Gorrentzako hizkuntza naturala keinu hizkuntza izan arren, entzuleei arrotza egiten zaiela dio Ainitze Laskurainek (Bergara, Gipuzkoa, 1983). Gaur, 19:00etan, keinu hizkuntza guztiengana gerturatuko du, Hitz Adina Mintzo zikloan.
Munduan zenbat hiztun ditu keinu hizkuntzak?
Munduan, 360 milioi gor inguru daude. Horietatik 70 milioi inguruk dakite keinu hizkuntzaren bat, baina, guztira, hiztun gehiago izango gara. Gorrak izan gabe keinu hizkuntzaren bat dakigunak ere bagaude.
Beraz, keinu hizkuntza desberdinak daude.
Keinu hizkuntza desberdin asko daude. Normalean, herrialdeko keinu hizkuntza bat edo bi egoten dira. Espainiako Estatuan, esaterako, bi keinu hizkuntza dira ofizial.
Zer dela-eta ez dago keinu hizkuntza bateratu bat?
Hizkuntzak beharren arabera sortzen dira. Espainian keinu hizkuntza katalana eta espainiarra daude.
Euskarak ez du keinu hizkuntzarik?
Ez da egokia euskarak keinu hizkuntza duen edo ez esatea. Keinu hizkuntzek harremana izaten dute inguruko ahozko hizkuntzekin, baina ez dira haien barruan sortzen. Adibidez, Hego Amerika guztian gaztelaniaz hitz egiten dute, baina herrialde bakoitzak bere keinu hizkuntza du.
Keinu hizkuntzak badu arautegirik?
Hizkuntza batek izan behar dituen ezaugarri guztiak ditu. Ez da mimika, ez da antzerkia; hizkuntza bat da, eta hala dago onartua.
Zer estatus du keinu hizkuntzak?
Espainiako Estatuan 2007tik da hizkuntza ofiziala. Baina, oraindik ere, nahiz eta legeak hala jaso, errealitatean ez zaio ematen behar duen lekua. Pixkanaka pauso txikiak ematen ari gara, baina hamar urte pasatu dira, eta oraindik ere lan asko dago egiteko.
Arreta guneak keinuen hizkuntzan artatzeko prest daude?
Gabezia handiak daude. Txalotu behar dira inguruan egiten diren ahalegin txikiak, baina ez dira nahikoak. Inondik inora. Gasteizko Udalak edo Osakidetzak antolatu izan dituzte langileentzako formakuntza saioak, baina motzak izaten dira. Segidarik izaten ez dutenez, erdizka gelditzen dira, eta ahaztu egiten da azkenerako.
Gaur egun non ikas daiteke keinu hizkuntza?
Gorren elkarteetan irakasten dugu keinu hizkuntza. Horrez gain, interpretazioaren inguruko goi mailako ziklo bat zegoen unibertsitatean, orain gutxira arte. Orain, bitartekaritza ziklo bat bihurtu da.
Eskoletan keinu hizkuntza irakatsi beharko litzatekeela uste duzu?
Hizkuntza ofiziala den heinean eta gure gizartean keinu hizkuntza darabilten pertsonak egonda, denok jakin beharko genuke keinu hizkuntza. Hala, guztiok izango genuke edozein egoeratan eta edozein pertsonarekin komunikatzeko eskubidea eta aukera.
Nolakoa da ikaste prozesua?
Edozein hizkuntza ikasteko prozesu bera da, baina kanala aldatzen da: ahozkoa izan beharrean, ikusmenaren eta keinuen bidez. Horregatik, arreta handiagoa eskatzen du, belarriak beti daudelako zabalik, baina begiak nahita bideratu behar dituzu keinuetara. Oroimen bisuala ere asko lantzen da. Agian, hori da gehien kostatzen dena, ez gaudelako horretara ohituta.
Gizakiak estimu berezia izaten dio norbere hizkuntzari. Gor-mutuek ere berea sentitzen dute keinu hizkuntza?
Asko dira gor sentitzen direnak eta identitate horrekin harro daudenak. Beren hizkuntza oso estimu handitan daukate horiek, eta asko maite dute keinu hizkuntza. Normaltasunaren alde lan handia egiten dute.