Duela sei denboraldi iritsi zen Alavesera Manu Garcia (Gasteiz, 1986). Ordura arte ezagutu gabea zen futbol profesionala, baina, denboraren joanean, taldearekin batera hazi da. Giltzarri izan da orain arte izan dituen entrenatzaileentzat, eta Luis Zubeldiarekin ere garrantzitsu izan nahi du. Hori bai, beti taldearen helburuak aurretik jarriz. Soilik mailari eustean pentsatzen ei dute.
Punturik gabe zaudete lehen bi jardunaldiak jokatuta. Ez da amestutako hasiera izan, ezta?
Bagenekien hasiera ez zela erraza izango. Talde berri bat gara, eta ia hutsetik hasi gara. Ligako geldialdiari esker, denbora gehiago ari gara izaten ondo lan egiteko. Hurrengo partidan itxura hobea eman nahi dugu. Orain lortzen ditugun puntuek konfiantza emango digute gerora, talde gisa sendoagoak garenean.
Zer arrazoi dago liga hasiera txar horren atzean?
Taldea goitik behera aldatu da, eta jokalariok denbora behar dugu elkar ezagutzeko eta entrenatzailearen ideietara egokitzeko. Horrez gain, Lehen Mailaren gogortasuna ere aipatu behar da. Liga Leganesen aurka hasi genuen, Butarqueren zelai gogorrean. Ez genuen partida onik egin, baina aukera izan genuen punturen bat urratzeko. Gero, Bartzelonaren aurka beti da zaila punturen bat eskuratzea. Eraginkortasun handia behar izaten da, eta guk ez genuen halakorik eduki. Bederen, itxura hobea eman genuen.
Egiazki, Bartzelonaren aurka duin aritu zineten. Ia ordubetez eutsi zenuten.
Bai, Leganesen kontra baino itxura hobea eman genuen. Dena den, lehen jardunaldian, Leganesen langara bidali genuen baloi bat azken hamabost minutuetan. Hor partida berdinduz gero, gauzak desberdinak ziratekeen. Gainera, lehen zatian penalti bat huts egin genuen. Maila honetan, xehetasunek erabaki ohi dituzte partidak. Orain behar duguna da ñabardura txiki horiek alde izatea.
Buelta asko eman dizkiozu huts egin zenuen penalti hari?
Ez. Huts egitea eguneroko gauza da kirolean. Amorru handia eman zidan, noski, partida garrantzitsua baitzen. Baina atzean utzi dut jada.
Geldialdira zer-nolako aldartearekin iritsi zarete?
Galtzen duzunean, ez zaude pozik. Puntuak behar ditugu lasaiago lan egiteko. Sentipena daukat hobe egin behar dugula lan, jarraitutasun handiagoarekin. Segida eman nahi diogu orain arte egindakoari, eta konfiantza lortu. Garbi dugu hau hasi besterik ez dela egin. Eta badakigu zein den egin beharreko bidea.
Igande honetan Celtari irabaziz gero ia zalantza guztiak uxatuko zenituzkete.
Etxean talde gogorra da Celta. Erronka berri bat da, eta hor ikusiko da ea bi aste hauetan gure mailak hobera egin duen. Irabazteko intentzioz joango gara.
Etxeko hurrengo bi partidetan Vila-real eta Real Madril izango dituzue aurkari. Egutegi gogorra egokitu zaizue lehen jardunaldietarako.
Edozein talde aipatuta ere, Lehen Mailan partida guztiak dira zailak. Azkenean, denok denon kontra jokatuko dugu, eta egutegiaren ordenak ez luke eraginik izan beharko. Lehia denetan saiatuko gara aurpegia ematen.
Nola ikusten duzu sasoi honetarako osatu den taldea?
Hobetzeko tarte handia du. Kalitatezko jokalariak ditugu, baina oraindik denbora behar dugu multzo trinko bat izateko. Garbi izan behar dugu zer klub garen eta zer egoeratan gauden ligan. Entrenamenduetan dena ematea eta partidetan lehiakor aritzea da bidea. Hori eginez gero, noizbait iritsiko dira emaitzak.
Jokalari oso garrantzitsuak galdu dituzue. Behar bezala ordeztu dira?
Hori denboraldi amaieran jakingo dugu. Atzean gelditu da azken sasoiko taldea. Denboraldi ahaztezina izan zen, baina Alaves ezin da iraganetik bizi. Iraganarekin egiten ditugun konparazioek kalte besterik ez digute egingo. Multzo gisa oso bilakaera ona izan genuen, eta, alde horretatik, iragan sasoia eredu izan daiteke. Ez, ordea, banakakotasun eta emaitza aldetik. Hutsegite handia litzateke. Horregatik, zaleak joan zen sasoiko taldeaz ahaztea nahiko nuke. Tamalez, hutsetik hasi gara, taldea erabat berrituta. Ikusiko da noraino hel gaitezkeen.
Mailari eustea da Alavesen helburu bakarra?
Bestelako helburuak jartzen dituena oso oker dabil. Jakin behar dugu zein den taldearen errealitatea. Sailkapeneko lehen postuetan egoteko asmoa duenak ikuspuntu irreal bat dauka oraintxe bertan.
Abentura berri honetan Luis Zubeldia izango duzue gidari. Nolako entrenatzailea da?
Energia handiko teknikaria da. Prestakuntza handia dauka, eta asko transmititzen digu. Ilusioz etorri da. Uste dut primeran datozela bat klubaren eta entrenatzailearen egoerak. Alavesen ibilbide oparoa izan dezala opa diot.
Oso ezberdina da Mauricio Pellegrinoren aldean?
Ezberdinak dira. Futbola ulertzeko bere modua dauka bakoitzak; entrenatzaile guztiekin gertatzen den moduan. Eguneroko lanean desberdin jarduten dira. Entrenatzaile berriak taldeari zukua ateratzea da guk orain nahi duguna. Futbola ulertzeko eta egunerokotasuna bizitzeko duen modura egokitzen saiatuko gara.
Zubeldia erasokorragoa omen da.
Uste dut entrenatzaileak asko egokitzen direla unean dituzten jokalarietara. Denboraldiko lanak eta errendimenduak esango du zer-nolako jokoa egiten duen Alavesek eta nolako entrenatzailea den Zubeldia.
Denboraldi honetan ere baldintzarik gabeko babesa eskainiko dizuete zaleek. 17.000 bazkideren langa gainditu da.
Beti azpimarratu izan dugu: zaleak funtsezkoak dira guretzat. Pribilegioa da etxeko partidak Mendizorrotzan jokatu ahal izatea, bertan arnasten den giroarekin. Niretzat, etxean jokaturiko partida bakoitza opari bat da. Oso eskertuta gatzaizkie zaleei.
Presioa gehitzen dizue zaleen babes ikaragarri horri behar bezala erantzun behar izateak?
Zure jardunaz gozarazten dizute. Beraz, presiorik ez dugu. Ilusioa eta gozamena baizik. Jokalariak etxeko partidak iristeko irrikaz izaten gara. Ziurrenik, liga honetan aurki daitezkeen zalerik onenak dira. Oso eskuzabalak dira. Esfortzua eta ardura baino ez dizkizute eskatzen. Horretan ezin dezakegu hutsik egin.
Zaleek oso begiko zaituzte. Harreman berezia duzu haiekin.
Uste dut zaleek jokalari guztiak babesten dituztela sutsuki. Taldean denbora gehiago daramagunok badakigu zer gustatzen zaion Alavesen zaleari. Eta jokalari berriek azkar asko ulertzen dute.
Jada sei denboraldi daramatzazu Alavesen. Bada zerbait.
Bilakaera handia izan dut, taldeak bezala. Batera egin dugu bidea. Niretzat ikaragarria izan da Alavesek azken urteetan lortutakoaren parte izatea. Txikitatik jarraitu izan dut Alaves, eta pribilegio handia da halako garai gozoak bertatik bertara bizi ahal izatea.
Bigarren Mailara igo zen taldetik, zu zara Alavesen jarraitzen duen jokalari bakarra. Nola lortu duzu Lehen Mailaraino iristea?
Hemen banago, ulertzen dut maila dudalako izan dela. Urte hauetan hainbat entrenatzaile izan dira, eta denek izan dute konfiantza nigan. Asko jokatu izan dut. Azkenean, errendimendu kontua da. Maila ematen baduzu, eta, gainera, gustura bazaude, ibilbide luzea izan dezakezu klub batean. Baina ez baduzu maila ematen, berehala bilatzen dira pieza berriak. Halakoa da futbola.
2012-13ko sasoira arte Bigarren B Mailan aritu zinen. Orduko hartan amesten zenuen elitera iristearekin?
Zubietatik irten, eta Reala utzi nuenean, ezinezkotzat jotzen nuen Lehen Mailara iritsi ahal izatea. Nire helburua Bigarren Mailan aritzea zen. Hortaz, ezusteko handia izan da hona iristea. Oso eskertua natzaio Alavesi.
Orain, Lehen Mailan zabiltza, eta kapitan gisa, gainera. Nola bizi duzu egoera hori?
Ilusio handiz. Urte askoz egindako esfortzuaren saria da. Hori bai, hainbat adiskide ni bezainbeste ahalegindu dira, eta, maila ona izan arren, ez dira elitera iritsi. Finean, zorte apur bat ere behar duzu une jakin batean. Gakoa da aukera edukitzea eta aukera hori behar bezala baliatzea.
Zein helburu duzu zuk sasoi honetan?
Eguneroko lanean gustura aritzea, ahal den gehien parte hartzea, eta taldeari bere helburuak betetzen laguntzea. Talde lanean zentratzen naiz ni, banakakotasunak alde batera utzita. Lorpen kolektiboek asko betetzen naute. Hala ere, presentzia izan nahi dut, asko jokatu, baina lehen gauza Alaves Lehen Mailan egonkortzea da, hazten jarraitu dezan talde eta instituzio gisa. Hori dago guztiaren gainetik.