"Hala Bediren eta herri mugimenduen kontrako eraso zuzena da isuna"

Erabiltzailearen aurpegia Aitor Biain 2018ko api. 25a, 13:25

Mikel Saenz de Buruaga Hala Bedi Irratiko beste hainbat kiderekin batera. / H. Bedi

Eusko Jaurlaritzak 'mozal legea' isilpean ezarri nahi duela salatu du Mikel Saenz de Buruaga Hala Bedi irratiko kazetariak, eta auzitara jotzea erabaki du. «Desobeditu egingo dugu: ez dugu isunik ordainduko». Eusko Legebiltzarrean izango da gaur.

Ia urtebeteko prozedura administratiboaren ondoren, 602 euroko isuna berretsi dio Eusko Jaurlaritzak Mikel Saenz de Buruagari (Gasteiz, 1989), Hala Bedi irratiko kazetariari. 2016ko maiatzaren 18an Errekaleorren izandako gertakarien berri ematen ari zela zigortu zuten, mozal legea ezarrita.

Auzitara jotzea erabaki duzu orain. Zergatik?

Bide administratibo eta judizial guztiak agortu nahi ditugu. Hurrengo pausoa administrazioarekiko auzi errekurtsoa jartzea izango da: epaile batek ebatzi beharko du isuna bidezkoa den ala ez. Datozen asteetan jarriko dugu errekurtso hori. Bide guztiak agortzea da gure asmoa, eta honi guztiari proiekzio publiko zabal bat ematea. Izan ere, isilpean aplikatu nahi du Eusko Jaurlaritzak mozal legea, epaiketarik gabe, eta zarata handirik egin gabe. Guk kontrakoa nahi dugu, ordea.

Prozedura administratiboa kritikatu duzu: «babesgabetasun egoeran» utzi zaituztela diozu. 

Ertzaintzaren bertsioa gailendu da ororen gainetik legearen 52. artikuluaren bidez. Artikulu horren arabera, bertsio polizialak sinesgarritasun osoa dauka. Froga guztiak ukatu dizkigute guri: ikus-entzunezko dokumentuak, audioak, argazkiak, lekukoen adierazpenak, egun hartan sare sozialetan eta irratian egindako lan guztia... Gertakarien egunean ez ziguten ezer jakinarazi, eta bi hilabete geroago jaso genuen isuna. Egindako lan informatiboaren mendekua da isuna.

Testuinguru zabalago baten barruan ulertu behar da isuna?

Hala ulertu genuen hasieratik. Nik kazetaritza lan bat egin nuen Hala Bedirentzat, eta lan horregatik zigortu gaituzte, bai ni eta baita hedabidea ere. Ez da kasu bakan bat: Hala Bediren eta herri mugimenduen kontrako eraso zuzena da isuna. Disidentzia sozial, politiko eta komunikatibo guztien kontra egiten dute eraso; eskubide zibilen kontrakoa da.

Hain zuzen, Euskal Kazetarien Elkarteak eta Kazetarien Euskal Elkargoak babesa adierazi dizue.

Herri mugimenduetatik eta beste hainbat hedabidetatik ere jaso dugu. Aipatzekoa da, horrez gain, PDLI Informazio Askatasunaren Aldeko Elkarteak Espainiako arartekoari igorritako kexua ere. Bertan adierazten du, besteak beste, ez dela berria kazetarien kontrako jazarpena, eta mozal legearen artikulu batzuk baliatzen ari direla desobedientzia edo erresistentzia delituekin zigortzeko, hau da, beste modu batera zigortu ezin dituzten kazetaritza jardunak zigortzeko.

Epaiketari dagokionez, zer espero duzue?

Irregulartasun asko izan dira prozesu administratiboan: jakinarazpenak bidaltzeko orduan, izena gaizki agertzen da, zenbait agiri ere ez ditugu jaso... Legeak prozesu osoa baldintzatzen du. Epaiketari begira, ez daukagu itxaropen handirik. Seguruenik, epaileak Ertzaintzari eta Eusko Jaurlaritzari emango die arrazoi. Horregatik, salatu nahi duguna da legea bera bidegabea dela.

Epaileak isuna berretsiz gero, zer egingo duzue?

Hala gertatzen bada, desobeditu egingo dugu: ez dugu isunik ordainduko. Uste dugu eskubidea daukagula bidegabeak diren legeei desobeditzeko. Argi daukagu poliziaren azpijoko bat izan dela eta hemen urratzen ari dena informazio askatasuna dela. Beraz, eskubideak urratzen diren bitartean, desobeditzen jarraituko dugu. Amaieraraino eramango dugu borroka hau.

Mozal legea ez aplikatzea adostu zuten PPk ez beste alderdi guztiek Eusko Legebiltzarrean. Segurtasun Batzordean izango zara gaur. Zer azalduko duzu?

Gurekin batera, Eleak mugimendua eta Kaleratzeak Stop plataforma ere izango dira. 2016an Eusko Legebiltzarrak hartu zuen konpromiso hura betetzeko eskatuko dugu, eta, horrez gain, Eusko Jaurlaritzaren jarrera salatuko dugu, azken bi urte hauetan 8.000 alditan baino gehiagotan aplikatu baita legea; beraz, Jaurlaritza konplizea da: esaten badu ere ez duela legea aplikatuko, aplikatzen jarraitzen du isilean.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago