Alacant (Herrialde Katalanak) aldean da Mikel Landa, euri eta eguraldi txarretik ihesi. Negua gogorra izan da Euskal Herrian, eta behin baino gehiagotan joan behar izan du entrenatzera. «Eguraldi txarrak jarraitutasuna eragozten digu; ez da komeni hiruzpalau ordu euripean egitea», azaldu du. Itzulira begira, «Lodosako haizea» da gehien arduratzen duena eguraldiaren aldetik.
Iaz ez zinen Euskal Herriko Itzulian aritu, eta aurten itzuliko zara. Erantzukizuna al da?
Ilusio handia egiten dit. Parte hartu dudan azken bi aldietan, etapa garaipen bana lortu dut. Oroitzapen ona dut, eta horrek motibazioa ematen dit. Aurten ere nire lehen helburu nagusi gisa aukeratu nuen, eta sasoiko iritsiko naiz.
Aurten, baina, etapa garaipenak lortzearekin ez luke aski izan beharko.
Helburua ezberdina da aurten, sailkapen nagusia lehiatu nahi dut. Agian ez da ibilbiderik aproposena niretzat, baina helburua Itzulia irabaztea da.
Faboritoen multzoan zaude. 1 zenbakia eman dizutenerako...
Erantzukizun hori hartzeko prest nago. Baina bakarrak irabazten du. Halere, ezin dut ukatu ilusioa egin didala 1 zenbakia eramateak. Presioa ona da, zerbait lor dezakezun seinale.
Nola zaude? Zer diote hankek, bihotzak, buruak...?
Oso ondo nagoela. Denboraldia ondo hasi da niretzat, egon naizen lasterketa guztietan —Andaluzian, Tirrenon...— maila onean ibili naiz. Prestakuntzak eta motibazioak gora egin du, eta oso ondo iritsi naiz Itzuliaren irteerara.
Ibilbidea aproposa ez dela esan duzu, zergatik?
Erlojupekoak zer ikusi handia izango du Itzulian. Aurten oso ezberdina da;, oso laua da, eta nahiko luzea. Espezialistek hor aldea ireki dezakete. Gainera, Euskal Herriko mendateek ez dute nik behar dudan luzerarik. Gogortasuna bai, baina ez luzera aldeak ireki ahal izateko. Sailkapen orokorra oso itxia izango da; egunero egongo da lehia, eta gainsariekin erne ibili beharko dugu. Lehen bi egunetan tropel barruko kokapena oso garrantzitsua izango da.
Erlojupekoa aipatu duzu, luzeegia al da?
Luzea baino gehiago, lauegia. Oso laua da. Espezialista batek abantaila handia lor dezake. Nire aurka, adibidez, 40 segundo, baita minutu oso bat ere. Hori tarte handia da. Halere, gustuko dut azken egunean ez egotea, galdutakoa berreskuratzeko aukera dago.
Tirrenon maila ona eman zenuen, baina erlojupekoan uste baino gehiago galdu zenuen. Zer pentsatua eman dizu horrek?
Tira, pixka bat bai. Iaz, oso pozik bukatu nuen erlojupekoetan emaniko maila horrekin, eta aurten, urrun nabil. Konfiantza pixka bat galdu dut, baina aurkitu dugu non dagoen arazoa, eta badakigu zer konpondu behar dugun berriz ere iazko zenbakietan ibiltzeko.
Eta non dago arazoa?
Aurten, aldaketa asko egon dira niretzat: bizikletaren marka, osagaiak, zapatilak... Gauza asko dira, eta nire jarrera ez da iazkoa bezain azkarra.
Xehetasun horiek hain garrantzitsuak al dira?
Bai, bai. Txorakeriak direla dirudi, baina kilometro bakoitzean bi segundo uzten badituzu, hogei kilometrotan berrogei segundoren aldea dira. Xehetasun txiki horien eragina, erlojupeko guztian, denbora dezente da.
Taldez aldatzen diren txirrindulari askori pasatzen zaie.
Bai, guztioi gertatzen zaigu. Zenbakiak ikusten dituzu, eta uste duzu ondo zabiltzala. Material berria hartu eta sasoiko egon arren, denborak okerragoak izaten dira, eta orduan ikusten duzu lan asko egin behar duzula. Aerodinamika kontua da; lehenbizi, bizikleta gaineko jarrera egokia aurkitu behar duzu, belodromoan eta haizearen tunelean. Eta behin jarrera apropos hori aurkitu duzunean, orduak eta orduak sartu behar dituzu jarrera horretan.
Quintana ere badator Itzulira. Elkarrizketa eta adierazpenen ondorio, asko hitz egin da zuen arteko harremanari buruz. Sentitzen duzu luparekin begiratzen zaituztetela?
Galdera deserosoa da beti. Morboak saldu egiten du, eta zuen [kazetarien] negozioa hori da [barrez].
Morbo hitza zuk erabili duzu.
Kanpotik ezberdin ikusten delako. Kazetarientzat eta zaleentzat morbo hori existitzen da, beti kezka eta beti eztabaida. Gure artean ez dago arazorik, Quintana eta biok orain arte ondo konpondu gara, eta aurrerantzean horrela jarraituko du.
Badakizu edozein keinu interpretatuko dela, ezta?
Egia esan, horrek ez nau kezkatzen, gure artean dena argi dagoen bitartean. Kanpoko gauza asko entzuten dira, baina gure artean gauzak argi daude. Biok taldekideak gara, biok gatoz taldeburu, eta biontzat ona da taldekide indartsu bat izatea. Hori baliatzen jakin behar dugu.
Hitz egin al duzu harekin?
Aspaldian ez dugu elkar ikusi, baina urte hasieran hitz egin genuen, eta ziur nago ez dela arazorik egongo ondo konpontzeko.
Tira, eztabaida dago Valverde ez datorrelako. A zer nolako maila ematen ari den hura.
Beste oilar bat. Orain arte ez naiz harekin lehiatu edo ez dut entrenatzeko astirik izan, baina, diotenez, asko irakasten die gazteei. Gu ere harrituta gaude, eta ahaztu egiten zaigu nondik datorren. Iaz belauneko lesio oso larria izan zuen, eta ahaztu egiten zaigu. Hura ikusita, irabazteak erraza dirudi.
Itzulirako zure kinielan zeintzuk ageri dira?
Bernal lesiorik izan ez balu, Gorka eta Ioz Izagirre, Michal Kwiatkwoski... Primoz Roglic ere aurkari oso zaila izango da.
Hogei euskal herritar egongo dira. Muriasen sarrerak haize freskoa ekarri du.
Zorionez. Hori albiste oso ona da. Euskal herritar kopuruak gora egitea albiste ona da beti. Gu hor gauden bitartean gazteak sartuz joatea ona da.
Euskadi Fundazioaren jarduna jarraitzeko astirik ba al duzu?
Bai, bai. Taldearen gainean nago, txirrindularien sentsazioak zeintzuk diren jakitea gustatzen zait. Pozik gaude, egitasmoa ondo doa. Oso presaka atera genuen taldea, eta lan asko dago egiteko, baina gu eta txirrindulariak pozik gaude. Orain, etxeko egutegia iritsiko zaie, eta gozatzea dagokie.
Zu zara orain presidentea. Nola ikusten duzu zeure burua?
Batzuetan, arraroa egiten zait. Niri egitea gustatuko litzaidakeen galderak egiten dizkiet txirrindulariei, eta arraro sentitzen naiz.
Sky erraldoitik Movistar erraldoira igaro zara. Zer moduz lehen hilabeteak?
Jende hurbila da, eta ondo moldatzen naiz. Talde erraldoiak dira, baina ezberdinak, kultura aldaketa ere nabaritzen da. Niretzat errazagoa da horrela lan egitea.
Tourra duzu sasoiko helburu nagusi. Gertu ala urrun dago?
Gero eta gertuago, baina ez gertuegi oraindik. Urte hasieran urrun zegoela zirudien, baina une aproposean iritsiko da. Helburua gertu ikusteak motibatu egiten zaitu, eta prestaketa espero bezala doa. Itzulia eta Ardeetako klasikoak aurretik dauden bitartean, ia ez dut Tourrean pentsatzen. Beste kontu bat izango da horiek pasatzen direnean; izango dugu denbora. Tourra oso garrantzitsua da, baina ezin dugu ahaztu egutegiak lasterketa asko dituela.
Harbidea probatzen aritu zara, zer moduz?
Esperientzia polita izan da. Lehiatzeko modu ezberdina da, eta beldur pixka bat kendu dut. Tourreko etapa hori bitxia izango da. Harbidean jardutea oso gogorra da; oso ezberdina da.
Chris Froomekin hitz egin zenuen Andaluzian. Lagunak zarete, zer moduz dago?
Prozesua ez da erraza izaten harentzat. Arlo pertsonalean zer moduz zeraman galdetu nion, eta une gozoak ez direla esan zidan. Giroaren aurretik argibideren bat jasotzea espero du. Ez da ondo pasatzen ari. Baina, irakurtzen ari naizenaren arabera, ez dakit posible izango den eta noiz bukatuko den folletoia.
Nolakoa da traturako?
Nahiko jatorra da; lasterketan beti oso kontzentratuta ikusten duzue, baina pertsona jator eta lasaia da. Tipo ona da.
Tourrerako ebazpenik egongo dela uste al duzu?
Ez dakit, egunero irteten dira albisteak, eta, egia esan, ez dakit nori egin kasu.
Bukatzeko, gai aldaketa. Pilotazalea zarela jakina da, binakako finala ikusten duzu?
Gutxi ikusi dut txapelketa, eta ez naiz faborito bat ematera ausartzen. Agian Ezkurdia eta Zabaleta; indartsu daude. Niri Pablito Berasaluze asko gustatu izan zait, eta Oinatz Bengoetxea. Horien zalea naiz, eta Mikel Urrutikoetxearena ere bai. Pertsonalki ezagutzeko aukera izan dut, eta asko gustatzen zait. Eta, gero, Aimar Olaizola dago; hura superklase bat da.