Dimisioa eman du Mari Cruz Polaina Ahal Dugu-ko batzarkideak

Erabiltzailearen aurpegia Berria 2017ko urr. 18a, 15:54

Erabakiaren berri eman du gutun eta bideo batean. Herritarrekiko "zintzotasunez" jokatu nahi duelako eta "koherentziagatik" utzi du kargua. 

Arabako Ahal Dugu-ren krisia areagotzen doa. Izan ere, Mari Cruz Polaina Arabako Batzar Nagusietako Ahal Dugu-ko batzarkideak dimisioa eman du. Komunikabideetara igorritako gutun ireki batean eman du erabakiaren berri, eta bideo batean ere kargua uzteko arrazoiak azaldu ditu. Kaletik nator, kalera noa izenburua du Polainak idatzitako gutunak. "Jarraitu ez jarraitu duda etikoaren aurrean, karguari uko egitea erabaki dut. Herritarrei egiten zaien iruzurrean parte hartu nahi ez dudalako, hauteskundeetan egindako promesekiko eta euren botoa eman ziguten herritarrekiko zintzotasunez jokatu nahi dudalako, eta dauzkadan balioei koherentzia zor diedalako", dio. Alderdiaren zuzendaritzari nahiz batzarkide taldearen zuzendaritzari kritika zorrotzak egiten dizkio Polainak. "Hasiera-hasieratik, egitasmo politikoak Araban huts egin zezala zen asmoa, eta EAJri zurikeriaz laguntzea". Egoera horren aurrean, Polainak dio ez duela parte hartuko Ahal Dugu-ren jatorrizko proiektu politikoa ez betetzeko erabakietan, eta ikusita taldekideek arazoari aurre egiteko erakutsi duten "pasibotasuna", dimisioa emateko erabakia hartu duela dio.

Arabako Ahal Dugu-ko barne krisiak iraun duen bitartean baja medikuan egon da Polaina, eta bere eserlekura itzuli denean hartu du kargua uzteko erabakia. Gogoratu egin behar da Ahal Dugu-ko Berme Batzordeak alderditik kanporatu zituela Arabako lau batzarkide kritikoak, maiatzean. Koldo Martin, Daniel Trujillano, Juanjo Celorio eta Javier Bizarro dira alderditik kanporatutakoak. Joan den urteko abenduan, Arabako aurrekontuetan aurka bozkatu zuten Ahal Dugu-k zituen zortzi batzarkideetatik lau horiek, nahiz eta alderdiak abstenitzeko agindu zien. Ondorioz, lau batzarkide horiek kargugabetu eta kanporatu zituen alderdiak eta ordutik talde mistoan daude lau kritikoak. Polainak kritikoen aldeko agiria sinatu zuen.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago