Ligako zazpi partida eta Kopako bat, hori da Gianni de Biasik (Sarmede, Italia, 1956) Alavesen egin duen bidea. Irailaren 25ean iritsi zen Gasteizera Luis Zubeldia ordezkatzeko, eta bi hilabete eta bost egun bakarrik egin ditu karguan. Alaveseko zuzendaritzak haren kontratua eten du, eta ordezko bila ari da. Behin-behinean, Javier Zubeldiak entrenatuko du taldea.
Larunbatean, Eibarren aurka galdu ondoren, Mendizorrotzan zabalduriko zurrumurrua astelehenean baieztatu da. De Biasik ez du jarraituko. Gasteizko taldea salbaziotik zortzi puntura dago ligan. De Biasik zortzi partida zuzendu ditu, eta hiru irabazi ditu, ligako bi eta Kopako bat. Estatistika txarra da, eta Alavesek azken bi partidetan emaniko irudi kaskarrak erabakia bizkortu du.