Euskal irudigileen "erakusleiho" izateko sortu dute Irudika topaketa

Erabiltzailearen aurpegia Edurne Begiristain 2017ko aza. 10a, 13:00

Irudia: Irudika

Nazioarteko ilustrazio topaketa profesionala egingo dute ostiralean eta larunbatean, Artiumen.

Euskal Herriko irudigileentzat "erakusleiho" bat izateko asmoz jaio da Irudika. Irudigintzaren sektorea profesionalizatu eta nazioartean bidea egiteko sortu da Ilustrazioaren Topaketa Profesionala. Gasteizen egingo da hurrengo ostiralean eta larunbatean, Artium Arte Garaikidearen Euskal Zentro Museoan. Lehenengoa da aurtengoa. Baina ez du azkena izan nahi. Nazioarteko azoka izateko helburuarekin jaio baita topaketa. Ilustrazioaren inguruan "dinamika oso bat" landu nahi dute sustatzaileek, horrek emango diolako sektoreari "indarra eta bultzada".

Euskal Herrian bada ilustratzaileen "harrobi" bat. Asko eta asko dira arte diziplina horren aldeko apustua egiten dutenak. Eta "talentu" horri guztiari sostengua emateko ordua iritsi da. Irudikak alea jarri nahi du irudigileen ekarpena "nazioartekotzeko", Joxean Muñoz Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordeak topaketen aurkezpenean azaldu duenez. Izan ere, nazioartean lan egitea "ikasi" egin behar da, eta pauso hori emateko lanabesa izan nahi du topaketak.

Jardunaldiek aukera hori emango diete Euskal Herriko sortzaileei, nazioarteko irudigileekin "parez pare" jarrita, eta euren lana profesionalizatzeko eta hobetzeko osagaiak eskura emanez. Izan ere, profesionalei etengabeko prestakuntza espezializatua eman nahi zaie, hemengo zein nazioarteko adituen bidez. Hala, irudigileek argitaratzaileekin eta profesionalekin elkartzeko aukera izango dute euren portfolioa hobetu ahal izateko eta lan hitzarmenak egiteko.

Publizitate enpresak, argitaletxeak, diseinu grafikorako estudioak, arte grafikoetako enpresak, zinema ekoizleak.... Sektore asko elikatzen dira irudigintzatik, eta esparru horietako profesionalekin hitzorduak eta elkarrizketa profesionalak lantzeko aukera izango dute ilustratzaileek asteburu honetan.

Mahai inguruak eta tailerrak

"Irudigintza ikusarazteko leiho baten premia genuen, urtetan ikusezin izan baikara", azaldu du Elisabeth Perez Euskadiko Euskal Irudigileak elkarteko lehendakariak. Haren esanetan, irudigintza lanbide bilakatu nahi dutenentzat ezinbesteko tresna izango da topaketa. Besteak beste, eztabaida eta gogoetarako aukera emango dielako. Ilustrazio, komiki eta animazio munduan erreferentzia diren pertsona ezagunak gonbidatu dituzte jardunaldietara, eta haiekin eztabaidak eta mahai inguruak egingo dira. Isidro Ferrer, Mikel Casa, Elena Odriozola, Pablo Amargo eta Mikel Valverde ilustratzaileek, Media Vaca, Barbara Fiore, Nordicalibros eta Penguin Random House argitaletxeetako eta Jot Down Magazine aldizkariko ordezkariek parte hartuko dute.

Mahai inguru eta solasaldiak ez ezik, bost tailer "sekretu" ere emango ditu Irudikak, profesionalei esker praktikak elkarrekin trukatzeko. Horrez gain, sorkuntzari laguntzeko asmoz, irudigintza eta animazio arloetan bi lehiaketa antolatu dituzte. Irabazleek mila euroko saria, eta Gasteiz, Bilbo eta Angulema arteko hiru hilabeteko egoitza artistiko bana eskuratuko dituzte.

Topaketa Gasteizen egitea ez da kasualitatea. Hiria ez dute nolanahi aukeratu. Irudiarekin harreman estua du Arabako hiriburuak, mugimendu handia egon baita beti arte adierazpen horren inguruan, nahiz eta erakundeek ez duten behar beste lagundu. Horregatik, urteetan "gaixorik" egon den sorkuntza industriari bultzada berria eman, eta hura "indartu" nahi dute orain, Nerea Melgosa Gasteizko Udaleko Enplegu zinegotziak azaldu duenez. "Sortzaileentzat ekosistema bat sortu eta irudigileen esparrua ahaldundu nahi dugu".

125 lagunentzako tokia dute topaketetan, eta jada 110 lagunek emana dute izena.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago