Estrasburgora jotzeko asmoa agertu du Martxoak 3 elkarteak

Erabiltzailearen aurpegia Berria 2018ko urt. 16a, 10:01

Espainiako Auzitegi Konstituzionalak ez ditu tramiterako onartu Udalaren eta Batzar Nagusien babes helegiteak.

Espainiako Auzitegi Konstituzionalak beste behin baztertu du 1976ko martxoaren 3an Gasteizen izan ziren hilketak ikertzeko eskaera. Auzia artxibatzearen kontra helegiteak aurkeztu zituzten Arabako Batzar Nagusiek eta Gasteizko Udalak, baina auzitegiak ez ditu tramiterako onartu eskaera horiek. Espainiako auzibidea amaituta, Martxoak 3 elkarteak jakinarazi du Giza Eskubideen Europako Auzitegira jotzeko aukera aztertzen ari dela, eta Arabako erakunde nagusiekin batera egin nahi duela.

Konstituzionalak ontzat jo ditu Arabako Probintzia Auzitegiak auzia artxibatzeko iaz emandako argudioak: alegia, Francoren diktaduraren garaiko hilketak ezin direla genozidio edo gizateriaren aurkako krimen gisa ikertu, garai hartako Zigor Kodean ez zegoelako delitu hori jasota eta, horrenbestez, preskribatuta daudelako. Elkartea kexu agertu da erabakiarekin, eta azpimarratu du lanean jarraituko duela Espainiako auzitegiek nazioarteko zuzenbidearen araberako epaiak ebatzi arte: "Zoritxarrez, beste behin baieztatu dugu Espainiako Estatuak ez duela borondaterik horretarako".

1976ko martxoaren 3an, greba egun batez, Poliziak bost pertsona hil zituen eta 150 inguru zauritu, Gasteizko Zaramaga auzoko elizaren barruan batzar bat egiten ari ziren langileei oldartuta.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago