Adituen arabera, XIX. mende hasierako margolaririk aipagarrienetariko bat da Ignacio Diaz Olano (Gasteiz, 1860-1937). Nahiz eta lan jakin batzuk aski ezagunak diren, beste margolan asko familia, lagun eta zaleen babesean egon dira gorderik. Gaur arte, ordea, ateak zabaldu berri baititu Arabako Arte Ederren Museoak artistari eskaini dion erakusketak. Errealitaterako grina izenburupean, datorren urteko martxoaren 11ra bitarte egongo da ikusgai, Gasteizko museoan.
"Diaz Olanori buruzko azken erakusketa 2001. urtean egin zen, eta guretzat garrantzitsua da belaunaldi gazteenek ere Diaz Olanoren lana ezagutu eta gozatzeko aukera izatea", azaldu du Igone Martinez de Lunak, Arabako Euskara, Kultura eta Kirol Saileko foru diputatuak. Arabako Arte Ederren Museoan Diaz Olanori buruzko erakusketa iraunkor bat egon arren, eta Bilboko Arte Ederren Museoan zein Madrilgo Prado museoan haren lan batzuk ikusgai badaude ere Sonata eta Agosto, erakusketa gutxi eskaini zaizkio margolari gasteiztarrari: "Hil zenetik, hiru erakusketa izan ditu soilik, eta horietako bat, pribatua. Haren heriotzaren 80. urteurrenean merezi zuen horrelako omenaldi bat", nabarmendu du Santiago Arcedianok, erakusketako komisarioak.
Hala, erakusketa handia prestatu dute museoan, Diaz Olano omentzeko. Denera, 43 margolan daude. Erakusketa iraunkorra zabaldu dute, bildumagile partikularren hainbat lan gehituz. Horiez gain, beste hamar marrazki ere badaude ikusgai: "Argia eta koloreak maisutasun handiz erabiltzen zituen, baina horren atzean marrak eta zirriborroak daude. Hori ere erakutsi nahi izan dugu, bisitariak prozesu guztia ikus dezan", gaineratu du Sara Gonzalez de Aspuru Arte Ederren Museoko teknikari arduradunak.
Erakusketa osatzeko ekarritako koadroak jabego pribatukoak dira nagusiki. Arte Ederren Museoak bi urteko ikerketa lana egin du margolanak nork zituen jakin eta museora ekarri ahal izateko. "Gehiago ekarri nahi genituen, baina ale batzuk atzerrian daude, eta ezinezkoa egin zaigu Gasteizera ekartzea", esan du Arcedianok. Gainera, jabego pribatuko lanak izanik, asko eta asko sekula bistan jarri gabeak dira. "Lanik ezagunenak eta gehien ikusitakoak baztertzen saiatu gara, Diaz Olanoren beste aurpegi batzuk ere, gordeagoak agian, publikoari erakusteko", gaineratu du komisarioak.
Horiek horrela, nagusiki erretratuz dago osatua erakusgai dagoen bilduma. Diaz Olanok paisaiak, natura hilak (loreak, loreontziak, fruituak, izadi hilak...), biluziak, erlijiozko lanak eta muralak ere margotu zituen. Hala ere, antolatzaileek potretari eman diote garrantzia oraingoan, "gizakiaren irudikapenari, gehien bat emakumezkoarenari, betiere joera kostunbrista batez landua eta etxeko giroan edo landa eremuetan ageri dela", zehaztu du Martinez de Lunak.
Egunerokotasuna da Diaz Olanoren ezaugarrietako bat. Ez zuen fantasiazko mundu bat margotzen, lurtarra, herrikoia baizik. Horrexegatik erakusketaren izenburua: Errealitaterako grina. Besteak beste, bertan lehendabizikoz ikusi ahal dira Amarik gabe eta Arropak tenkatzen koadroak. Txitei jana ematen eta arropa eskegitzen ari dira emakumeak margolan horietan, landa eremuaren eta egunerokotasunaren erakusgarri.
Ahaztutako maisua
Estiloak estilo, gasteiztarraren beste ezaugarri garrantzitsuenetariko bat kolorea eta argia dira. Diaz Olanoren koadro denak oso argitsuak direla azaldu du Arcedianok, hein handi batean erabiltzen zituen koloreen bizitasunagatik. Ez direla bereziki kolore indartsuak, baina osotasunean lana asko argitzen eta alaitzen dutela.
Gainera, koloreen erabilera horrek errealismo kutsu handiagoa ematen die lanei, komisarioaren hitzetan. Azaldu zuenez, margolanak ez dira soilik errealistak edozein herritarren egunerokotasuna jasotzen dutelako, artistak konposizioari emandako itxura ere oso errealista zelako baizik.
Adituek hitz politak besterik ez dituzte Diaz Olanorentzat. "Maisua" zela azpimarratu du Gonzalez de Aspuruk, bai pintzelarekin zuen trebeziagatik eta bai margolari askoren irakasle izan zelako: Adrian Aldekoa, Felix eta Tomas Alfaro Fournier, Fernando de Amarica, Teodoro Dublang, Jose Luis Gonzalo Bilbao, Juan Bautista de Ibarrondo, Mauro Ortiz de Urbina eta Aurelio Vera Fajardo aipatu daitezke, besteak beste, ikasleen artean.
Artistak Emilio Soubrier Martinezekin ikasi zuen, eta "gaztetatik nabaritzen zitzaion talentua", Arcedianoren hitzetan. Halere, Gasteizen ikasketak amaitzean kanpora joan zen bere ibilbidea garatzen jarraitzeko; lehenik, Bartzelonara, eta, ondoren, Paris eta Italiara. Erroman bizi izan zen urteek eragin handia izan zuten bere lanetan, heldutasun piktoriko handia lortu baitzuen.
"Lehen margolari modernoa dela esaten da. Gasteiz hiriaren modernizazioarekin batera hazi zen, eta horrek asko eragin zion", azaldu du Arcedianok.
Diaz Olanoren heriotzaren 80. urteurrenean, bere lanez gozatzeko aukera du bisitariak. Europan zehar ikasi zuen margolariak kolorearen eta argiaren erabilera kontrolatzen, lanak errealismoz eta kostrunbrismoz janzten, eta Gasteizko gazteei erakutsi zien gero bere teknika. Eta, oraindik ere, askorentzat irakasle da.