aldiz, delitu horrez gain, iruzurra ere leporatzen dio —Gili bezala—, eta bost urte eta erdiko kartzela zigorra eskatzen du haren kontra. Cerdani, azkenik, iruzurra egozten diote bi akusazioek; hiru urte eta bederatzi hilabeteko espetxe zigorra eskatzen du aldundiak haren aurka, eta bi urte eta erdikoa, berriz, fiskaltzak.

Espetxe zigorrez gain, auzipetuen aurkako isunak ere galdegin dituzte akusazioek. Aldundiak eskatzen du auzipetuek kalte-ordainak eman diezaizkiotela: Gilek eta Escribanok 286.600 eurokoa, bata, eta Gilek eta Cerdanek 12.580,20 eurokoa, bestea. Fiskaltzaren ustez, berriz, Gilek eta Escribanok Eusko Jaurlaritzari pagatu beharko liokete 285.600 euroko kalte-ordaina, eta aldundiari, berriz, 12.490,20 eurokoa, hiru akusatuen artean. Kasu guztietan, aztarnategian lanean aritu zen Lurmen SL enpresa egiten dute erantzule zibil subsidiario. Espetxe zigorrez eta isunez gain, auzipetuak inhabilitatzeko eta auzibidearen kostuak haiek ordaintzeko ere eskatu dute. 

Iruña-Veleiako aztarnategian ustez izan ziren faltsutzeen kasuak ia hamar urte daramatza auzitegietan. Arabako Foru Aldundiak 2002. urtean eman zion Lurmen enpresari aztarnategian indusketak egiteko baimena, hamar urterako. 2006ko ekainean, Kristo ondorengo III. mende inguruko 400 piezatik gorako multzoa aurkeztu zuten Gilek eta bere taldeak jendaurrean, eta «ezohiko» sorta garrantzitsua zela azaldu. Baina susmoak piztu zituen aurkikuntzak handik gutxira, eta aldundiak ikerlari talde bati aholkua eskatu zion. 2008ko azaroan, idatziak faltsuak zirela ondorioztatu zuen batzorde horrek, eta auzitara jo zuen aldundiak. 

Bi akusazioek beren idatzietan nabarmendu dute idazki guztiak piezen garbiketa prozesuan agertu zirela, inork ez zituela lehenago ikusi, eta Gilek eta Escribanok faltsutu zituztela. Halaber, «manipulatutako piezei ustezko fidagarritasun zientifiko bat emate aldera», bi akusatuek Cerdanengana jo zutela diote; hiru txosten egin zituen hark, ustezko analisi batzuetan oinarrituta, baina, akusazioen arabera, analisi horiek ez ziren sekula egin.

Ahozko epaiketari begira, 21 lagun lekuko gisa deitzeko eskatu du fiskaltzak, baita aditu eta dokumentu bidezko frogak aurkezteko ere. Gauza bera egin du aldundiak, hogeitik gora peritu eta 30etik gora lekuko proposatuta.

Eskaera «bidegabeak»

Aldundiak eta fiskaltzak egindako eskaerak «sinestezinak eta bidegabeak» direla uste du Juan Martin Elexpuru SOS Iruña-Veleia plataformako kideak. «Ez dago frogatua faltsutasuna, eta zazpi urte eta erdiko espetxe zigorra eskatzen dute». Haren iritziz, aldundiak aurkeztutako arrazoibideek akusazioen atzean dagoen «zorakeria eta zabarkeria» adierazten dute. «Aipatzen dute grafologia, baina Ertzaintzaren txostenetan esaten da grafologiak ez duela balio halako gai bat aztertzeko», aipatu du adibide gisa.

Aldundiak deituriko «peritu kopurua» ere zentzugabea dela uste du: «Horietako batzuek ez dute auzian parte hartu ere egin. Agian, kereila jarri duena izanda, normala izango da, baina fiskaltzaren kasuan, benetakotasunaren aldeko txostenak egin dituen inor ez du deitu deklaratzera. Bakarrik parte batekoak deitu ditu. Neurrigabea da alde guztietatik».

Auziaren instrukzioak «inolako justifikaziorik gabe» iraun du bederatzi urtez, Elexpururen iritziz. «Modu artifizialean luzatu dute dena, usteltzeko asmoarekin». Urtarrilean jakinarazi zuen Arabako Probintzia Auzitegiak epaiketa egiteko nahikoa motibo bazegoela, eta, Elexpururen ustez, «gehiegizkoa» izan da orduz geroztik igarotako denbora ere.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago