Beste bi lagun sartu dira euskaltzain osoen multzoan. Azken hilabeteetan hutsik egon dira bi aulki, Joan Mari Torrealdai eta Patxi Uribarren euskaltzain emeritu bihurtu baitira.
Miriam Urkia Donostian jaio zen, 1965ean. Euskal Filologian doktorea da. Lexikografian, corpusgintzan, morfologia konputazionalean eta hizkuntza-teknologietan dihardu lanean. UZEIko langilea da 1983tik, eta Lexikografia Saileko zuzendaria da. Euskaltzaindian, Hiztegi Batuko lantaldeko kide 1999tik, eta Euskaltzaindiaren Hiztegiaren arduradun 2013tik. Euskaltzaindiaren Gipuzkoako ordezkaria da. Torrealdairen lekua hartuko du.
Roberto Gonzalez de Viñaspre Bilbon jaio zen, 1961ean. Araban bizi da gaztetatik, Trebiñun. Euskal Filologian lizentziaduna da, eta Eusko Jaurlaritzako funtzionarioa, Hizkuntza Normalkuntzaren alorrean. Euskaltzain urgazle izendatu zuten 2015ean, eta Euskaltzaindiaren Arabako ordezkaria da. Onomastika Batzordearen buru da 2018ko urtarriletik. Arabako toponimia historikoa landu du gehien. Uribarrenen lekua hartuko du.
Hirugarren hautagai bat ere bazen euskaltzain oso egiteko: Karmele Jaio idazlea.
Ia ehun urteko ibilbidean lehen aldiz, ez da elizgizonik egongo euskaltzain osoen artean.