"Mitologia berria egiten badugu, aitortu behar da berria dela"

Erabiltzailearen aurpegia Joanes Etxebarria/Ipar Euskal Herriko Hitza 2018ko api. 3a, 16:07

Anuntxi Arana antropologo aiararra, Ipar Euskal Herrian bizi da. AIARALDEA

Ipar Euskal Herriko leiendak eta ipuinak Jean François Cerquanden lanaren transkripzioa aurkeztuko du Anuntxi Arana antropologo luiaondoarrak Sarako Biltzarrean. Euskal mitologia ezagutarazteko erabili duen bide bat gehiago da lan berri hori.

Gaztelerazko Wikipedian  euskal mitologia edo  Mari bilatzean, Anuntxi Aranaren ustez (Luiaondo, Araba, 1947), “new age” aire batekin idatzia da dena. “Fantasiak” idaztearen kontra asaldatzen da, eta “seriostasunik” ezean gaiari errespetua galduko zaiola argi ikusten du. Mitologian, beste gauza guztietan bezala, seriostasuna ezinbestekoa dela dio. Tradizioak ahoz aho eta idatziz ekarri dituen ipuin eta legenden inguruan mintzatu zaio Hitza-ri.

Sarako Biltzarrera eramanen duzu Jean François Cerquanden lanaz egin duzun transkripzioa.
Cerquanden lana izan da Euskal Herrian egin den lehen bilduma seriosa. Akademiako inspektorea zen Pauen. Haren metodoa oso modernoa izan zen: bere pean zituen errientei eskatu zien haurren bidez jakin zezaten zer kontatzen zen Euskal Herriko su bazterretan, bil zezaten eta idatz zezaten entzuten zuten bezala. Hori ez zen posible, baina asmoa hori zen. Bildu zituen 117 bat kondaira, argitaratu zituenak 1874tik 1885era lau artikulutan. Istorio horiek oso fidelki bildu zituzten, eta momentu horretan denek aitortu zioten balio oso handia izan zuela. Euskaraz bildu zituzten, eta gero batzuk frantsestu zituzten; horietan, bertsio batzuk onak dira, beste batzuk aski txarrak. Baina hor gelditu dira euskarazko originalak. Frantsestuak zabaldu ziren, baina euskarazkoak ez; baliteke arrazoiren bat idazkera izatea: orduan ez zen, bistan da, euskara baturik, ez zen araudirik euskara transkribatzeko; errienta askok parte hartu zuten, eta bakoitzak bere eredua zuen idazteko. Gaur egungo euskaldunentzat irakurtezinak dira kasik nire ustez. 1986an, transkripzioa egin nuen grafia modernoan, baina iparraldeko euskalkietan eginak baitira gehienak —zubereraz eta baxenabartarrez—, lexiko bat egin nuen istorio bakoitzaren azpian. Nire helburua izan da altxor hori ahalik eta euskaldun gehienen eskura ematea, erraztasunak emanez. Horregatik, leku asko hartzen du lexiko horrek. Hor dira euskal mitologian agertzen diren pertsonaia ospetsuenak.

Bizkaian bezala ibili zara Zuberoan edo Baxenabarren, besteak beste, mitologia ikertzen. Antzekotasunak badira?
Badira antzekotasunak. Adibidez, Basajauna Nafarroan eta Bizkaian ere aipatzen da, Laminak denetan dira, Tartaro ere Bizkaian bada, Herensugea gutxiago baina Zuberoan oso famatua da (Altzain) eta Nafarroan, Aralarren ere bada… Laminen istorioak, tximiniatik etortzen direla, Euskal Herri osoan badira. Horrek ez du esan nahi ez dela harremanik inguruko mitologiarekin. Zuberoako euliak, adibidez, Biarnon [Okzitania] ere badira, oso antzekoak. Zuberoan, Altzürüküko Salaber deitzen zenak bost bat istorio kontatu zituen, eta horiek guztiak Orozkon [Bizkaia] topatu ditut. Bistan da, istorioek ez dute pisurik, eta difusio handia egiten da, bidaiatzen dira. Landetan, Biarnon eta Gaskoinian badituzu antzekoak.

Erran izan duzu faltsua dela erlijioak pertsonaia mitologikoak gaizto egin zituen ideia.
Nire ustez, izaki mitikoak munduko erlijio eta mitologia gehienetan ez dira on-onak edo txar-txarrak kristautasunean bezala, deabrua txar-txarra eta zeruko izakiak on-onak; normalean, bikoitzak izaten dira, eta hemengoak segur aski ere bai. Nire ustez, izan da bi erlijioen arteko sinkretismo modu bat; hor ikusten dugu euskal tradizioak kristautasunetik pertsonaiak hartu dituela, besteak beste ama birjina eta deabrua. Deabrua euskal mitologian, Europakoan bezala, irrigarria da, jendeak engainatzen du, zubiak eta elizak ere egiten ditu; beraz, bere gaiztotasun erradikala galdu du. Ama birjina ere hartu du euskal mitologiak, eta hartaz egin du izaki bat ez inondik mater misericordie, aski izaera txarra du, gaitzikorra da, eta jendeak zigortzen ditu gauza txikiengatik. Ama birjina hori gehiago lamina bat da. Elizak bere sineskerak inposatu nahi zituen, baina lortu du oso neurri ertainean; gure mitologiak iraun du. Onak eta txarrak baino gehiago esanen nuke direla noiz onak eta noiz txarrak. Pertsonaia bera izan liteke momentu desberdinetan ona eta gaiztoa.

Eguberri garaietan Olentzeroren irudikatzeko manerak polemikak pizten ditu.
Deituko naute zahar tradizionalista… nik tradizioko mitologiari errespetu handia diot, eta ez dut maite aldatzen denean. Norbaitek fantasiak egiten baldin baditu bere ipuinak sortzeko, esan behar du “hori nire uztakoa da, tradizioan ez da hala”. Asko egiten da orain, fantasiak egiten dira. Mariren inguruan Amalur aipatzen da, baina hitz hori ez dut behin ere topatu tradizioko zeretan, inoiz ere ez. Orain dogma da Mari Amalur dela; niretzat airean ibiltzen den dibinitatea da, nahiz eta batzuetan harpean egoitza izan. Ekaitza egiten du, meteorologia gobernatzen du, ez da Amalur.
Olentzerorekin gehien haserretzen nauena da azken jentila dela. Hori ateratzen dute Barandiaranengandik. Jose Ignazio Hartsuagak ikerketa bat egin zuen azken jentilez, eta bertsio guztiak bukatzen dira jentilen suntsiketarekin eta kito. Barandiaranen bertsio guztiak ere horretan bukatzen dira, baina gero 80ko hamarkadan edo, bertsio batean gehitu zuen Aralarko artzainek esan ziotela Olentzero izanen zela azken jentila, zeren azken jentilek Jesu Kristoren etorrera iragarri zuten, eta Olentzerok jaio dela adierazten du. Baina hori gero ezarria da, eta istorio zaharretan bederen Olentzerok ez du zerikusirik jentilekin. Esan behar dugu hori oraingo istorioa dela, mitologia berriz egiten ari garela. Ez dakit eskubidea dugun mitologia berria egiteko, baina, egiten badugu, aitortu behar da berria dela.

Pertsonaia horiek genero ikuspegi batetik ere aztertu dituzu.
Mito hurbilak liburuan badira bi kapitulu horretaz. Asea nintzen entzuteaz euskal mitologia matriarkalismoaren erakuslea dela eta… Nire ustez ez, generoaren araberako rolak oso markatuak dira euskal mitologian: armak gizonek hartzen dituzte, eta laminak orrazten aritzen dira. Gizonak beti emazteak baino gehiago dira. Hori egiteko inspiratu nintzen Françoise Heritier antropologoaz; hark konparatzen zuen bikoteetan zer rol duten gizonek eta emazteek. Nik banatu nituen bikote bertikalak (aita-semeak, aita-alabak, ama-alabak edo batzuetan nagusia eta zerbitzaria), eta horietan normala da belaunaldiarengatik edo aginte klasistarengatik menpekoa gutxiago izatea, edo zozoagoa. Baina badira bikote horizontalak (anai-arrebak eta senar-emazteak), eta hor normalean biak kategoria berekoak dira, adinez eta estatu sozialaz ere bai normalean; hor ere emazteak gizonak baino zozoagoak izaten dira. Ez beti-beti, salbuespenak badira. Hortik ondorioztatu nuen gure mitologian ez zela feminismorik inondik ere.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago