Bi urte dira Gasteizko Euskal Eskola Publikoaren Aldeko Plataforma sortu zenetik. Sorreran salatu zuten migratzaileen seme-alabak eta gizarte egoera ahuleko familietakoak eskola publikoan matrikulatuta zeudela, nagusiki. Bada, bi urtean egoera konpondu beharrean "finkatu eta enkistatu" egin dela hausnartu dute.
2017-2018ko ikasturteko matrikulazio datuen arabera, Gasteizen atzerriko herritartasuna duten 2.980 haur daude matrikulatuta Haur eta Lehen Hezkuntzan: horietatik 2.754 sare publikoan daude, eta 226, itunpeko sarean. Zortzi eskola publikotan, ikasleen erdiak baino gehiago jaio dira atzerrian. Itunpeko sarean, berriz, ikastetxe bakar batean dira %10 baino gehiago.
Gasteizko Euskal Eskola Publikoaren Aldeko Plataformak "segregazio" hori salatu du. "Familia pobreetako haurrak bakarrik beste familia pobreetako haurrekin erlazionatzera kondenatzen dituen gizarte bat eraikitzen ari gara". Eskolak gizarte kohesioa sustatzeko tresna izatera itzuli behar duela gaineratu du.
Horretarako, Eusko Jaurlaritzari eskatu dio onartzeko "arazo larria" dagoela, eta konponbidea jar diezaiola "segituan". Egun HHn eta LHn gertatzen den egoera DBHra eta Batxilergora pasatuko dela ohartarazi dute. Halaber, "egitasmo elitista eta diskriminatzaileen" finantzaketa publikoa amai dadin galdegin diote.
Gogorarazi dute Gasteizko ikastetxe guztiek finantzaketa publikoa dutela; hots, ez dago ikastetxe pribaturik. Beraz, diru publikoa jasotzen duten heinean, plataformaren iritziz administrazioak eskatu behar die ikastetxeei "dagokien gizarte erantzukizuna" bete dezatela.