Bukatu zaio Espainiako Kopa Baskoniarentzat, bai behintzat aurtengoz. Gasteizko taldeak 94-90 galdu du Bartzelonaren aurka final-laurdenetan, eta kopatik kanporatua izan da. Baskoniak partida txarra jokatu du, eta hala ere eskura izan du garaipena, berdinduta iritsi baita azken minutura. Azken txanpa oso estua izan da, berdinketa askokoa, baina azken minutuan Baskoniak bi huts kateatu ditu: Voigtmannek galduriko baloia eta Beauboisen jaurtiketa txarra. Bien bitartean Bartzelonak jaurtiketa libreak sartu ditu, eta, hala ere, Baskoniak partida berdintzeko aukera izan du hamazazpi segundo falta zirenean (93-90), baina Voigtmannen jaurtiketa ez da sartu.
Baskonia nahi eta ezin aritu da Kanaria Handian. Partida osoa egin du atzetik, eta hirugarren zein laugarren laurdenean adore kolpeei esker berdintzea lortu duenean, Bartzelonak berriz ere egin dio ihes. Kataluniako taldeak bospasei aldiz izan du zazpi puntu inguruko tartea, eta Baskoniak guztietan harrapatu du, baina inoiz ez pasa. Horren eredu, partidako azkena, bukatzeko bost minutu falta zirenean- Bartzelonak zazpi puntuko aldea zuen (81-74, 35, min.), eta handik bi minutura Baskoniak berdindu egin zuen (82-82, 37. min.). Behetik gorako bidea egin du Baskoniak, eta azken laurdenean Beuboisek eta Xengeliak hartu dute ardura. Haiek biak izan dira saskiratzaile nagusiak, baina euren ekina ez da nahikoa izan. Beauboisek 22 puntu sartu ditu eta Xengeliak 30.
Baskoniak bizkarrekoa hartu du, ilusioz lepo joan baita Kanaria Handira eta 1.200 zaleen babesarekin. Partida amaieran erabaki da, baina arazo larriena aurretik ikusi da: antolatzaileen ezina. Ez Grangerrek ezta Huertasek ere ez dute taldea zuzentzen asmatu, eta taldekideek euren ezina nabaritu dute. Postu horretan gehiago izan da Bartzelona. Azken laurdenean Vildoza gaztea kantxaratu du Pedro Martinezek, eta harekin jokatu ditu minutu beroak. Bide batez, nabarmentzekoa Vildozak lan txukuna egin duela.
Lehen bi laurdenei buruz, erasoak defentsak baino gehiago izan dira (52-47). Puntu asko sartu dituzte bi taldeek, benetako kanporaketa, eta defendatzeko garaian, hirugarren laurdenean hasiko balitz bezala.