Gaur eguerdian kaleratu du epaia Maria Teresa Trinidad Santos epaileak. Akusazioek eskatu zuten gisara, ibilgailu elektrikoa sustatu zuen elkartearen, Afyapaidaren, porrota okertzea egotzi die elkarteko buruzagiei: Jesus Etxabe enpresaburua, Iñigo Antia EAJko zinegotzi ohia, Jose Luis Bengoetxea Jolben bitxi saltokiko jabea, eta Fernando Atxaerandio higiezin sektoreko sustatzailea. Salatuta zeuden enpresen artean soilik Circuito del Norte zigortu du, akusatuei lotutako sozietatea.
Errudun jo dituen arren, epaileak ez ditu onartu fiskaltzaren eta estatuko abokatuaren eskaerak. Bi akusazio horiek Hiriko sustatzeko jaso zituzten dirulaguntza guztiak bueltatzea exijitu zuten. Epailea, aldiz, administrazio konkurtsalaren tesiarekin bat egin du, eta administratzaileek egindako kalkuluan oinarritu du kalte ekonomikoa eta bueltatu beharreko dirua. 535.000 euro dira, hain zuzen ere, Afypaidak Epsilonen auto-lasterketerako ibilgailu bat erosteko gastatu zuten dirua.
Ia hemeretzi milioi euro irentsi zituen proiektuak laguntza publikoetan. Diru gehiena Espainiako Gobernuak eman zuen, PSOEren eta EAJren arteko aurrekontu akordioei jarraituz.