Etxerat ezin joan ilundu artean,
egoten ohi dira zozoen elean
Jean Martin Hiribarren
Bastida Ikastolaren sortzaileetakoa zara. Aita Bizkaitik hona etorria…
Arratiatik etorri zen hura, Zeanuritik. Jon Uriarte Amondarain. Kamioilaria zen, eta sasoi batean Guardian (Araba) egin zuen lan, Palacios upategietan. Handik hona eta hemendik hara zebilela lanean, Bastidan ezagutu zuen gure ama, eta bertara ezkondu. Halaxe sortu ginen gu Bastidan, lau neba-arrebak… Aita gerran ibilitakoa zen, gudariekin. Ez dakit zein batailoitako kide izan zen, preso ere eduki zutela baino. Ezin dizut xehetasunik eman, ez dakidalako, baina aita hil baino lehen baten batzuk joan zitzaizkion etxera, hainbat galdera egin zizkioten, eta haren biografia modukoa osatu zuten. Zer edo zer publikatzekotan ei ziren, baina guk ez genuen berririk izan.
Horrela zuek uriartetarrak Bastidan.
Bai. Ni 1954an jaio nintzen. Haurtzaroko oroitzapen ederrak baino ez dauzkat. Denda genuen herrian, estankoa eta janari-denda. Denetarik saltzen zen bertan, esnea eta lixiba, alpargatak eta aspirinak, olioa eta gatza… Denetarik. Bertan egin nuen lan, ikasketak ere egin nituen arren. Lau neba-arrebetan bigarrena naiz: Jontxu, Amaia, Iñaki eta laurok ginen. Geu ginen Bastidan euskarazko izenak genituen bakarrak. Ez zegoen besterik. Eta, hala ere, errespetuz hartzen gintuzten gu, eta hartzen zituzten gure izenak! Inork ez zigun izenik aldatu. Niri, hasteko, inork ez zidan Maria nintzenik esan. Ez. Jontxu, Mirentxu, Amaia, Iñaki. Horrelakoxeak ziren gure izenak, eta ez zegoen eragozpenik.
Nahiz eta jaiotza-agirietan bestela agertu zuen izenak.
Jakina, hori ez zen libre. Maria Victoria jarri zidaten niri ponteko izena, baina inoiz ez diot izen horri erantzun. Kolegioan nintzela, notak ozen esaten zizkiguten. «Maria Victoria!» hots egiten zuten eta konturatu ere ez nintzen egiten, kasurik ez. «Mirentxu!» hots egiten zuen orduan mojak eta orduan ba. Pentsatzen jarri eta niretzat harrotzeko modukoa da euskarazko izena edukitzea Bastidan garai hartan. Diferentzia markatzen zuen. Eta, horrekin batera, hemen ez zen «aita» ez «ama»-rik, gure gurasoak izan ezik. Gogoratzen naiz, hala ere, gizon batek irri gaizto egin izan zidala inoiz. «'Aita', beraz! Kur, kur…». Harexek, beste inork ez! Udan, bestalde, hainbat euskaldun etortzen ziren Bastidara eta gure aitak euskaraz hitz egiten zuen eurekin. Giroa bestelakoa zen orduan, gureak bezalako izenak zekartzaten, eta gure aitak bezala hitz egiten zuten, euskaraz.
Zuek ez zenuten euskaraz ikasi.
Ez. Amak ez zekien, hemen bertakoa da, Bastidakoa, eta aita, berriz, beti ari zen lanean, kamioia hartuta batetik bestera.
Zuen oinordeek euskaraz jakiteko bidea egin zenuten.
Gure lehen alabak bi urte izango zituen… Aita gure etxean zegoen, ohean, sabeletik operatu berritan. Gogoratzen naiz bi gizonezko etorri zirela, ikastolen federaziokoak, inondik ere. Gure aitarekin hitz egin nahi zuten. Baina zuzen ez dakit zergatik jo zuten gure aitarengana. Abertzalea zelako? Herrian zinegotzi izana zelako?... Izen-zerrendaren bat izango zuten, nonbait, fitxategia. Auskalo! Bastidan ikastola irekitzeko asmoa zekarten, aukerarik ba ote zegoen galdezka zetozen. «Ni zahartuta nago lan horretarako, baina Mirentxuk lagunduko dizue, seguru egon!».
Nori esaten zenioten haurraren izena ikastolan emateko?
Denei! Ez genuen bereizketarik egiten. Esan, denei. Etxekonekoari nahiz herrian beste puntakoari, ideologia batekoari nahiz bestekoari, umea ikastolara ekartzeko. Euskaraz ikastea zen helburua. Bazen emakume bat, eskolako maistra, sekulako zalantzak zituena bere alaba nora eraman. Eskolara hasteko eguna heldu zenean, haren etxera joan nintzen, hartu umea eskutik eta «Zu, ikastolara!», esan nion. Uste dut gaurko egunean eskerrak emango lizkidakeela. Orain pentsatzen jarri eta iruditzen zait zuhurtziarik gabe jokatu nuela, ausartegi. Horrelakoxea naiz, beroa.
1979ko irailean abiarazi omen zen Bastida Ikastola.
Baliteke. Gure alaba zaharrena, Aintzane, 1978koa da. Bada, ondoko kurtsoan ikastola abiatzea, bai, posible da. Lehenengo urte hartan zazpi ume izan zirela esaten dute. Herrian ume gehiago ziren, jakina, batzuk eskolara joan ziren, besteak ikastolara, baina oso ondo hasi ginela iruditzen zitzaigun. Bestalde, ume gehiago zetozen ordurako. Nik bigarrena izana nuen, gure lehengusinak ere bai… eta bagenekien gure bigarren umeak ere ikastolara joango zirela; alegia, ikastolak jarraipena izango zuela.
Non ireki zenuten ikastolaren lehen gela?
Udalarekin hitz egin genuen. Zuzenean joan gintzaizkion alkateari, leku eske, eta eskolan bertan utzi ziguten gela bat. Neuk umetan eskolan ibilitako gela bera!... Udaletxean nik ez nuen ikusi inor bekokia belzten zigunik, lekua gogo onez utzi zigutela esango nuke, beheko solairuan, gure haurtxoak eskailerak igotzen ibil ez zitezen.
Gela batean hasi zineten, zazpi ume, andereño bat…
Amaia [Ibaibarriaga] izan genuen lehenengo andereñoa... Ikastolen federazioak bidali zigula esango nuke. Gogoratzen naiz, lehenengo eskola-eguna ikastolan, eta andereñoa etorri ez! Gu beraren zain, baina hura azaldu ez! Nazkatu ginenean, gurasook hartu gure umeak eskutik eta etxera joan ginen! Ezin sinetsi nuen! Andereñoak jakin zuenean, berriz, «Barkatu, barkatu!» esanez hots egin zigun. Iraileko lehen astelehena zen, Olarizu eguna Gasteizen, eta Amaiak Ondarroan jaioa izan!, uste zizun jai zela Arabako lurralde osoan.
Publifikatzeko garaian duda-mudarik ibili zenuten Bastidan, zenbait ikastolatan bezala.
Ikastolak publifikatzeko garaian bai, batzarra egin genuen eskolako eta ikastolako gurasoek, batera. Bi ikastetxeek bat egingo ote genuen ibili ginen, Fernando Buesa Hezkuntza sailburu zela, oker ez banago. Eskolakoek A ereduko ikastetxea nahi zuten. Guk, berriz, D eredukoa nahi genuen. A ereduarekin ez gindoazen urruti Bastidan! Ez ginen ados jarri, eta haiek beren bideari segitu zioten, eta guk geureari, ikastolari. Ez genuela amore eman esan ziguten batzuek, baina nola emango genuen, bada, amore? Ordu arte egindako bidea desegitea zen, ordu arteko borroka bertan behera uztea. Erabakia hartu genuen eta aurrera egin.
Irakurria dut Bastidan ikastola irekitzea Arabako Errioxako beste zenbait herritan irekitzea baino lantegi zailago izan zela…
Lantegi zailagoa? Ez zait, bada, iruditzen! Toki guztietan bezala, Bastidan bazen ikastolaren aldeko jendea, eta ikastolaren alde ez zegoena. Beste zenbait herritan ez zuten bi eskola ereduren arteko aukera egin beharrik izan. Bastidan, guk bai. Eta ikastola aurrera ateratzea lortu genuen. Hori gure alde! Egia da, hala ere, Bastida herri zaila dela zenbait arlotan.
Ikastolak 25 urte bete zituenean omenaldia jaso zenuten sortzaileok…
Eta poz handia egin zidan! Proiektua abiarazi genuenok halako aitortza moduko bat jaso genuen, oso gauza ederra izan zen. Lan bat egin genuen garai batean, ikastola ireki genuenean, eta lan horixe aitortu ziguten.
Zer diozu oraingo ikastolari buruz?
Zoragarri dagoela. Sekulako bidea egin du! Poz handia ematen dit jendeak euskaraz hitz egiten jakiteak, euskaraz pentsatzeak… Gauza handia! Aldiz, pena ematen dit euskaraz dakitenek euskaraz ez hitz egiteak. Alaba biak Bastidan bizi ditut, eta ez dute beren umeekin euskaraz hitz egiten. Hirugarrena, semea, Durangon bizi da, eta primeran, han euskaldunekin bizitzea egokitu baitzaio, eta euskaraz bizi da... Lehengoan, herrian bertan jatetxe batean ni, bi bilobarekin bazkaltzen. Ondoko mahaian, euskaraz ari ziren. Eta bilobetako batek: «A zer gauza arraroa, oporretan daude, eta euskaraz ari dira!». Esan ere nion: «Hitz egingo ez dute, bada, euskaraz! Euskaldunak dira!». Nahiago nuke euskaraz dakitenek euskaraz hitz egingo balute! Aita zenak ere horixe nahiko zukeen, bilobei euskaraz hitz egiten aditu!