Urtarrilaren 8an hasi zenetik, Ainhoa Alberdi abokatuaren testigantza izan da De Miguel auziko saiorik interesgarrienetako bat. Hura da lekuko nagusia, 2009an salaketa jarri zuena, "presioak" jasaten ari zelako, eta salaketa horri esker argitara atera zen 26 pertsona epailearen aurrera eraman dituen ustelkeria kasua —horien artean, EAJren Arabako zenbait buruzagi ohi daude—. Beraz, jakin-min handia zegoen Alberdiren deklarazioaren inguruan. Eta ez du inor zapuzturik utzi: orain arte esandakoa berretsiz, Alberdik azaldu du nola eskatu zioten dirua Arabako Foru Diputazioarekin lortutako kontratu baten truke, eta ustez ustelkeria sarea osatzen zutenen "lasaitasuna" eta "arinkeria" ikusita hura ohiko jarduera zela pentsatu zuela.
2006an, Urbanorma Consulting enpresak kontratu bat sinatu zuen administrazioarekin Miñaoko Parke Teknologikoa (Araba) handitzeko. Garai hartan, Jon Iñaki Etxaburu zen enpresako bazkide nagusia, eta Ainhoa Alberdi ere bazkidea zen, akzio kopuru txikiagoa zuen arren.
Kontratua sinatu zen garaian, zenbait irregulartasun atzeman zituen Alberdik. Hari egokitu zitzaion administrazioari egin beharreko eskaintza prestatzea, eta horretarako beste bi enpresak egindako eskaintzak eskura izan zituen, Urbanormarena haiena baino hobea izango zela bermatu ahal izateko. Gainera, kontratua idatzi behar izan zuenean, Alfredo de Miguelek —garai hartan EAJren Araba Buru Batzarreko kidea zen, eta ez zuen inolako ardurarik parke teknologikoan— kontratuan aldaketa batzuk egiteko aholkatu zion, Alberdik adierazitakoaren arabera, betiere.
Irregulartasunak gorabehera, Alberdik ez zuen salaketarik jarri. Baina, geroago, Urbanorman zuen zatia erosi zion Etxabururi, eta orduan enpresaren jabe bakar bilakatu zen.
2008ko azaroan, bilera batera deitu zion De Miguelek. Orduan, Arabako Foru Aldundiko Tokiko Administrazio diputatu zen De Miguel, eta bilera bere bulego ofizialean egin zuten. Han, Alberdik deklaratu duenez, De Miguelek esan zion Urbanormak lortutako kontratua ez zela "doakoa" eta "ordainlekutik" pasatu behar zuela.
"Lasaitasun osoz"
Epailearen aurrean egin duen deklarazioan, Ainhoa Alberdik esan du "harriturik" gelditu zela hori entzutean, baina ikusita De Miguelek "lasaitasun osoz" hitz egiten zuela kontratua lortzearen truke legez kanpoko komisioa ordaintzeko beharrizanaz, pentsatu zuen jarduera horrek "ohikoa" behar zuela eta "jende gehiagori" ere eskatuko ziotela.
Alberdik Etxabururi deitu zion, jakiteko ea hura enpresako arduradun nagusia izan zen garaian zerbait hitzartu ote zuen ordaindu beharreko komisioaz. Elkarrizketa hori grabatu egin zuen, eta epaiketan aurkeztu du froga gisa. Grabazioan entzuten denaren arabera, Etxaburuk baieztatu zion Alberdiri komisioa ordaintzekotan lotu zela, eta diru hori "ohiko mintzaideei" ordaindu behar zietela, baina kopururik ez zutela zehaztu: "kasu hauetan normala dena", besterik gabe.
Alberdik argitu nahi izan du grabazio horiek egiteko arrazoia ez zela izan inor auzitara eramatea, bere burua "babestea" baizik: "Frogatu nahi nuen nik horretan ez nuela zerikusirik. Susmoa nuen niri egindakoa beste batzuei ere egin zietela, eta, norbaitek salaketa jarriz gero, nik ez nuen akusatuen aldean egon nahi", azaldu du.
De Miguelekin izandako bileran diru kopuru zehatzik aipatu ez zuten arren, handik gutxira mezu elektroniko bat jaso zuen Alberdik, De Miguelek berak aldundian zuen helbide elektroniko ofizialetik igorria —mezu hori ere aurkeztu du Alberdik froga gisa—, eta han afera "ehunekin" konpontzen zela adierazi zion. Alberdik ulertu zuen De Miguel 100.000 euro eskatzen ari zitzaiola.
Julian Sanchez Alegriarengana ere jo zuen Alberdik. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako parke teknologikoen sareko presidentea zen Sanchez Alegria garai hartan, eta gertatutakoa kontatu zion. Fiskaltzak egindako akusazioaren arabera, Sanchez Alegriak ez zuen salaketarik jarri, eta, gainera, De Miguel jakinaren gainean jarri zuen, "zuhurrago" ibil zedin. Horregatik, fiskalak hamazazpi urteko kartzela zigorra eskatzen du harentzat.
Alberdik salatu du afera agerian gelditu zenetik mota guztietako "presioak" eta "mendekuak" pairatu dituela, eta horren ondorioz depresioa eta antsietatea nozitu dituela. Esan duenez, salaketa jarri zuenetik ezinezkoa izan zaio administrazioarekin beste kontratu publikorik lortzea, eta indarrean zegoen beste kontratu bat bertan behera utzi zuten "azalpenik eman gabe".
Bizkaiko politikaria
Alberdik deklaratu du "politikan aritzen den pertsona batek" —Bizkaikoa, antza denez— harengana jo zuela eta "datozen urteetan lehiaketa publikoetara aurkezteko lanik ez hartzeko" aholkatu ziola. Alberdik ez du azaldu nahi izan zein den "politikari" hori, pentsatzen duelako esandakoa "aholkua" izan zela eta ez mehatxua, eta uste duelako nor den azalduz gero "are kaltetuago" suerta daitekeela.
Salatutako mehatxu eta presioak kontuan hartuta, epaileek debekatu egin dute Alberdiren irudirik hartzea, eta epaitegira ohikoa ez den beste ate batetik sartu da, hura babeste aldera.
Oraingoz, fiskalaren galderei baino ez die erantzun Alberdik. Epaiketak gaur zortzi jarraituko du, martxoaren 13an, eta orduan defentsako abokatuen galderei erantzun beharko die