2008ko urriaren 21ean hartu zuen Daniel Castillejok (Burgos, 1957) Artium Arte Garaikidearen Euskal Zentro-Museoaren zuzendaritza. Bada, karguan hamar urte beteko dituen egunean, datorren urriaren 21ean, zuzendari izateari utziko diola jakinarazi du, gaur, prentsaren aurrean egindako agerraldian. Castillejok adierazi du arrazoi pertsonalek eraman dutela erabaki hori hartzera, eta ez duela "inolako presiorik" jasan; areago, langileen eta erakundeen babesa duela azpimarratu du. Museoko bildumaren zaintzaile postura itzuliko da orain.
Duela hiru egun jakinarazi zion patronatuaren zuzendaritzari dimisioa emango ziola eskutitz bidez, eta gaur bertan adierazi dio, bestalde, Artium Fundazioaren komite exekutiboari. Castillejoren hitzetan, ordezkari asko "ez dira ados azaldu" erabaki horrekin, tartean, Igone Martinez de Luna komite exekutiboaren zuzendaria, eta karguan jarraitzeko eskatu diote; baina ez du onartu, "nahiz eta kontratu mugagabea izan": "nire erabakia irmoa da", azpimarratu du.
Ildo horretan, kultur erakundeen kudeaketan "jardunbide egokiena" zuzendari postuak "mugatzea" dela erantsi du Castillejok. 2013an aldatu zioten kontratua Artiumeko zuzendariari, eta bost urteko luzapena izatetik mugagabea izatera pasa zen kontratua. "Nik, ordea, nahiago izan dut hasierako kontratu hura aintzat hartu. Zeinak, bost urterako izendatu ninduen, beste bost urteko luzapen batekin. Karguan hamar urte eginda, berriei lekua utzi behar zaie". Hain zuzen, zuzendari izateari uzteko "arrazoi nagusiena" hori dela nabarmendu du.
Zuzendari gisa emandako hamar urte hauetan krisi ekonomikoak jarritako "sabai ekonomikoa" ere jarri du kargua uzteko arrazoien artean. "Krisi ekonomikoa oso-osorik irentsi dugu: a-tik z-ra". Tarte horretan bada, "une gazi-gozoak" bizi izan dituela adierazi du, proiektu asko bide bazterrean utzi behar izan dituelako. "Gihar ekonomikoa galdu dugu, %31 zehatz esateko, eta oraindik horri buelta eman ezinik jarraitzen dugu". Nolanahi ere, museoa "egonkor" dagoela azpimarratu du, oraindik krisiaren "arrasto asko" baditu ere. Langileei eskerrak eman dizkie "beti alboan" izan direlako, eta guztien "ahaleginari esker" lortu duelako museoak egun duen aitortza.
Pertsonalki, nekatuta dagoela aitortu du Castillejok, baina museoaren alde "lanean" jarraituko duela azpimarratu du: "Kulturaren eta artean militante izan naiz beti, eta hala izaten jarraituko dut. Inork ez dezala pentsa erretiratu egingo naizenik, kulturaren beharraz ohartarazten jarraituko dut".