Bi gizon atxilotu dituzte Gasteizen, bi neska adingaberi sexu erasoak egitea egotzita.
Igandean, gaueko hamarrak aldera, Ertzaintzak erasoaren berri izan zuen telefono bidez. Partikular batek adierazi zien bi neska zeudela parke batean, sexu erasoak jasan zituztela ziotenak.
Ertzain talde bat parkera bertaratu zen. Emakumeek kontatu zutenaren arabera, erasoak Zaramaga auzoko etxebizitza batean gertatu ziren; bi gizonek gonbidatuta joan ziren bertara.
Salaketan adierazi dutenez, etxera iritsi zirenean, bi gizonak ukituak egiten hasi zitzaizkieten, nahiz eta beraiek ez egiteko esan. Egoera horren aurrean, bi emakumeek etxebizitzatik alde egin zuten.
Biktimak ospitalera eraman zituzten, artatuak izan zitezen. Gauerdia baino lehenago, poliziak bi gizonezkoak identifikatu eta atxilotu egin zituen.