Bi gasteiztar hil dira Mutrikun, olatu batek uretara botata

Erabiltzailearen aurpegia Garikoitz Goikoetxea 2018ko urt. 4a, 09:34

Bikotea olatuei begira zegoen itsasbazterrean, lekukoek azaldu dutenez. Pertsona bat saiatu da haiek uretatik ateratzen, baina ez du lortu.

Bi lagun hil ziren atzo arratsaldean Mutrikun (Gipuzkoa), Ondarbeltz hondartzako kai mutur zaharrean, olatu batek uretara botata. Alerta laranja ezarria zuten atzo arratsaldean, olatu handiak zirelako, eta itsasora ez gerturatzeko deia ere egina zuten. Lekukoek azaldu dutenez, bikotea kai muturrean zegoen, olatu handiei begira, eta horietako batek bota zituen. Kai muturra jo zuen olatuak, indarrean, eta uretara jausi ziren. Lekuko bat saiatu zen haiek uretatik ateratzen, baina ezin izan zuen. Gasteizen bizi ziren biak, eta 67 eta 65 urte zeuzkaten.

Arratsaldean gertatu zen ezbeharra, 16:45ean, Mutrikun, Ondarbeltz hondartzaren inguruan, hango kai mutur zaharrean. Debako herrigunetik gertu dago eremu hori; errioak egiten du Debaren eta Mutrikuren arteko muga. Hain justu, hasieran zabaldu zuten Deban gertatu zela istripua, eta ondoren zuzendu zuten hori.

Olatu handiak izan ziren atzo kostaldean, eta, ohi denez, jendea joan zen haiek ikustera eta argazkiak ateratzera, nahiz eta erakundeek deia egina zuten itsasora ez gerturatzeko. Lekuko batzuek azaldu dutenez, olatu kolpe baten ondorioz uretara jausi ziren biak.

Hondartzan bazebilen jendea garai horretan, eta saiatu ziren bikotea uretatik ateratzen. Izatez, lagun bat uretara ere sartu zen. Larrialdietako zerbitzuei abisu eman zieten, eta han joan ziren Ertzaintza, suhiltzaileak eta itsas salbamenduko zerbitzuak. Jausitako gizonaren gorpua olatuek eurek bultzatu zuten hondartzaraino, eta emakumearena suhiltzaileek atera zuten itsasertzetik. Laguntzera jauzi egindako herritarra, berriz, bere kabuz irten zen.

Alerta laranja ezarrita

Olatu handiak izango zirela eta, abisua emana zuten erakundeek. Itsasgorarekin batera arriskua areagotu egingo zelakoan, arratsalderako zuten emana, hain justu, abisu berezia —17:40an izan zen itsasgora—. Mutrikuko alkate Jose Angel Lizardik esan du bikotearen «ausarkeriak» eragin zuela ezbeharra. Azaldu du kai muturraren «bazterreraino» joan zirela andrea eta gizona. Bidea ez zegoen itxita, alkatearen hitzetan, ez baita "paseo lekua".

Herritarrei dei berezia egin zieten itsasbazterretara ez sartzeko; Donostian, adibidez, itxi egin zituzten Pasealeku Berria eta Haizearen Orrazia; Miarritzen eta Donibane Lohizunen, itxi egin zituzten hondartzak, eta neurriak hartu zituzten itsasertzean. Iragarpenaren arabera, arriskua txikiagoa izango da gaurtik aurrera.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide