24 ordu ditu euskarak

Erabiltzailearen aurpegia Aitor Biain 2018ko mar. 24a, 16:30

Taravero herria, Trebiñun. ALEA

Banaketa administratiboaz harago, egunerokoan euskaraz aritzeko zailtasun eta oztopo ugari dituzte Trebiñun. Hala ere, asko dira goizetik hasita iluntzera bitarte enklabean ere euskaraz bizi daitekeela erakusten duten trebiñarrak. Euskal erakundeen aldetik laguntza gehiago galdegin dituzte.

Trebiñu. Martxoko astearte buruzuri bat. Neguko giro grisa da nagusi, eta hotz egiten du. Eguzki printza batzuk agertu dira egunaren lehen orduan, baina berehala lainotu du. Metafora hutsa baino gehiago da. Euskarak enklabean bizi duen egoera ere oso antzekoa baita. Nahi eta ezina. Ahal eta nahi eza. Banaketa administratiboaz harago, oztopo eta traba ugari dituzte trebiñarrek egunerokoan; tartean, baita euskaraz jarduteko ere. Ez, Trebiñu ez da Araba, eta euskara ez da hizkuntza ofiziala. Baina ezinezkotasun eta salbuespen guztien gainetik euskaraz bizi diren herritarrak asko dira. Noizean behin egiten diren euskal jai handiez gaindi, egunero argitzen du euskarak Trebiñun.

Euskara kalera

Goizean goiz hasten du bere jarduna Andoni Portillak. Okina da, eta egunero banatzen du ogia Trebiñuko zein Arabako hainbat herritan. Euskaraz, ahal dela. Egunerokoan dituen bezero guztiak ezagunak ditu, eta jakin badaki nor den euskalduna, eta nor ez. Hala ere, lehen hitza euskaraz egiten duela aitortu du, eroslea euskal hiztuna izan ala ez aintzat hartu gabe. «Kaixo! edo egun on!» batekin agurtzea ez da ezer kostatzen, nahiz eta erdalduna izan. Keinu bat da niretzat, eta oso garrantzitsua», adierazi du Portillak.


Okina izateaz gain, Gutxisolo euskara elkarteko kidea ere bada. Euskararen erabilera sustatu duen elkartea izan da urte askoan Gutxisolo. Hainbat ekitaldi, ikastaro eta proiektu antolatu dituzte Trebiñun, denak euskaraz: mendi txangoak, mintzalagun taldeak, haurrentzako ikuskizunak... Zubi lana egin du elkarteak gizartearen eta administrazioaren artean. Edo, bestela esanda, akuilu lana: «Guk egiten ez bagenuen, inork ez zuen guregatik egingo. Hemen, ez dugu erakunderik euskara babestuko duenik. Hemen, norberaren borondatearen arabera dago euskaraz hitz egitea».

Gaur egun, larri dago elkartea. Urte askotako lan eskergaren ondoren, desagertzeko zorian dago: «Gurekin amaitu dute». Kexu da Portilla. Pilutxi Ansotegi elkarteko kidearen ustez ere, gero eta nekezagoa zaie euskarazko ekintzak antolatzea: «Ilusio handiarekin jarraituko genuke ekitaldiak antolatzen, baina gero eta zailagoa izaten da. Burokrazia handia egin behar da diru laguntzak lortzeko, paper asko bete, oztopo asko gainditu... Nekatuta gaude». Arabako Foru Aldundira eta Eusko Jaurlaritzara jo izan dute diru laguntzak eskatzera, tokiko udalek ez baitute dirurik horretarako. Ez dute beti eskatutakoa jaso, hala ere. «Testuaren amaierako oharra izan gara kasu guztietan; salbuespena. Behin baino gehiagotan ahaztu zaie ohar hori jartzea: alegia, Arabako elkarte guztiez gain, guri ere laguntza ematen digutela jartzen duen testu txiki hori argitaratzea. Horren ondorioz, laguntzarik gabe geratu izan gara askotan», adierazi du Ansotegik. Haien patrikatik diru asko jarri izan dutela gogorarazi du.

Aitortu dute «frustrazio» sentipen batekin daudela sarri askotan: «Beti mesedeak eskatzen aritzea ezinezkoa baita». Portilla: «Egunerokoa norberaren borondatearen esku dago, baina hortik harago egiteko zerbait gehiago behar da. Ulertu behar dute hau berezia dela». Ansotegik ere, era berean, euskara kalera ateratzearen garrantzia azpimarratu du: «Gure etxean euskaraz egiten dugu egunero. Baina familia asko dira etxean euskaraz hitz egin ezin dutenak. Beraz, euskara kalean entzutea beste aukerarik ez dute haien haurrek. Hori oztopatzen badigute, ezinezkoa zaigu aurrera egitea».

Eguerdia da ia, eta Argantzungo ikastolako jolas orduan ez da euskararik entzuten ia; haurrek irakasleen ohartarazpenei erantzuten dietenean soilik entzun daiteke zerbait. Hausnarketa egin du Portillak horren inguruan: «Haientzat, ikasteko hizkuntza da euskara, eta ez harremanetarako». Euskararen normalizazioaren B aldeaz ere mintzo da, kezkati.«Garai batean, euskara arriskuan ikusten zen, eta helduok konpromisoa hartu genuen euskara zulotik ateratzeko. Gaur egungo gazteek, ordea, normal-normal ikasten eta entzuten dute euskara, eta ez dute arriskuan ikusten. Alde horretatik, euskararen egoerari dagokionez, atzera egiteko arriskua dugu».

Euskara irakastea garrantzitsua dela onartu arren, «ikusgarri» egin behar dela iritzi dio Ansotegik: «Normalizazio hori ere kaleko harremanetara eraman behar da, eskolatik atera». Ez baita gauza bera euskarazko antzerki bat herriko plazan antolatzea edo mintzalagun talde bat eratzea, Portillaren arabera. «Mintzalagun talde bat eratzeak badu bere garrantzia, eta beharrezkoa izan daiteke zenbait kasutan. Baina hau ez da Gasteiz, eta hemen mintzalagun talde txiki bat ikusezina da». Eguerdiko kanpaiekin batera agurtu dute Portillak eta Ansotegik tabernaria; euskaraz, noski.

Administrazioaren nahia

Enklabeko herri askotara hurbilduz gero informazio panel elebidunak irakur ditzake bisitariak, baita kale izenak ere. Kale Nagusian dago, hain zuzen ere, Trebiñuko Udaletxea. Gaztela eta Leongo, Espainiako eta Europako Batasuneko banderak ditu balkoian zintzilik; sarreran, berriz, ordutegia euskaraz ere irakur daiteke: Udal Bulegoak. Jendaurreko ordutegia: 08:00etatik 14:00etara.


«Udalaren borondatearen isla dira adierazpen elebidun horiek guztiak», esan du Beñat Goitiak. Trebiñuko eta Argantzungo udaletako euskara teknikaria da. Bi egun egiten ditu udal batean, beste bi bestean. «Testuetako izartxoa» da, beste askoren moduan, Arabako Foru Aldundiaren esku baitago haren soldata. «Kale izenak euskaraz ere jartzea tontakeria bat dela uste dezake batek. Baina, hemen, garrantzitsua da. Eta hori lortzeko, denbora askoan borrokatu behar izan dute batzuek».

Goitiak aitortu du egunerokoa «nahasia» dela udalean, «zail samarra, arraroa ere bai apur bat. Borondatea badago, baina administrazioan hutsune nabarmena dago», zehaztu du. Izan ere, herritarrek ez dute aukerarik administrazioan euskaraz aritzeko. Goitiaren arabera, euskal hiztunen nahia ez da nahikoa, eta euskararen ofizialtasunik ezaren ondorioak nabarmenak dira erakundeen jardunari dagokienez: «Esango nuke hainbatetan ahaztu edo gutxietsi egiten dela zein garrantzi duen ofizialtasun izaerak. Hemen ez duenez izaera hori, oinarrizko beharretan hutsunea dagoela konturatzen zara. Lan egiteko orduan ez dituzu sostengu horiek, eta, beraz, atea leunago jo behar da hemen; ezin da aterik ireki deitu aurretik».

Kezka adierazi du Goitiak hizkuntzaren egoerak herriko haurrei eragin dien zatiketa dela eta. Izan ere, haur askok Gasteizen ematen dute eguna. «Eskolako orduez gain, arratsaldeak ere Gasteizen egiten dituzte askok, hemengo futbol taldean ez baitute euskaraz jarduteko aukerarik, esaterako. Herriarekiko harremana are gehiago urrundu du horrek, eta bereizketa eragin du tokiko ikasleen eta Gasteizekoen artean. Ekitaldi edo programa komunak antolatzean, zailtasun horrekin egiten dugu topo udalean».

Euskarak 365 egun dioen kartela du Goitiak bulegoaren atean. Beste «keinu» bat, eguneroko harremanetan gaztelera gailentzen den udalean.

Ardura gurasoen gain

Trebiñuko eskola publikoa Gaztela eta Leonen menpe egonik, haurrek ez dute euskaraz sare publikoko ikastetxe batean ikasteko aukerarik. 2003az geroztik, ordea, Haur eta Lehen Hezkuntza itunpeko ikastetxe batek eskaintzen ditu Argantzunen: Agantzo ikastolak. Euskarazko hezkuntza bermatzeko eskaera urteetan egina zuten bertako gurasoek. Egun, ordea, «kolokan» dago. «Ito izan nahi gaituzte», adierazi du Alfredo Angulok. Bost urtean ikastolako lehendakaria izan zen Angulo, eta aitortu du baldintza «gogorrak» ari direla ikastetxean: «Ikastolak 14 urte hauetan dozenaka haur euskaldundu ditu. Oso garrantzitsua da datua, eta aintzat hartu beharrekoa. Baina, baldintzak ez dira onak egun; batez ere, irakasleenak dira larriak».

Gurasoen gain jarri da euskararen alde egiteak dakarren zama guztia, bai hezkuntzari dagokionez, eta baita aisialdiari dagokionez ere. Horren adibide da Txingoka Elkartea. Ikastolako gurasoek sortu zuten aisialdia euskaraz lantzeko. Duela hamar urte ekin zioten, besteak beste, euskal udalekuak antolatzeari. «Urte asko daramatzagu aisialdiko proiektuak lantzen, musu truk; guk nahi dugulako eta beste aukerarik ez dugulako. Gurasoen inplikaziorik gabe, haurrek ez zuketen aisialdian euskaraz aritzeko aukerarik izango», adierazi du Angulok; elkarteko kide ere bada.

Txingoka elkartearen barruan antolatzen dira beste hainbat ekintza ere: kirol jarduerak antolatzen dituzte astean behin gutxienez, eta musika eskola bat ere haien ekimenez jarri zen martxan duela bost urte. Dantza talde bat ere eratu dute aurten. «Zama arintzeko ordua da», dio Angulok. Herriko gazteek erreleboa hartzeko garaia dela uste du: «Gu ere nekatuta gaude. Ez genuen egun batetik bestera dena utzi nahi, baina arrisku hori bazegoen. Zorionez, erreleboa badator». Angulok bi seme ditu, eta haientzat berak izan ez zuena nahi du: Trebiñun euskaraz bizitzeko aukera izatea. «Ez gara mapetan agertzen, ez estatistiketan. Salbuespena gara. Baina Trebiñun ere euskaraz hitz egiten da, eta etorkizuna euskaraz irudikatzen dugun asko bizi gara». Euskarak Trebiñun ere, 24 ordu baititu.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago